Euskal Herrian, golfa dirudunen kirola bakarrik delako uste okerra dago oraindik. Hala ere, badira bizitza osoa arlo horri eskaini diotenak. Jesus Corralejo Txusman da horietako bat (Gasteiz, 1968). 35 urtetik gorako esperientziarekin, kirol horren bilakaeraz hitz egin du makilaz pilotari ematen dion bitartean: nola golfa sozializatzeko kirol bat zen lehen, eta nola lehiatzeko kirol bat den orain. Legutioko (Araba) Larrabea golf klubaren arduradunetako bat da. Bertan eman zituen lehen pausoak Jon Rahmek, gaur egun munduko golf jokalaririk onenetako bat denak.
Nola hasten da bat golfean jokatzen?
Kasualitatez iritsi nintzen honetara. 1990. urtean, krisi betean, edozein lan hartu behar zen. Soldaduska amaitu eta aste batzuen buruan, golfean pilotak biltzen hasi nintzen Larrabean, eskuz, garai hartan egiten zen bezala. Pixkanaka ikasten joan nintzen, golfari buruzko ezagutza handirik ez baitzegoen, eta nire lekua egin nuen. Ez naiz nintzena baino gehiago, baina nire lekua egin dut eta prestigio pixka bat badut.
Zeintzuk dira zure funtzioak?
Dendako arduraduna naiz. Horrez gain, fitter eta clubmaker lanak ere egiten ditut. Jokalarientzako makila azterketak egiten ditut, haien beharretara egokituz eta pertsonalizatuz. Era berean, harrera eta denda kudeatzen ditut. Lana dago beti, baina pribilegiatu bat sentitzen naiz.

Urteen poderioz, golf jokalariaren soslaia aldatu egin da. Nola bizi izan duzu aldaketa hori?
Lehen, 2000ko hamarkadaren hasierara arte, golfa kirol sozialagoa zen. Jendeak izena ematen zuen negozioak egiteko, jende berria ezagutzeko eta lagunekin ondo pasatzeko; orain, berriz, kirol profesionalagoa bihurtu da, lehiakorragoa. Belaunaldi berriak entrenatzera datoz, serioago hartzen dute. Klub sozialaren kontzeptua apur bat galdu da, baina, errendimendu kirolari dagokionez, irabazi egin da.
Aberatsen eta eliteko kirola izatearen mitoa apurtzea lortu duzue, beraz?
Neurri batean bai, baina irudi hori oraindik presente dago. Egia da gurean denentzako moduko zelaiak daudela, baina aberatsen klubak oso bereizita daude oraindik. Golfa beste edozein zaletasun bezain eskuragarria izan daiteke, txirrindularitza edo beste edozein kirol bezala.
Posible al da golfa ezagutaraztea eta aldi berean zelaiak gainezka ez egotea?
Zaila da. Euskal Herrian jokalari eta zelai kopuruen arteko oreka nahiko ona dugu, baina Madrilen, esaterako, 95.000 lizentzia daudenez eta zelai gutxi, arazo handia dute. Golf zelaiek eguneko jokalari kopuru mugatua dute, eta jokalari gehiago balego, zelai gehiago eraiki beharko lirateke. Edo jokalariek onartu beharko lukete ez dutela nahi dutenean jolasterik izango.
Larrabea marka sortzea ere lortu duzue. Zer garrantzi du golf klub baten identitateak?
Funtsezkoa da. Gure klubean marka propioa dugu, elastiko eta ekipamendu identifikagarriekin, bazkideek talde baten parte direla senti dezaten. Klub on bat ez da soilik golf zelaia, baizik eta historia eta prestigio bat duen komunitatea. Jokalariak klubeko kide izateaz harro egotea nahi dugu.
Zer behar da golf jokalari ona izateko?
Pazientzia, pazientzia handia. Hasieran, %80 fisikoa eta teknikoa da, baina une jakin batean alderdi mentala garrantzitsuago bihurtzen da. Kontzentrazioa bai, baina gehiegi pentsatzea ere ez da ona. Makila guztiek ere funtzio jakin bat dute, eta jokalari on batek ondo daki zein aukeratu distantziaren eta baldintzen arabera. Kolpe bakar batek aldea egin dezake.

Teknologia asko garatu da golfaren munduan. Nola eragin dio jokoari?
Golfaren teknologiak izugarrizko bilakaera izan du. Titanioa, karbonoa eta polimero aurreratuak erabiltzen dira, 1 Formulan bezala. Urtero makila berriak ateratzen dira hobekuntzekin, nahiz eta gehienezko distantzia arauek mugatuta egon. Gainera, markek milioiak inbertitzen dituzte ikerketa eta garapenean, golfaren merkatu globala oso handia baita; milioika jokalari daude mundu osoan.
Hemen ikasi zuen Jon Rahmek, eta zuk ondo ezagutzen duzu. Espero zenuen hain urruti iritsiko zela?
Jon txikitatik izan da jokalari ezberdina; talentua bazuen, baina benetan apartekoa egiten duena burua da. Golfean, edo oso azkarrak direnek edo gehiegi pentsatzen ez dutenek irabazten dute: azkarra zen bera. Estratega bikaina da, eta bere teknika propioa garatu du. Horrek berezi egiten du, eta horregatik da gaur egun munduko onenetako bat.
Harekin jolastu izan zara. Lehiatzea gustatzen zaizu?
Ez. Lagun artean jolastea gustatzen zait niri, lehiaketatik kanpo. Beste zelai batzuk ezagutzeko bidaiatzea gustatzen zait. Klub bateko bazkide izanik, beste leku batzuetan prezio onean jokatzeko aukera dugu, eta horrek munduko leku zoragarriak ezagutzeko aukera ematen dit. Golfean jokatzen hasten bazara, zaila da harrapatuta ez geratzea.
lotsabako
Golf jokalaririk gustukoena?
Jon Rahm.Inoiz jokatu duzun golf zelairik onena?
Ingalaterrako Royal Cinque Port.