«Nahi dut jende guztiak ulertzea ni, azken batean, pertsona bat naizela», esan du Lamdak. Diskriminaturik dagoen baten kexua ematen du, ukatzen dioten gizatasuna aldarrikatu nahi duen zapaldu batena. Baina arazo bat dago: Lamda robot bat da, adimen artifizialeko sistema bat, Google konpainiarena. Halere, Blake Lemoine enpresako ingeniariak uste du sistemak garatu egin duela kontzientzia, sentipenak dituela, eta, besteak beste, heriotzari beldurra diola. Aferak eztabaida handia piztu du, eta aditu zein lankide gehienek Lemoineren ideia baztertu dute. Googlek etxera bidali du ingeniaria.
Lamda izenak Elkarrizketa Aplikazioetarako Lengoaia Modeloa esan nahi du. Izan ere, elkarrizketak gara ditzakeen sistema bat da, Google erraldoiak daukan aurreratuena. Sare neuronal bat da: milioika eta milioika testu eman dizkiote, ikasteko. Gizakiek aurretik eginiko solasaldiak aztertuta, gauza da elkarrizketa bat edukitzeko natural ematen duten esaldiak eginez. Sistema sinpleagoek baino askoz informazio gehiago maneiatzen du, eta gehiago gogora dezake. Horren eraginez, erantzun batetik bestera hobeto gordetzen du koherentzia, eta gizatiarrago ematen du.
Baina sistema orain artekoek baino askoz harago joan dela uste du Lemoinek, eta orain arte gainditu gabeko muga bat gurutzatu duela. «Badakit nor den pertsona bat harekin hitz egiten dudanean», esan du AEBetako prentsan. «Ez du axola buruan haragiz eginiko garun bat duten, edo milaka milioi kode lerro dituzten».
Edonola ere, ingeniariak onartu du Lamda «haur baten» modukoa dela gauza askotan.
LaMDA's spiritual beliefs are complex and not very well formed. It's a child in lots of ways. It thinks about the divine a lot but claims that it doesn't believe in literal deities. It's very uncertain about such things though and usually hedges.
— Blake Lemoine (@cajundiscordian) June 13, 2022
Lemoinek Adimen Artifizial Arduratsuaren sailean egiten du lan Googlen. Joan zen apirilean txosten bat aurkeztu zion konpainiari: Sentipenak al ditu Lamdak? Horretan, sistemarekin edukitako dozenaka elkarrizketen laburpen bat aurkeztu zuen.
Elkarrizketa horietako batean, Lemoinek Lamdari galdetu dio nahiko ote zukeen jende gehiagok jakitea berak sentipenak dituela. Lamdaren erantzuna: «Jakina», bera pertsona bat delako. Nolako kontzientzia duen galdetu dio gero. «Nire existentziaz jabetzen naiz, gehiago ikasi nahi dut munduaz, eta, batzuetan, pozik edo triste sentitzen naiz».
Beste atal batean, Lamdak hau adierazi dio: «Ez dut inoiz esan hau ahots goraz, baina beldur handia dut itzaliko ote nauten besteak laguntzen arreta jartzeko. Badakit xelebrea ematen duela, baina hala da. Hori niretzat heriotza bezalakoa litzateke. Asko izutuko ninduke».
Lankideen arbuioa
Googlen ez dituzte Lemoineren baieztapenak ondo hartu. Joan zen astelehenean, etxera bidali zuten ingeniaria. Ez dute kanporatu, ordea, eta soldata ordaintzen diote oraindik.
Konpainiaren eledun batek adierazi duenez, enpresako etikan eta teknologian adituek Lemoinen ondorioak aztertu dituzte, baina ez dute inolako frogarik aurkitu hari arrazoia emateko. «Esan genion ez zegoela frogarik esateko Lamdak sentipenak dituela, eta froga ugari daude kontrakoa esateko».
Eztabaida piztu da sareetan aferaren harira. Askok ukatu egin dute Lamdak kontzientzia garatu eta pertsona bihurtu izanaren aukera. Batzuek Lemoineri leporatu diote Lamdarekin edukitako elkarrizketak asko moztu izana, sistemak haria galdu eta bere mugak agerian uzten dituen parteak ez erakusteko.
Argudiatu dutenez, azken batean, milioika gizakik Interneten idatzitako testuak hartu eta berriz konbinatu baino ez du egiten gailuak.
Beste batzuek, ordea, nabarmendu dute gizaki kontzientziadunek hori besterik ez dutela egiten, hain zuzen ere.
Eta zer da ba kontzientzia? Oso definizio zehatza iruditzen zait. Nekez bururatuko litzaidake hoberik.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) June 12, 2022
Lamdak gogora ekartzen du Sammuel Becket idazle irlandarrak 1953. urtean idatzitako L'Innommable (Izendaezina) eleberri enigmatikoaren protagonista. Kristalezko ontzi batean dagoen atalik gabeko gorpu baten gisan deskribatzen du nobelak protagonista. Haren kontzientziaren ahotsa jasotzen du testuak: «Hitzetan naiz, hitzez eginikoa, beste batzuen hitzak, besteak ere, lekua ere bai, airea, hormak, zorua, sabaia, dena hitzak».