Eusko Ikaskuntzaren IV. Biltzarra Gasteizen, 1926ko uztailaren 25etik abuztuaren lehenera. Hiriburuan argitaratzen den Heraldo Alaves egunkariaren azalak handi egin du kongresua. Bost zutabeetatik hiru eskaini dizkio albisteari. Barneko orrialdeetan, biltzarraren kronika eginez ari da bosgarrenean ere, eguneko hitzaldien eta egitarauaren berri emanez. Alabaina, deigarri, erran delako bosgarren orrialde honen barnenean, tarteki bat: Una nota triste. Abdón de Alaiza. O. de A., Odon Apraiz Buesa dugu sinatzaile. Dio Apraizek kongresura bildutakoen poz jarioa samin bihurtu duela «arabar eredugarri baten» heriotzak. Abdon Gonzalez de Alaiza da zendua.
Eta, lehenbizi, haren merezimenduen gaineko hitzak Apraizek: «Abdon de Alaiza ez zen jakintsua, ez zen aberatsa; baina ongi merezia zuen biltzarkideek hartaz oroitzea. Arabako Mendialdea izeneko eskualde latzean jaioa (...) artean gazterik Madrilera eraman zuen bizi beharrak, eta, han, zintzo eta lanean beti, bere etorkizuna lantzen zuen aldi berean, euzko tertulietako gizonik ezagunena izatera heldu zen. Hainbat gazte belaunaldik —ikasle, artista, pilotari...—, gizon adoretsutzat genuen Abdon, gure herrialde urruna oroitarazten zizkiguten ekitaldi eta erakundeen faktotuma baitzen».
Faktotuma, dena egiten duena.
Abdon Gonzalez de Alaiza Azazetak dena, eta denetarik, egin baitzuen Madrilen, XX. mendeko lehen laurdenean espainiar hiriburuan gertatu ziren euskal gauza, kausa, guztien alde.
MUSITU
1876ko uztailaren 30ean jaio zen Musitun (Araba). Elortzatik gora Musitu Atabarrin ageri dela ere, nabarmena da Gonzalez de Alaiza Azazeta familiaren etxetzar handi bikaina. Bertara orduko, berriz, aldarri eginez ari zaigu idazkuna: «Etxe ontan jaio ta ill zan Alaiza'tar Aton euzko abertzale gurena. Madrid'eko Euzko Ikasbatza'k, MCMXXXIIIVIXVI'n», omenaldi egunarekin jarritako plaka, alegia, nahiz balitekeen oraingo etxean gabe, ondoko eskortan jaioa izatea Abdon...
Gregorio Gonzalez de Alaiza, Musitukoa, eta Toribia Azazeta, Maeztukoa, izan zituen guraso. Zazpi seme-alaba ekarri zituzten mundura: Akilino Domingo, Juana Paula, Elvira, Justo, Probo, Abdon eta Domiciano.
Seigarren haur hura uztailaren 30ean jaioa izaki, egunari zegokion santuaren izena hautatu beste nekerik ez zuten Gregoriok eta Toribiak: edo zen Abdon, edo zen Senen. Biak ere Pertsiako martiri, 250. urtean, Dezio enperadorearen garaian, zintzurra egin zieten biei.
Abdon hautatu zuten, «Jahveh-ren mirabe edo morroi», alegia.
Ez noiz, ez nola dakigula, Madrilera egin zuen Abdon gazteak, migrazioaren historia beti-betikoan, Juana eta Elvira bi arreben babes eta urratsetan. Ageri denez, arrebek hartu zuten Madrilen eta lagundu zioten bidea egiten espainiar hiriburuan. Garai hartako dugun jakingarri dokumentatu zehatz bakarra da 1903an Athletic futbol taldea sortzen parte hartu zuela, Bilboko klubaren sukurtsala sasoi hartan, oraingo eguneko Madrileko Atleticoaren abiapuntua.
MADRIL
Abdon Gonzalez de Alaiza Azazetak saltzaile lan egin zuen Madrileko Eguzki Ateko moda denda batean. Bizialdiko azkeneko urteetan Bilboko enpresa bateko ordezkaritzako zuzendari jardun zuen, Alcala kalean. Oroz gain, ordea, euskal kausa guztien alde eginahalak eta bi egin zituen. Ramon de Vicuña Epalza enpresaburu eta politikariarena da lekukotasun idatzia: «Madrilen egiten zen zernahi euskal gauzaren ardatz, giltza, sustatzaile eta animatzaile zen. Berak zuzentzen gintuen Madrilera heltzen ginenean, berak jartzen gintuen batzuekin eta besteekin harremanetan, lanik ez zutenei lana bilatzen zien, migratu euskaldunen errolda egin zuen, kortean bizi ziren neskameen eta dendetako saltzaileen arteko loturak eta ezkontzak sustatu zituen». Ezkontzagin ere bai, nahiz Gonzalez de Alaiza Azazeta bera ez zen inoiz ezkondu.
Vicuñaren esanek bezainbat balio dute Manuel Irujorenak. Gonzalez de Alaizaren faktotumtasunaren berri ematera datoz: «Alaiza ikasle-fitxategia zen, euskaldunen estatistika, Euzkadiko kontsula... Elkarteak, euskarazko eskolak, egunkariak, aldizkariak eta suerte guztietako organizazioak sortzeko kezka zuen. Gizonik indibidualistena zen, baina urrezko bihotza zuen. Umore txarrekoa zen, baina mugarik gabeko ontasuna zuen. Izaera gozakaitzekoa eta zaputza zen,umorea eta sermoia aldizkatzen zituena… Zenbat ikasle-belaunaldik ezagutu ote genuen Abdon Alaiza hura! Lehenik, babesle; gero, adiskide. Errieta ematen, askotan. Euskalduna, beti! (...) Organizazio fundatzaile beti, ikasleen artean! Eta antzerkiak, emaztegaiak, gabeziak edota jarraikortasun ezak kideak bere ondotik urrunarazten zizkietenean, a zer gogoeta, epiteto eta tximistak ateratzen ziren Abdonen ezpain, ukondo eta ileetatik! Abdon gizagaixoa! Madriletik ikasle igaro garen guztiok behar den bezala ordaintzen asmatuko ez dugun maitasun lekukotza zor diogu Alaizari. Berak fundatu zituen Vasco-Navarro elkartea, Jardines eta Arenal kaleetako Euzko-Etxea eta Txistu, euskarazko astekari dibertigarria...». Txistu, hain zuzen, euskarazko lehenengo komiki-aldizkaria, Madrilen sortua.
'TXISTU'
1919an euskarazko aldizkari sorta handia argitaratzen hasi ziren. Gerla Handiak ekarritako krisiaren ondoko ekoizpen eta finantza oparoaldiak on handia egin zien Euskal Herriko ontzi-enpresei eta, hortik, gainerako industriari. Onaldi horrek kulturan eta politikan ere izan zuen eraginik. 1917an, adibidez, proposatua zuten Eusko Ikaskuntza eratzea. Soka berean etorri zen Euskaltzaindia. Eta euskarazko aldizkariak. Argia, besteak beste, Iruñeko kaputxinoek 1921ean sortu zutena.
Garai bertsuan, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) lau komiki-aldizkari ere sortu ziren: Dominguín (1915), TBO (1917),Charlot(1919) eta Pulgarcito (1921). Sua bezala zabaldu ziren han eta hemen, eta Euskal Herrian. Gregorio Muxikak 1923ko maiatzaren 13ko Argia-n idatzia dugu froga: «Zenbat eta zenbat neska-mutiko ez ditugu beren eskuetan TBO ta Pepito [Pulgarcito, ageri denez] ta beste onelako ingitxoekin ikusten? (...) Ba oraindaño erdal-ingitxoak ibilli dituzten bezela, aurrera umeentzako euskal ingitxo polit bat izango dutela jakiteak nor poztuko ez du? Euskerarentzat aurrerapen aundi-aundia ez ote da umeak, beren zaletasun bizienetako baten bitartez euskaltzaletzea? Auxe da, ba, Aita Kaputxinoak darabilkiten asmoa ta poz-pozik zorionduaz, erbesteko ingirik politena baño politagoa izatea opa diogu «Umeentzako euskal ingitxoa—ri». Delako ingitxoa ez zen, haatik, nahi bezain azkar heldu, nahiz aldizkariak behin eta berriz eta askotan ibiliko zuen hitzean eta hortzean, eta balizko aldizkariaren izena ozen agindu ere bai: Txistu.
'ARGIA'
Hiru urte geroago gatzatu zen aldizkaria. 1926ko apirilaren 18ko Argia-n egin zuen aldarri Muxikak: «Umientzako aldizkari errez, polit, alai onezaz, zenbat aldiz aritu ote gera berriketan!... Bear-bearrezkoa dala uste izan degu beti. Nolakoa izan bearko lukean ere argi ikusten genuen. Ainbeste orrialde... emen xantuak, emen ipuiak, emen izkirimiriak, txokuen asmaketak. Ala ere ez genuen egiten. ¿Zer zala-ta? Argia'k berak ere lana pranko ematen zigulako. Buru lana ta txanpon-lana». Estutasunean, espainiar hiriburutik etorri zen erreskatea. «Madrid'tik dei bat etorri zaigu, ordea. An bizi diran arkitekto euskaldun gazte batzuek eta an bertan arkitekto-ikaskizunetan dabiltzan euskaldun iaio batzuek irrintzi zorrotza bota digute. 'Argia egiten dezutenak —esan digute—, gauzak ondo egiten badakizute. Euskalerriko nexka eta mutiltxoentzat aldizkingi atsegin bat (...) ¿Zer dala-ta lan oni ez diozute ekiten? ¡Guk lagunduko dizutegu!'». Horrela, Madrilen ekarri zuten mundura Txistu, euskarazko lehen komiki-aldizkaria. Ondikotz, ez dugu egileen berririk. Damurik, ez dakigu arkitektu zirela, edo arkitektura ikasle, besterik. Eta, Manuel Irujok adierazi jarraikiz, tartean zela Gonzalez de Alaiza, nahiz ikasleetakoa ez izan, baina faktotum beti, eta Txistu-ren «eragile sutsuenetakoa», Madrilen zituen adiskideek Argia-n bertan jakinarazi zutenez, hura hil zenean.
Heriok 1926ko uztailaren 15ean eraman zuen Gonzalez de Alaiza.
Madril isil-isilik utzi, adiskideei ezer esateke, eta etxeko Musitura egin zuen, eri handi.Hilik zen bi hilabete ere gabe. Euskarazko lehenengo komiki-aldizkariaren eragile kar handikoena, euskal gauza, kausa, galdu guztien faktotuma Madrilen, bere azken faktuma, Txistu, gatzatua ikusi gabe joan zen itzalaz bestaldera.
Gonzalez de Alaiza 1926an hil eta ondoko urtean hasi zen Argia astekaria Txistu argitaratzen,musituarraren Madrilgo adiskideek eraginik. 16 zenbaki argitaratu ziren. Gero, Txistu betiko itzali zen, eta, Espainiako Gerra Zibila tarteko, galdu ziren komikiaren ale guztiak. Orain dela urte batzuk berreskuratu zituen ale guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneak, Antonio Zabalaren funtsen artean ageri.
Egiaz eta begiaz
Gonzalez de Alaizaren itzala: 'Txistu', lehen komikia
Euskarazko lehen komikiaren sustatzailerik itsuena izan zen Abdon Gonzalez de Alaiza Azazeta. Arabako Musitun jaioa, hura bezain ezezagun izan da oraindik orain arte lehen aldizkari hura, 'Txistu', 1936ko Espainiako Gerra Zibilak desagerrarazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu