Josu Garaialde. Hazi Fundazioko Sustapen zuzendaria

«Gorazarre egin nahi diegu bertako okinen eskuei»

Eusko Labelek aurkeztu duen produktu berriak Euskal Ogia du izena. Arabako garia du oinarri, eta hartzidura luzearekin egina dago, inolako gehigarririk erabili gabe. Merkaturatu dute jada.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Eman diote azken labealdia ogiari, eta kalitate handikoa izan da emaitza. Izan ere, berriki, beste produktu bat erantsi dute Eusko Labelen janarien zerrendan: Euskal Ogia. Batik bat, Hazi fundazioa arduratu da produktuaren kalitatea bermatuko duten baldintzak ezartzeaz. Fundazioko Sustapen zuzendaria da Josu Garaialde (Ordizia, Gipuzkoa, 1968).

Zer ezaugarri ditu Euskal Ogiak?

Arabako gariarekin egina da, eta horrek egiten du berezi. Gainera, ama orea erabiltzen da ogi hori egiteko, eta luze irauten du hartzidura prozesuak: zortzi ordukoa izan behar du, gutxienez. Horri esker, ez da inolako gehigarririk behar ogia puztu dadin, eta ogiaren garapenaren ziklo naturala errespetatzen da prozesuan.

Ogia modu tradizionalagoan egitea erabaki duzue, beraz.

Bai. Garai batean horrela egiten zen ogia, presarik gabe. Batzuetan, oreak gau osoa ematen zuen hartzitzen. Gero, ordea, industrializazioarekin, prozesua laburtzeari ekin zioten, gehigarrien bidez. Guk erabaki genuen hobe genuela atzerapauso bat eman, nolabait; hau da, betiko moduari heldu nahi izan diogu. Gainera, horrela zera lortu dugu, erakustea prozesuan ez daudela makinak bakarrik; kontua ez dela bakarrik irina ogi bihurtzea. Okinen eskuei gorazarre egin nahi diegu.

Zer garrantzi dute tokian tokiko okinek Euskal Ogiaren ekoizpenean?

Okin bakoitzak bere ukitua emango dio ogiari, Euskal Ogia ez baita izango estandarizatua. Hala ere, denek bete beharko dituzte gutxieneko baldintza batzuk. Esaterako, badakigu okin gehienek beren salmenta gunean bertan egiten dituztela azkeneko labealdiak, nahiz eta aurretik prestatuta eduki ogia. Kasu honetan, ezarri dugu ogi horiek gehienez hamabost egunez egon daitezkeela izoztuta. Hala, freskotasuna ere bermatuko dugu.

Nolakoa izan da ogia Eusko Label produktuen zerrendan sartzeko prozesua?

Normalean, produktu bat Eusko Label izendatzeko garaian, ekoizpen sektoreak egin ohi dio eskaera Eusko Jaurlaritzari. Kasu honetan, ordea, eskaria ez dute egin garia ekoizten duten nekazariek, baizik eta okinek. Euskadiko Okinen Federazioak eskatu zigun aukera aztertzeko. Guri iruditu zitzaigun ez zeukala zentzurik ogia babesteak aurretik ez bagenuen lehengaiaren kalitatea ziurtatzen, hau da, gariarena. Horregatik, berez, Arabako gariak du Labela, eta gari horrekin egindako ogiak aukera du ikurra erabiltzeko.

Kalitate handikoa da Arabako garia?

Garia betidanik landu da Araban. Izatez, 25.000 hektarea inguru daude horretara bideratuta lurraldean, baina, oro har, gari hori ez da erabili ogia egiteko. Arabako zonalde batzuetan ekoizten den garia kalitate handikoa da, eguzkiak gehien jotzen duen lurretakoa, bereziki. Horietan zentratu gara, eta batez ere garia ekoizteko moduari erreparatu diogu. Euskal Ogia egitera bideratutako gariak derrigorrez egon behar du ekoizpen sistema integratuarekin landuta.

Zer dakar horrek?

Finean, nekazariei eskatzen diegu laboreak modu jasangarriagoan egiteko; hau da, legeak berak eskatzen duena baino gehiago erreparatzen diegu alderdi batzuei. Adibidez, nekazariei eskatzen zaie soroen bazterretako landaredia errespetatzeko, ongarri gutxiago erabiltzeko, lurra gutxiago goldatzeko... Horrek ez du eragin zuzenik gariaren kalitatean, baina bai gariaren ekoizpenak ingurumenean duen inpaktuan.

Nola helarazi dizkiezue eskakizun horiek nekazariei?

Garlan Kooperatibaren bitartez izan gara harremanetan haiekin, batez ere. Kooperatiba horretan daude bilduta Arabako nekazari gehienak. Gainera, bertako teknikoak bidelagun izan ditugu gariaren inguruko azterketak egiteko orduan ere.

Hazi Fundazioak du Eusko Label produktuak aztertzeko ardura. Nola egiten duzue lan?

Sail berezi bat dago produktuen kontrola eta egiaztapena egiteko. Bertako langileak arduratuko dira ikuskatzeaz nekazariek betetzen ote dituzten ezarritako arauak, aztertzeaz irin lantegian egiten den lana... Gainera, okinek jakinarazi beharko dute non saltzen duten Euskal Ogia, eta ikuskatze puntualak egingo ditugu horietan.

Zer asmo duzue Euskal Ogia merkaturatzeko?

Oraingoz, Gasteizen, Donostian eta Bilbon erosi ahal da soilik, baina, pixkanaka, gero eta toki gehiagotan egongo da salgai. Datorren urterako ehun bat salmenta gunetan izango da.

Zer mugaren barrenean salduko da produktua?

Merkaturatzeak ez du mugarik; ekoizteak, ordea, bai. Erkidegoan ekoitziko dugu beti.

Asmoa duzue nazioartera zabaltzeko?

Ogia ez da oso ondo bidaiatzen duen gauza horietako bat. Normalean, ogiak ezaugarri oso konkretuak izaten ditu toki bakoitzean, eta jendeak bertakoa izaten du maiteen. Hori horrela, esango nuke produktua ez dagoela eginda kanpoko merkatuei begira, barne merkatuari so baizik.

Zer neurritan lehiatu ahalko da merkatuko gainerako ogiekin?

Merkatuaren %10ek egin dezake salto marka batetik bestera. Gure asmoa da gaur egun ogiari garrantzirik ematen ez dion jendea kontziente izatea jan dezakeela zerbait hobea, goxoagoa eta jasangarriagoa. Gainera, aldi berean, honek balioko du nekazariek eta okinek egindako esfortzua baloratzeko.

Gero eta produktu gehiagok dute Eusko Label izendapena. Zeren isla da hori?

Jendeak gero eta gehiago erreparatzen die jaten dituen produktuei, eta eskertzen du norbaitek bermatzea kalitatezko gauzak ari dela kontsumitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.