Lagunek esaten didate begiak txir-txir jartzen zaizkidala mendien zerrenda bat ikusten dudan bakoitzean. Egia da: gehienbat, Rikardo Hernaniren Los techos del mundo (Pyrenaica, 208, 117-125) ikuskatzen dudanean, munduko estatuetako puntu gorenak biltzen dituen zerrenda.
60 urte bete nituenean, erpin horietako hamabi nituen igota (Mont Blanc, Kilimanjaro, Coma Pedrosa, Teide, Olinpo, Tubkal, Kinabalu, Bukit Timah, Dufourspitze, Triglav, Musala eta Pico). Eta pentsatu nuen helburu ederra izan zitekeela hogeira heltzea gehiegi zahartu eta ezindu aurretik. Hala, bi urtean beste sei eginda (Vulcão do Fogo, Hallasan, Sněžka, Rysy, Gerlachovský štít eta Korab), bi baino ez nituen falta...
Bai, lagunek uste dute gaixoa dudala kontu horrekin, eta neu ere halaxe dela pentsatzen hasia naiz; izan ere, aurtengo uztailerako Dubrovnikera joateko hegaldia hartuta, Kroaziako itsasalde zoragarriaz gozatzeko aitzakiarekin Dinara (1.831 m) Kroaziako puntu gorena igotzeko nahian, irauli egin nituen planak, ikusirik Montenegrora joanda erraz igo nintzakeela bai Montenegroko erpina, baita Bosnia-Herzegovinakoa ere, eta iruditu zitzaidan hunkigarria ere izango zela zerrendako hemeretzigarrena eta hogeigarrena Itzirekin igotzea eta neure buruari botatako erronkatxoa berarekin betetzea. Eta horrelaxe bihurtu zen Kroaziako bidaia izan behar zuena Montenegroko bidaia!
Maglic, 2.386 m (2024-07-12)
Goizeko seietan abiatu gara gorantz, beroaren beldur, gaua Maglic ostatuan pasatuta.
Atzo iluntzean heldu ginen, goiza Adriatikoan bainatzen pasatu eta gero, Montenegro iparraldeko bazter galdu honetara, Plužine udalerriko Mratinje komunitatera, non, noranahi begiratuta, kareharrizko mendiak ikusten diren.
Zravko eta Maya dira gure anfitrioiak, guztiz atseginak. Afaria eman ziguten atzo, eta esnea, opilak eta hestebeteak gaur geure kabuz gosaltzeko, herrixka honetan ez dago-eta non erosi; zero kilometroko janaria, berbertakoa. Eta ilundian, ustekabe galanta: zuhaixka batean, ipurtargi saldoa! Zirrararen zirraraz, malko bat isuri zitzaidan begi ertzetik behera, urteak pasatu baitira azkenak ikusi nituenetik, non eta Malaysian. Umezaroan, berriz, uda guztietan zen ipurtargi festa gure herrian, Arrigorriagan. Nora demontre joan ziren denak?
Mendiko marka atean bertan daukagu, eta gogoz ekin diogu bideari. Gutxi gorabehera, mila metroko altueran gaude. Seguru nago arratsaldeko lauretarako bueltan egongo garela, nahiz eta Zravkok ohartarazi hamabi ordu behar ditugula joan-etorriko 21 kilometroak eta 1.700 metroko desnibel metatua egiteko.
Aldatsa dago, basoan gora. Dena da pagoa 1.500 metrora heldu arte; gero, urriak izaten hasten dira arbolak. Ezkerretara biratu, eta altuera apur bat galtzen da. Harrizko ibai bat zeharkatu, eta haren ezkerreko bidexka batean goaz gora berriro; martxa onean, baina ura aurreratzen, zer gerta ere (4,5 litro urekin hasi gara). Bidea bikain markatuta dago, eta halako batean izvor irakurri dugu harri handi baten gainean pintatuta: iturria! Zoritxarrez, siku dago uztail honetan.
Hurrengo zatian zenbait gorabehera daude, eta apur bat deserosoa da bidea, baina esan liteke denbora gehienean ondo definitutako bidexka dagoela eta traba handirik gabe egiten dela gora. 2.100 metroan, oso ustekabe atsegina: botatzen ari da ura iturria, zurrusta fin batean, eta hotz-hotzik dago! Egarria hiltzeko primeran!
Apur bat geroago, bikain hidratatuta behingoz, lepo batera heldu gara. Bertatik Trnovačko jezero-a ikusten da, Interneten hainbestetan ikusi dudan bihotz formako lakua. Paseo erraza geratzen zaigu Crnogorski Maglic (2.388 m) tontorreraino, izenak dioen bezala oraindik Montenegron. Orduantxe ikusi dugu lehenengoz Bosanski Maglic, gure helburua, eta nola galdu behar ditugun 50 metro bien arteko lepora heltzeko. Lepoan dago Montenegro eta Bosnia arteko muga, eta bertan aurkitu ditugu eguneko lehen gizakiak: Austriako senar-emazteak dira, eta Bosnia aldetik igo dira (750 metroko desnibela baino ez dago, baina 4x4 bat behar duzu abiapuntura heltzeko).
Harrian gora jo horma erraz batean eskuak ipinita, eta tontorra! Mugarri moduko zerbait dago, eta bandera metaliko bat, biak Jugoslaviaren koloreekin: urdina, zuria eta gorria. Uste izan dut hunkitu egingo nintzela, baina oraingoan Itziri egokitu zaio emozioz betetzea, Bosnian dagoela jakiteak oroitzapen bihotz ukigarriak ekarri baitizkio gogora, 1991-1995eko Jugoslaviako gerretan sortutako bosniar errefuxiatuen kanpamentu batean boluntario ibili zenekoak, Kroazia aldean.
Azkenean, 4 ordu 15 minutu baino ez dira izan igotzeko; beraz, ez dugu presarik jaisteko: argazkiak eta bideo panoramiko bat atera, beste mendi batzuk kokatzen saiatu, austriarrekin mintzatu, mokadutxo bat jan...
«Harrian gora jo horma erraz batean eskuak ipinita, eta tontorra! Mugarri moduko zerbait dago, eta bandera metaliko bat, biak Jugoslaviaren koloreekin: urdina, zuria eta gorria. Uste izan dut hunkitu egingo nintzela, baina oraingoan Itziri egokitu zaio emozioz betetzea»
Beherantz joateko ordua heldu zaigu. Berriz pasatu dugu muga eta Montenegroko Maglic igo. Beste lau lagunekin gurutzatu gara aldats behera hastean, egun guztian ikusiko ditugun azken mendizaleekin. Trnovač lakura doan bidera heltzean, beste geldialditxo bat egin dugu argazkiak egiteko. Handik lasterrera, iturri salbagarrira heldu gara berriro, eta bertan jan ditugu hestebeteekin egindako bokatak, lasai-lasai. Esne mamitan, baina pagadiko gerizpera heltzeko ametsetan, tipi-tapa ekin diogu bideari.
1.700 metroko altueran, buruan hurrengo planak nola bete darabilkidala, krak! Min oihu lazgarria bota dut, eskuineko orkatilan zaintiratua sentitzean, eta perone muskulua urratzean. Segituan hartu diot usainik txarrena: ezin izango dut Bobotov Kuk igo, ezin izango dut Zla Kolata igo, ezin izango dut hogeigarren erpina Itzirekin igo... Txakur ametsa izan da dena!
Amama Eustakiarekin akordatu naiz, zaintiratuak sendatzen zituen-eta etxean. Zain belarraren bila joateko agintzen zidan, erreka bazterrera edo Patxiren baserriko ortura. Zain belar hura zartaginean frijitu-edo, eta bere letaniarekin hasten zen: «Zan tiretu, zan urrutu, zana bere lekuen sartu». Hiperrazionalista izan nahi dut, baina une honetan edozein sorginkeria onartuko nuke orkatila sendatzearren.
«1.700 metroko altueran, buruan hurrengo planak nola bete darabikildala, krak! Min oihu lazgarria bota dut, eskuineko orkatilan zaintiratua sentitzean, eta perone muskulua urratzean. Segituan hartu diot usainik txarrena»
Lasaitzen saiatu da Itzi, beste batzuetan ere mirariz bezala sendatu naizela gogoraraziz, eta putz ere egin dit aurpegira kopetako lainoak desegin nahian. Badaki arra beteko uretan ito egiten naizela batzuetan, eta susmoa du ez dela hainbesterako izango. Bere makila pasatu dit, geratzen zaigun 700 metroko desnibela ahalik eta seguruen jaitsi dezadan, zati askotan harri koskor txikiz beteta baitago aldatsa. Eta tirriki-tarraka, etsia hartuta ni, heldu gara gure etxetxora... lauretan!
Zravkok azpil bat bete du ur hotzarekin, orkatilako hantura gutxitzeko, eta gero pattar botila huts bat ekarri oina atzera-aurrera ibiltzeko haren gainean. Ea hurrengo egunetan nola doan...
Bobotov Kuk, 2.523 m (2024-07-15)
Durmitor parke nazional ikusgarrian gaude, Žabljak herri turistikoan. 13an heldu ginen, Maglic ingurutik. Honainoko bideak, autoz, errebueltari errebuelta, merezi du benetan. Niretzat, paradisua bezalakoa da, eta hemen geratuko nintzateke mendirik mendi ibiltzeko, orkatila ondo baneuka.
Arratsaldean, Crno jezero-ra (laku beltza) joan ginen kilometro batzuk egitearren, eta berotik ihesi bainatzera. Hurrengo egunean, adrenalina gutxiko raftinga egin genuen Tara arroilan, eta ibaiaren ur garden izoztuetan bainatu ere bai. Beraz, Maglic jaistean min hartu eta gero berna behartu gabe bi egun lasai eman ondoren, heldu da Bobotov Kuk igotzeko eguna.
Montenegroar jatorriko gure lagun Ivicak idatzi zion Itziri, iazko udan, hemengo mendirik altuena igo zuela alabatxoarekin, Bobotov Kuk. «Nola Bobotov Kuk? —nik—. Zla Kolata apur bat altuagoa da!». Kontua da montenegroarrek Bobotov Kuk jotzen dutela beren herrialdeko erpintzat, eta ez Albaniako mugako Zla Kolata; ez da harritzekoa, ordea, benetan bikaina baita Bobotov Kuk, eta askoz prominenteagoa. Baina gorde nuen ideia betiko: entzutetsuena izanik, igo behar nuen inoiz. Gaur ote?
Žabljaketik bertatik igo daiteke, baina biderik laburrena aukeratu dugu, Sedlo mendatetik abiatzen dena. 07:00etan heldu gara, arazorik gabe aparkatzearren. Aurretik, gutxi gorabehera 1.000 metroko desnibel metatua dugu, eta 11 kilometro joan-etorrian. Esan digute mendizale trebatuek ibilaldia erraz egin dezaketela bost orduan, baina zortzi orduan eginez gero ere pozik egongo nintzatekeela esan diot Itziri, ikusirik orkatila ez dagoela sendatuta. Ez gaude eta ez gara egongo bakarrik: poloniar jubilatuen talde handi bat ari da prestatzen mendirako, eta beste mendizale asko ikusiko ditugu gora eta behera.
Hasiera erraza da, ibilbide gehienetan bezala. Ez naiz inoiz ibili horren erne, ea non-nola zapaltzen dudan. Orpoz orpo jarraitzen dit Itzik, aingeru guardakoa balitz bezala.
Paisaia ikusgarria da, batez ere Zupci mendiaren azpitik pasatzean. Bi jaitsieraren ondoren, Zeleni vir-era (iturri berdea) heldu gara, eta berriz sentitu dut mina txarto zapaltzean. Ea ibuprofenoak... Hemendik 500 metro igo behar dira 1,5 kilometroan, eta konturatu gabe joan gara altuera hartzen.
Tontorrera gutxi falta dela, bertikaltasuna handitzen doa nabarmen, eta zenbait paso zirgekin ekipatuta daude.
Baina azkenean... Gailurra! A ze poza, lesionatuta egon arren, arazorik gabe Montenegroko puntarik enblematikoena igo izana! Txikitan bezala, Padura nire betiko klubaren txartela utzi nahi nuke buzoian, baina ez daukat. Beraz, zerbait idatzi koadernoan, eta apurka-apurka beherantz hasi gara, bai eta autora heldu bertatik irten eta bost ordu eta laurdenera... Harrigarria!
Zla Kolata, 2.534 m (2024-07-17)
Vusanje mendiko auzoan gaude (Gusinje), 1.000 metroko altueran. Beste mundutxo bat da hau: berbarako, ostatuaren ugazabandreak —maitagarria bera ere— ez du montenegroeraz hitz egiten, albanieraz baizik; areago, komunitate honetan ez dago elizarik, ez katolikorik, ez ortodoxorik, baina bai meskita txiki bat. Eta bertatik pasatu gara 05:45ean, Zla Kolata igo nahian, Prokletije parke nazionalean.
Herenegun Bobotov Kuk arazo handirik gabe igota eta jaitsita, ez dut zalantzarik izan: aurretik 1.600 metrotik gorako desnibela eta 20 kilometro eduki arren, tenperatura altuegia eta iturririk ez, ahalegina egin behar dugu nire hogeigarrena egiteko.
Lehen 4 kilometro pasatxoak lehenengo kaminoz eta gero pistaz egiten dira, eta goizeko freskura arintxo ibiltzeko aprobetxatu dugu. Gero, 1.650 metroko altueran pistatik irten eta bide bat hasten da, eta handik gutxira bidexka batera aldatu behar da. Orain arte ez bezala, txarto markatuta dago desbideraketa. Eskerrak Wikiloc-i!
Denbora gehienean, belarra da nagusi, baina zati harritsu batzuetan berriz ibili naiz erne-erne, tentuz zapaltzen. 1.920 metroko altueran, kobazulo bitxia dago bide bazterrean: ilun-ilun dago; bi metro sartu, eta haize korronte izoztuak hartu nau. Nolako kontrastea! Minutu bat ere ez dut iraun han.
2.000 metro pasatxo, eta Qafa Prosllopit lepora iritsi gara, Albaniako mugan. Azkenik, ikusi dugu jendea, guk adina desnibel eginda Albaniako Valbonëtik igotzen ari dena. Besteak beste, arrasatear neska bat, ondo jatorra. Pozik jardun dugu euskaraz berarekin.
Zirku batean sartu gara, non oraindik elurtegi batek dirauen, eta bistan dugu une oro gailurra. Berriz ere, markek lagunduta, oso bide politean gora joan gara Dobra Kolata (2.523 m) eta Zla Kolata arteko lepora heldu arte, 2.400 metroan.
Nork pentsatuko zuen bost egun lehenago, orkatila bihurritu nuenean, honen erraz igoko nuela? Goizeko bederatzi eta erdiak, eta tontorrean! Zla Kolata (Kollata e Keqe, albanieraz) poltsikoratu dut, Montenegroko erpina, hogeigarrena!, eta konpainia noblean, gainera. Itzik zortzigarrena, eta hori ere ez da marka makala.
Eta, honenbestez, birformulatu egin behar izan dut erronka, gehiegi zahartu eta ezindu aurretik...
Orain, ordea, kostaldera, bernari atseden ematera, eta gorputza beratzen jartzera.