Astronomia izango da 2013ko zientziaren izarretako bat. Nature aldizkariak eta beste zenbait adituk egindako aurreikuspenek eta 2012an izandako albisteek hala iradokitzen dute, behintzat. Hasteko, Curiosity misioa hasi besterik ez delako egin Martek gizakiongan pizten duen jakin-mina asetzen. Baina ez hori bakarrik. Beste dozenaka egitasmo eta gertakari espero dira hasi berri den urte honetarako.
Ison kometak astronomiaren inoizko irudirik ikusgarrienetakoa eskain dezake aurten. Azaro bukaeratik eta abendura bitartean, astroa Lurretik oso gertu igaroko da: abenduaren 27an gure planetatik 62 milioi kilometrora egon daitekeela iragarrita dago. Horrek eta astronomoek kometari hartu dizkioten gutxi gorabeherako neurriek pentsarazten dute paisaia apartekoa izan daitekeela: oso litekeena da ilargi betea bera baino distiratsuago ikustea Ison Lurretik.
Hori ez dago gizakiaren esku, noski, baina aurten aurreikusita dauden beste zenbait gertakari, bai. Esaterako, Europako Espazio Agentzia azken ukituak ematen ari zaio Gaia misioari. Laster bidaliko dute satelitea espaziora, bost urtez, Esne Bideko mila milioi izarren errolda osatzea helburu. Horrez gain, ESA agentziaren beraren Swarm misioaren abiatzea ere datozen hilabetetan izango da; lau urtez, hiru satelite Lurraren orbitan ibiliko dira aldi berean, planetaren eremu magnetikoaren mapa osatzeko datuak biltzen.
Zer esanik ez, espazioko aurreneko bidaia pribatuen urtea ere izan daiteke 2013a. Horretarako hautagaien artean, Richard Bransonen Virgin Galactic ontziak hamarnaka proba egin ditu dagoeneko, eta egunik ez da zehaztu, baina laster egon daiteke turista galaktikoak hartuta aireratzeko moduan.
Dena dela, espazioan ez ezik, zientziak beste alor batzuetan ere izango ditu izarrak 2013an. Horietako batzuk bildu ditu hemen BERRIAk.
1. Zelula amak
Giza enbrioien zelula ametan oinarritutako zenbait lanek zeresana eman dezakete aurten, ikerketa alor hori fase kliniko oso goiztiarretan badago ere. Esaterako, Kaliforniako bioteknologia zentro bat giza enbrioien zelula ametatik eratorritako erretina zelulekin ari da lanean, horiek endekapenezko itsutasuna duten dozenaka laguni txertatzen.
Biomedikuntzan eta biomaterial berrietan ere ari dira zelula amen ikerketak aplikatzen. Trakea eta halako ehunetan, dagoeneko lortu dute biomaterial horiek txertatu eta gaixoaren organismoak kalteak bere kabuz sendatzea. Organo konplexuagoen txanda da orain.
2. Partikulen bila
Beste batzuetan ez bezala, zientzialariek ia aho batez izendatu dute 2012ko albiste garrantzitsuena: Higgs bosoiaren balizko aurkikuntza. Lorpen horretan ezinbestekoa izan den erremintak, CERNeko Hadroien Talkagailu Handiak, atseden hartuko du orain, eta 2015ean itzuliko da, eguneratuta. Hala ere, fisikariek esku artean dituzte bertan jasotako datuak, eta Higgs bosoiak mundu berri baterako atea zabaldu die.
Materia ilunaren partikulen txanda izan daiteke orain. Kontresanak ikusi dira, orain arte, alor hori aztertzen duen Lurpeko Xenon Detektagailu Handian (AEB), baina gaur egun ikerketa bide onetik doala dirudi.
3. Geologia, hondorantz
Ingalaterrako, AEBetako eta Errusiako espedizioak Antarktikako laku banatan hasiak dira lanean, hiru kilometro inguruko izotz geruzaren azpiko uretan mikroorganismoren batek bizirik iraun ote duen argitu nahian.
Bestalde, Lurraren ur azpiko munduaren mapa oso zehatza osatzeko proiektu bat dago martxan; AEBetan hori ere. 2015eko martxora arte egongo dira datuak biltzen, baina badirudi horietako batzuk argitaratzen hasiko direla aurten.
Ezarian. Zientzia
Gora begiratzeko urtea
Curiosity misioa, Gaiaren astro errolda, Ison kometa, lehen bidaia galaktiko pribatuak... Astronomiak zeresana emango du 2013an, baina 'izar' gehiago egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu