Aitziber Garmendia aktoreak transexualitatearen inguruko bakarrizketa bat egin zuen joan den ostiralean ETB1eko Barre librea umore saioan, Gorane pertsonaia erabilita. Neska txiki bat da Gorane, eta gelakide baten prozesua aipatu zuen: Martina zen lehen, eta Martin da orain. Bakarrizketaren bideoa birala egin da Interneteko sare sozialetan: 300.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu egunotan. Instagramen, gaztelaniazko azpidatziekin zabaldu duten bideoak 160.000 ikustaldi inguru izan ditu, eta azpidatzirik gabekoak, 137.000; Twitterren, 38.000 ikustaldi; Facebooken, bideoak 21.600 erreprodukzio izan ditu —644 aldiz partekatu da—; eta Tiktoken, 13.000 baino gehiago.
"Jaiotzen garenetik erakusten diguzue printze urdinak eta printzesa arroxak izaten, eta askotan ez zarete konturatzen kolorezko pertsonak garela."#BarreLibrea@AitziGarmendia@naizen_elkarteapic.twitter.com/QGkOngC4Hj
— Barre librea (@BarreLibrea) February 4, 2021
Barre librea-k hautaketa prozesua jarri du martxan herritarren artean: gaur gauean Uxue Alberdi Iturbe 19 urteko gazteak egingo du debuta.