Googleren bideak galbide

Google Maps aplikazioak mundu osoko mapa sare erraldoia biltzen du. Haatik, erabiltzaileek antzeman dute horretan jasotzen diren zenbait bide ez direla existitzen, eta Googleri jakinarazi diote. Esan dute enpresak ez diela erantzun.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

Norabide bakarreko bidezidorrak, itxitako pasabideak edo estuegiak diren errepideak. Noiz edo noiz, jende askok egin du topo horrelako galbide batekin, ez aurrera ez atzera, bide okerra hartuta. Batzuetan, norberak hartzen du bide okerra, memoriak eta seinaleek huts egiten dutenean; beste batzuetan, aldiz, mapa dago gaizki, bidaiariak jarraibideei tentuz segituta ere.


Bigarren kasuari erreparatzen hasi zitzaion Gari Araolaza Codesyntax enpresako teknikaria, bere azalean bizitakoa oinarri hartuta. Bada, handik eta hemendik jasotako bizipenak bilduta, sei errepide arazotsuekin egin du topo Euskal Herrian: hainbat arrazoirengatik, ez dira egokiak. Google Maps aplikazioak, ordea, horietatik bidaltzen ditu autoak, kamioiak eta bestelako garraiobideak, eta hori da arazoa.

Google Maps aplikazioa Google enpresaren esku dago, eta mundu osoko datuak kudeatzen ditu; puntu batetik bestera joateko bideen berri ematen du: oinez, autoz, edo garraiobide publikoa erabiliz. Ez du beti asmatzen, ordea. Araolazak onartu du ohikoa dela horrelako sistemek akatsak izatea, eta ez dela erraza mapa sare erraldoi bat une oro eguneratua mantentzea. Haren kezka egoeraren kudeaketari dagokio gehienbat: «Arrunta da mapek akatsak izatea, Googleren erantzun falta da benetako arazoa». Izan ere, hori ikusita, Araolazak hainbatetan pasatu dio abisua Googleri, bide horiek sistematik ezaba ditzan. Ez du inoiz erantzunik jaso, ez eta soluziobiderik ere: «Horrelako abisuak pasatzeko tresna bat sustatzen du Googlek berak, baina, gero, ez dute erantzuten; eta konpondu ere ez dute egiten mapa». Sare sozialen bidez ere saiatu da abisatzen, aurkitu dituen galbideak Twitterren argitaratuz.

Mapen eguneratze faltaren atzean zenbait arrazoi igarri ditu Araolazak. «Batetik, gastu ekonomikoa dago. Norbait bidali beharko lukete nik diodana egia dela ziurtatzera, eta hori gastu handia da». Eta, horrekin batera, datuen sareak egin behar duen bide luzeari atxiki dio teknikariak hutsunea. Araolazak badaki ezinezkoa dela datuak une oro eguneratuta edukitzea, baina esku hartzearen katean antzeman du eraginkortasun eza: «Informazio geografikoaren mundua izugarria da, eta eskualdatze asko dago. Ziurrenik, errepide horiek ez ditu Googleko inork marraztu, beste enpresa batek baizik; kate horrek akatsak sortzen ditu, eta informazioa galdu egiten da». Horrek ez omen du justifikatzen, ordea, Googlerekin kontaktuan jartzeko bide zuzenik ez edukitzea. «Maparen zuzentasunak ezin du Googleren mende egon».

Araolazak zerrendan sei galbide ezarri ditu orotara. Lau Gipuzkoan: Eibar, Deba, Zumaia eta Mutrikun. Eta bana Bizkaian —Elorrion— eta Zuberoan —Urdiñarbetik Altzürüküra—. Lehenik, Mutrikuko kasuaren berri izan zuen, herriko turismo bulegoak jakinarazita. Aitzuetarako kanpinerako bidea dago gaizki markatua, eta bezero askok arazoak dituzte oporraldi eremura iristeko. Zuberoako errepideetan, Araolaza bera galdu zen orain dela pare bat hilabete, eta gainerako galbideak ingurukoen bidez ezagutu ditu.


Elorrioko kasua, esaterako, Joxe Aranzabal kazetari eta irakasle elorriarrak kontatu zion teknikariari: «Elorrion bi biderekin daude arazoak: Argiñetako nekropolirako bidearekin eta Mendraka auzora doan errepidearekin. Gaur egun, jendeak Google Maps hartzen du, eta horri jarraitzen dio», azaldu du Aranzabalek. Bi kasuetan, GPS sistemak adierazitako bidea ez da egokia autoentzat. «Handik traktoreak eta mendiko motorrak ibiltzen dira, baina ezleku bat da». Aranzabalek esan duenez, nekropolirako bidea izanda, asko eta asko dira bidean galtzen direnak. «Udan bisitari asko dator, eta Google Mapsek bide estu eta aldapatsu batetik bidaltzen ditu; gainera, badago errepide egoki bat udaletxetik zuzen-zuzen gora eginda». Uste du Google Maps programatua dagoela biderik motzena proposatzeko, horren egoera kontuan hartu gabe.

GPSari segi, itsu-itsuan

Debako Perlakua Saka landetxerako bidea da Googlek oker adierazita duen beste errepideetako bat. Sarritan pairatu ditu jarraibide desegokien ondorioak Nerea Arrizabala landetxeko langileak. Hark azaldu du azken urteetan oso maiz galdu direla bezeroak Perlakua Sakarako bidean. «Debara sartzeko esaten die GPSak, eta hortik ez dago errepiderik honaino iristeko, oinezkoentzako bide bat baizik. Asko ez aurrera ez atzera geratzen dira puntu batean». 2005ean ireki zuten landetxea, eta Arrizabalagak uste du lehen ez zutela horrelako arazorik, jendeak ez zuelako GPSa horrenbeste erabiltzen. «Egun, dena da teknologia, eta horri baino ez diote jaramonik egiten». Eta teknologia berrien gorakada horrekin lotu du arazoaren areagotzea: «Egoera okertu egin da, batez ere jendea hasi denetik GPSa mugikorrean erabiltzen». Arrizabalagaren kasuan, haren lanbideari zuzenean eragiten dio arazoak, eta eguneroko ogia du bezero galduen deiak jasotzea. «Guk abisatzen diegu, eta gure webgunean adierazita dago nola heldu, baina, gero, jendea behin eta berriz sartzen da bidezidor horretatik. Egia esan, ez dut ulertzen nola sar daitezkeen hor; bidea hondatuta dago, eta kilometro gutxiren buruan buelta eman ezinik geratzen dira». Askok antzeko soslaia dutela ere ohartarazi du langileak. «Galtzen diren gehienak gazteak dira, eta horiek seinaleei baino kasu gehiago egiten diete GPSaren jarraibideei». Sustoren bat edo beste ere izan dute. «Bospasei aldiz jaitsi behar izan dugu traktorearekin bidaiarien bila. Kasurik okerrena euria ari zuen gau batean izan zen; hiruzpalau ordu eman zituen nire aitak bezeroen autoa atera ezinik. Azkenean lortu zuen, baina autoa irristatu egiten zen basa zela-eta, eta istripu bat gerta zitekeen». Araolazaren anaia izan zen, hain zuzen ere, landetxeko bezero galduetako bat, eta horrelaxe gehitu zuen teknikariak zerrendara.


Konponbidea bilatzen ere saiatu da Arrizabalaga hainbat bidetatik, arrakastarik gabe. «Udaletxekoei pasa genien abisua, eta Googleri ere bai, baina, oraingoz behintzat, ez da ezer konpondu». Googleren erreakziorik eza ikusita, udalari eskatuko dio pasabidea ixteko. «Berriz hitz egin beharko dut udaletxekoekin debeku seinalea jar dezaten». Aranzabalek ere abisua pasa zuen. «Googleren robot batek ohar automatiko bat bidaltzen dizu esanez abisua jaso dutela, baina ez dago inor horren atzean; sistema robotizatuegia dago».

Google Mapsetik harago

Konpainia erraldoia isilik dagoela ikusita, zain egon ez, eta Googleren «atzaparretatik» ihes egiteko deia egin die Araolazak herritarrei. Dagoeneko badiren mapa sistema alternatiboak erabiltzea sustatu nahi du teknikariak. «Open Street Map sistema delakoak Wikipediaren antzera funtzionatzen du: norberak egin ditzake aldaketak, Googleren zain egon beharrean». Mundu mailako aplikazioa da Open Street Map, eta Codesyntaxeko kideek harekin kolaboratzen dihardute, ezagutzen dituzten bideak markatu eta desagertzen diren bideak ezabatuz, esaterako.

Araolazak uste du hori dela jarraitu beharreko bidea. «Etorkizunera begira, mapa libreen sistema erabiltzea da onena; epe laburrean, berriz, Googlek erantzun dezala». Aranzabalek, ordea, uste du gidari gehienek baliatzen dutela Google Maps sistema, eta, hortaz, sistema fidagarritzat dutela mugikorreko GPSa. Horrek, haren aburuz, enpresa kargu hartzera eraman beharko luke. «Googlek ardura berezia du; batzuk ari dira gaizki dagoen informazioa zuzendu nahian, eta ez diete erantzuten».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.