Barik txartela balidatu du Josu Aranzetak, etaBilboko Abandoko Indalecio Prieto geltokian jaitsi da Zornotzatik Bilbora doan autobusetik. Ermitas Guzman Gorabide elkarteko boluntarioa zain dauka geltokian bertan. Harekin egingo du Abandoko metro nasarako bidea. Gorabideko taldea han elkartzekoa da txangoari ekiteko.
Gorabide irabazi-asmorik gabeko Bizkaiko elkarte bat da, adimen desgaitasuna dutenei eta haien senideei edo haien tutoretza daukaten pertsonei edo erakundeei laguntzeko sortua, haien bizi kalitatea hobetu eta haien eskubideak defendatzeko asmoz. Elkartearen jarduera osoa mugiarazten duen xedea adimen desgaitasuna dutenen berezko eskubideak babestea da, gizarteko kideak diren heinean.
Udan, astebeteko egonaldiak antolatzen dituzte eguneko irteerez gain. Uztailean eta abuztuan, adimen desgaitasuna duten 181 pertsonak eta 72 boluntariok parte hartzen dute programan, 24 taldetan.
Talde horietako bat da Aranzetak berak, Ivan Cobok, Jose Miguel Hernandezek, Mari Carmen Indurainek, Julian Morok eta Itziar Zaratek osatzen dutena, Jon Salinero, Naroa Garcia, Daniel Gomez eta Ermitas Guzmanen laguntzarekin. Abuztuaren 3tik 14ra egon dira elkarrekin, eta irteerak egin dituzte astearte, ostegun eta larunbatero.
Athleticen Museoan izan dira, Kobetas garagardotegian bazkaldu aurretik; Bakion, Txakolinaren Museoa bisitatu dute; Guggenheim museoa bisitatu eta Zubiarten bazkaldu dute; Hegaluze itsasontzian, Bermeon egun-pasa ibili dira, eta Algorta ere ezagutu dute, bisita antzeztu baten bidez.
Lehengo astean, Santurtziko portutik Getxora eta Portugaletera joan ziren, itsasontziz.
Kabiezesera joateko metroari sei minutuz itxaron, eta bi multzotan eseri da taldea. COVID-19aren izurriagatik, prebentziorako protokoloaren ataletako bat da hori. Hiru erabiltzaile eta bi begiraleko bi talde osatzen dituzte. Aulki gorrietan eser daitezen eskatu die Guzmanek.
Bigarren urtea du koordinatzaile lanetan. Irakaslea da ofizioz, eta abuztuko bi aste «erreserbatu» ohi ditu, «oso gustura», Gorabiden aritzeko: «Oporren antzeko jarduerak eskaintzen ditugu, eta horrek gozagarri egiten du proiektua. Ni bi aukeretan aritua naiz, bai eguneko ekintzetan eta baita astebeteko egonaldietan ere. Asko igartzen da diferentzia; biak dira oso politak». Talde horretan erabiltzaile eta boluntarioen arteko adin aldea bereziki «nabarmena» dela adierazi du, baina azaldu du horrek ez diola egiten kalterik talde dinamikari: «Ez gara begirale soilak. Haiekin batera egiten ditugu ekintzak. Oso autoritarioa ez izatea da onena. Haiek autonomia dute, eta hori sustatzen saiatzen gara. Argi dute zer gustatzen zaien eta zer ez».
Santurtziko metrotik itsasontzia hartzeko moilarako bidean, parke bat dago. Sargori dago, eta Morok «eskertu» du geldialdia, eseri eta ura edateko. Barkua 11:45ean da heltzekoa, eta hamar minutu lehenago moilan egotea «komeni» dela esan dio Gomezek. Kaian badirela bankuak.
Kapitaina atera irten da. Hidrogel txorrotada bana eman die eskuetan, eta banan-banan sartu dira. Ontziak popa eta branka estalkirik gabe ditu, brisaz gozatzeko. Erdialdean, leihoak irekita dituen gela bat dago: hiruna mahai ditu alde bakoitzean. Bi mahaitan eseri dira. Moro azkar-azkar altxatu da, eta brankara joan da argazkiak egitera: «Asko gustatzen zait argazkiak egitea, gero etxean erakusteko zertan ibili naizen».
Bost minututan heldu da barkua Arriluzeko kaira. Ereagarantz abiatu dira orduan.
Igeretxe hotelaren ondoan, izozkiak saltzen dituen furgoneta bat dago. Zaratek botila bat ur erosi du, eta banku batean eseri da. Guzman harekin gelditu da; taldeak, gogotsu dagoenez, aurrerantz jarraitu du.
Zarate Loiun bizi da, «bakarrik», ahizparen etxetik gertu: «Ni oso autonomoa naizenez, kapaz naiz etxeko lanak nire kabuz egiteko eta baita dirua kudeatzeko ere. Egarri naiz, eta ura nahi dudalako erosi dut botila, inori baimenik eskatu beharrik gabe». Normalean, taldekide bakoitzak txangoaren hasieran bost euro jarri ohi ditu, bazkalosteko kafea eta izozkia erosteko. Zaratek zorroan darama bere dirua.
Lantegi Batuak-en lanean
Morok eta Zaratek elkarrekin lan egiten dute. Makinen munduan aritzen dira, eta pozik daude, lana «katean» egiten dutelako. Lantegi Batuak-en dihardute denek, bakoitzak etxetik hurbilen daukan egoitzan. Hernandezek torlojuen eta azkoinen artean igarotzen du astea; Aranzetak ganibetak zorrozten ditu, eta Indurainek treneko bagoien elektrizitate sistemarako piezak muntatzen ditu.
Indurainentzat, «oporrak» dira abuztuko bi aste hauek: «Ia hiru hamarkada daramatzat Gorabiden, eta oso ondo pasatzen dut. Lanean baimena eskatu dut irailera arte ez bueltatzeko, eta, hala, aprobetxa dezaket irteerak egin eta astebeteko egonaldira joateko». Ahizparekin bizi da, Lezaman. Casper izeneko txakur bat du, «mamua» bezala, «askotan ezkutatzen» delako.
Telefonoa atera du argazki bat erakusteko, eta liskar txiki bat izan da Zaratek ikusi duenean, lehenago hari debekatuta diotelako.
Zarate lekuz aldatu da gainontzekoak heltzean. Ereaga hondartzari begira zegoen lehen, eta bizkarrez orain. Haren tokia hartu dute Aranzetak, Morok eta Hernandezek. Azken horrek ur botila hartu du gerriko poltsatik, eta edateko Athleticen maskara kendu du: «Ni gaztetan Athleticeko jokalari izandakoa naiz». Aranzetak eta Morok ez diote sinetsi.
Gomezek galdetu dio ea aurrelari edo atzelari gisa aritu zen jokatzen. «Ni beti atezain», erantzun dio barrezka Hernandezek. Begirale ikastarorako praktikak egiteko baliatu dute Gorabideko lana Gomezek, Salinerok eta Garciak: «Oso aberasgarria da, eta, bi egunean behin elkartzen garenez, ez dago nekerako betarik. Egunaren arabera, baina ez da gogorra».
Eguerdia igaro da, eta Getxoko kirol portuan erreserbatu dute bazkaltzeko lekua, garagardotegi batean. Ordu erdi falta denez, Arriluzeko itsasargira abiatu dira.
Bidean astearen errepasoa eginez, Aranzetak esan du Athleticen Museoa gustatu zaiola gehien. Moroni txakolinarena, Bakion. Induraini ere gustatu zitzaion arren, penaz hartu zuen txakolina ez probatu izana: «Muztioa eman ziguten, eta ez da gauza bera!», adierazi du bi besoak behera jaitsiz. Eskumakoa eskumuturrekoz josia dauka. Berak egiten ditu, eskuz: «Gomatxo txikiak lotuz egiten dira. Eskuko hatz erakuslean eta luzean sartzen duzu bat gurutzatuta, eta gero bi normal. Gorantz pasatuz joan eta kate bat osatu arte segitu behar da. Oso erraza da».
Garagardotegira heldu direnean mahaia prest zegoenez jada, ura zerbitzatzea besterik ez zaie geratu.
Bazkaltzen amaitu dutenean, kaferako diru bilketa egin eta bana eskatu dute. 15:00etan Portugaleterako itsasontzia hartzera irten dira, eta trankil-trankil egin dute bidaia, bozgorailuetatik Abrari buruzkoak entzunez.
Eguzkiaz kexu dira, baina ez dituzte konbentzitu begiraleak, eta, beraz, Portugaleten trenera joan dira zuzenean, gerizpean eseri ordez.
Bilbora heldu eta tren geltokitik ibairainoko tartea da oinez egin beharko duten azkena. Gorabidek Pio Baroja plazan du egoitza, eta, senideak bila etorri baino lehen, izozki bana hartu dute sobran duten diruarekin.
Nekea eta izerdia aurpegitik ezabatu ezinik, izozkiaren hotzarekin amaitu dute eguna.
Gorako bidean lagungarri
Gorabide adimen desgaitasuna dutenei eta haien ingurukoei laguntza emateko Bizkaiko elkartea da. Haien bizi kalitatea hobetzea eta haien eskubideak defendatzea du helburu. Uztailean eta abuztuan, astebeteko egonaldiak eta eguneko txangoak antolatzen dituzte, opor gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu