Gorakada baten misterioa

Denbora gutxian sekulako arrakasta izan du Huntza taldeak, 'Aldapan gora' abestiarekin: bost hilabeteko epean, milioitik gora bisita Youtuben, lehen diskoa eta kontzertu ugari. Internet eta sare sozialak plaza garrantzitsuak dira; irratiak ere jarraitzen du entzute handiko kantak ematen.

Zea Maysen Negua joan da ta abestiaren bideokliparen irudi bat. BERRIA.
Maite Alustiza.
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Presta zaitezte: hurrengo hilabeteetan burutik kendu ezinik ibiliko zareten kantua aurkeztera noa». Ostiral arratsaldea zela gogoan du Joseina Etxeberria irrati esatariak, lehen aldiz Gaztea irratian Huntza taldearen Aldapan gora abestia jarri zuenean. Baita asmatu ere: «Bizi honetan ez zaizu askotan gertatzen, baina, gertatzen zaizunean, gerta daitekeen gauzarik onena da». Kantua estreinatu eta gutxira sareratu zuten abestiaren bideoklipa, iazko azaro hasieran: 1,5 milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu ordutik. Eta katean etorri zen gainerakoa: taldearen lehen diskoa, Ertzetatik, gehien saldutakoen artean egon zen Durangoko Azokan, eta betea dute ia asteburu oroko agenda; guztia, hein handi batean, abesti bati esker. Baina, zerk egiten du kanta bat arrakastatsu? «Zorionez», ez da asmatzen hain erraza, Etxeberriaren arabera: «Oraindik inork ez dakien sekreturen bat badago hor».

Musika munduan,«%90 inguru» deskubrituta daukatela dio Etxeberriak; norberak bere entzule-irakurleak ezagutzen ditu, eta horretan lanean dihardutenek gutxi gorabeherako zantzu batzuk badituzte, nondik nora jotzeko. Arrakastaren giltza, ordea, gainerako %10ean dagoela uste du Etxeberriak: «Huntzaren kasuan, kantua begiratuta esaten duzu: 'zer dauka honek beste hainbat abestik ez daukatenik?' Lehen entzunalditik bazuen zerbait kantuak, baina zer... hortxe dago misterioa». Eta eskerrak oraindik misteriorik dagoen: «%100 izango bagenu, hau ziurrenik jasanezina izango litzateke».

Edonola ere, taldeak jakin du %10 horretan asmatzen: «Ziurrenik, beraiek ere ez dakite non dagoen gakoa, baina asmatu dute». Ez dakite, ez. Aitor Huizi Huntzako biolin jotzaileak dioenez, zorteak zerikusia izan du: «Loteria bat izan da. Asmatu dugu jendeari gustatzen zaion kanta bat egiten. Zer daukan? Ez dakit». Ihintza Orbegozo musika kritikariak baditu buruan arrakastan lagundu izan dezaketen osagai batzuk: «Garrantzitsuena freskura dela uste dut; jende gaztea da, haize berria ekarri du, musika alaia eta dantzagarria».

Huizik dioenez, taldekideentzat «sekulako sorpresa» izan da. Udan hainbat erromeriatan ibili ondoren, bildutako diruarekin disko bat ateratzea erabaki zuten, kantuak ingurukoei erakusteko: «Pentsatzen genuen diskoa ezagunentzat egitea, eta trikiti mundukoei saltzea. Baina, bat-batean, kanta oso ezaguna egin zen». Irratian ematen hasi zirenean nabaritu zuten lehen kolpea: «Lagunek idazten ziguten esanez entzun gintuztela. Horren arrakasta ikusita, bideoklipa grabatu genuen, eta hori grabatzearekin batera hasi ginen sare sozialetan-eta mugitzen. Komunikabideetan izan genuen inpaktua izan zen sumatu genuen lehen aldaketa».

Bi urteko bidea

Abestia eta taldea iaz egin ziren ezagun, baina Huntzak bi urteko bidea zeraman ordurako. 2014an, Bilbon ikasten zebiltzala, hasi ziren elkartzen sei gipuzkoar: Aitor Huizi, Josune Arakistain, Uxue Amonarriz, Aitzol Eskisabel, Inhar Eskisabel eta Peru Altube. Bi urteko tarte horretan, «elkarri neurria hartzen» jardun zuten, estilo aldetik definitzen, talde bezala kohesioa bilatzen. «Askotan, kantak sortzeko Josunek [trikitilariak] ekartzen du bere ideia; melodia batekin dator, eta trikitiarekin egindako melodia horiek egokitu behar ditugu gure musika tresnetara». Iazko martxoan egin zuten kanpora begirako lehen lana: «Ikusi genuen prest geundela, eta martxoaren 8rako Harro gaude kanta atera genuen». Abesti horrekin, oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omendu nahi dituzte.

Huntzaren «aurkezpen karta» bihurtu da Aldapan gora, jendea hortik iristen da haiengana, baina taldea ezagutuz doazenen artean badira gustuko beste hainbat ere: Harro gaude bera, Iñundik iñoare eta Gaztetxeak bizirik, adibidez. «Hori guk ere eskertzen dugu». Orain, badaukate nahikoa plaza euren lana erakusteko,«kontzertuz goraino» baitaude: «2017rako badaukagu materiala; diskoa saldu diogu jendeari, entzun du, eta orain zuzenean defendatu behar dugu». Larunbatean, esaterako, Bartzelonan joko dute, Korrika Egunaren barruan, Egurra ta Kitto eta Skasti taldeekin (20:00etan, Can Batllon).

Mauka Musikagintza etxearekin atera du Huntzak bere lehen diskoa. Ekoizpen etxe txiki edo handi bat izateak, indartsu edo hasiberri bat izateak, zerikusia ote du arrakastan? Galderari beste galdera ikur batekin erantzun dio Etxeberriak: «Gerta daiteke diskoa atera duen talde bat konpainia indartsu batekin egotea eta diskoa hedabide guztietara bidaltzea. Sartzen badigute toki guztietatik, kantu hori agian gera liteke gure garunetan eta gure bihotzean... baina hori ere ez da segurua». Berdin gerta daiteke beste modura: konpainia xume batek kanta bat aurkeztu, eta sekulako arrakasta izan.

Musika estiloari dagokionez, trikitia izatea «anekdotikoa» dela uste du Etxeberriak, arrakastaz hitz egiterakoan: «Egongo da trikiti mundua gustatzen zaion jendea taldeari aukera bat eman diona, baina ez nuke esango hor bakarrik dagoenik talde honen arrakasta». Orbegozoren arabera, estiloena boladaka doa: «Ziklikoa da; garai batean izan ziren Alaitz eta Maider, Gozategi; gero Betagarri, Skalariak, Kaotiko... Orain Huntzak trikitia berreskuratu du, Maider hasi da bakarka... [Alaitz eta Maider bikoteko pandero jotzailea]».

Bideoak ez du irratia «hil»

Zenbakitan, aldatu egin dira arrakastaren neurgailuak: duela urte batzuk, diskoen salmenta zen adierazleetako bat; orain, berriz, bideoen bisitak hartzen dira aintzat, besteak beste. Internetek eta sare sozialek presentzia handia izan arren, irratiak bereari eusten dio oraindik. Etxeberriak gogoan du 1980ko hamarkadan, MTV sortu zenean, musika telebista katean jarri zuten lehen bideoa: Buggles taldearen Video Killed the Radio Star (Bideoak hil zuen irrati izarra). «Telebista oso medio inportantea izan zen; denok pentsatzen genuen ahalguztiduna zela eta hura botako zuenik ez zela etorriko». Baina Interneten etorrerarekin, sare sozialekin eta hainbat aplikaziorekin, telebistak «sekulako kolpea» hartu du: «Erabat burumakur dago; aldiz, irratiak oraindik eusten dio bere xarma horri». Bat dator Orbegozo: «Gaztearen moduko irrati formulak asko entzuten dira gazteen artean, segituan zabaltzen dira abestiak, eta, Huntzaren kasuan, batik bat, haur eta gaztetxoen artean gertatu da».

Irratian musika jartzerakoan, hala ere, aldatu da jarduna Etxeberria lanean hasi zenetik hona. Gaur egun, norbaitek musika entzun nahi badu, irratia ez ezik beste hainbat bide ere badauzka, eta ez hori bakarrik: Spotify eta Youtuberen moduko plataformek talde estilo baten araberako proposamenak egiten dituzte. «Metalzalea bazara, ez duzu garai batean bezala irratia entzuten egon behar zure musika metal taldearen abestiaren zain, tartean beste ez dakit zenbat kanta entzunda». Halaxe ezagutu zuen, Londrestik, Huntzaren Aldapan gora Orbegozoren lagun batek: «Euskal kantuekin zebilela, zerrenda bat iradoki zion plataformak, eta Huntzaren hura zer ote zen galdetu zigun guri».

Kontsumo bide berrien aurrean, beraz, irratian geratzen zaien «txoko bakarrenetako bat lurralde komuna» dela dio Etxeberriak. «Pertsona bat musikara iristen denean sekulako itsasoa dauka aurrean; hainbeste gauza dauzkazu, askotan ez dakizula nondik joan behar duzun ere. Irrati batek eman dezake hor zantzu bat gainontzeko herrialdeetan, lekuetan, jendea zer entzuten ari den. Hor badaukagu tartea».

«Inor gutxik» ezagutzen zuen garaian iritsi zen Huntza Etxeberriaren eskuetara: «Taldearekin lanean zebilen teknikoak demo bat bidali zidan; kantua bukatu gabe zegoen, baina entzun eta berehala esan nion atera egin behar genuela». Urte batzuk lehenago, «antzeko zerbait» gertatu zitzaion Mikel Urdangarinen abesti batekin. «Haren lehen diskoak [Haitzetan, 1997] izan zuen arrakasta, baina txikiagoa, eta bat-batean Badira hiru aste abestia iritsi zen nire eskuetara. Sekulakoa izan zen hura ere». Irratian orduak eta orduak bete dituzten abesti eta talde gehiago buruan ditu: EH Sukarra, Negu Gorriak, Sorotan Bele, Maixa eta Ixiar, Berri Txarrak, Zea Mays, Pi L.T., Latzenen Laztana... «Kasu hauetako batzuk geuk sortuak izan dira, guk lagundu izan dugu hauek aurrera eramaten; beste batzuetan, berriz, guri etorri zaizkigu. Kantuak berak dakar halako indarra, guk ere ez daukagula beste aukerarik».

Negua joan zenekoa

Huntzarenarekin batera, Youtuben 2016an ikustaldi gehien izan dituzten beste euskal abestietako bat Go!azenen Euskararen txantxangorria izan da: 1,1 milioi bisita baino gehiago ditu. Atzera eginez, Zea Maysen Negua joan da ta kantaren bideoklipak ere izan zuen oihartzuna. Arrakasta hori, ordea, ez zen besterik gabe Youtuben sortu. Huntzaren abestiarekin ez bezala, kantua oso ezaguna zen keinuen hizkuntza darabilen bideoklipa sarean zintzilikatu zutenerako: 2010eko urrian aurkeztu zuten abestia, eta 2011ko martxoan bideoklipa.

Denbora tarte horretan, irratian entzuten zen, kirol saioetan, leku publikoetan, kontzertuetan... Sarean, EITBren atarian estreinatu zuten —Eitb.com garai hartan—, eta webgunea sortu zenetik ordura arte gehien ikusitako bideoen artean egon zen; Youtuben sareratzean, are gehiago zabaldu zen: egun, 2,3 milioi bisita ditu taldearen promozioa daraman Promomusikaren bideoklipak, eta 3 milioira iristen da atarian dauden gainerako bideoak kontuan hartuta. Promomusikak emandako datuen arabera, ekoiztetxeentzat ere garrantzitsua bilakatu da Youtube: diru iturri bihurtu da, Google Partners programaren bidez. Neurri txikian bada ere, salmenta fisikoak izan duen jaitsiera orekatzeko balio diezaieke.

Bideokliparen arrakasta iristerako, dena den, Zea Mays taldeak ibilbide luze samarra egina zuen talde bezala: hamahiru urte eta bost disko kalean. Bideoak izandako oihartzunak lagundu die; arrakasta, ordea, ez die hark ekarri. Kuriosoki, Negua joan da ta ez da kontzertuetan arrakasta gehien daukan abestia, baizik eta Kukutza.

Behin eta berriro kanta berdina. Edonon, edonoiz. Gustatu arren, horrenbeste entzutearen poderioz nekatzeko arriskua egon ohi da. Etxeberriaren arabera, ordea, halako kantu arrakastatsuek badute zerbait oso polita: «Lehendabizi maitatu egiten dituzu, gero iristen zara pixkatxo bat gorrotatzera, baina denborarekin ukatze hori desagertuz joaten da, eta geratzen da on haren oroitzapena, garai bateko oroitzapenak...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.