Asteburuko biharamunei aurre eginda goizeko zortzietan hasi ziren, atzo, Piratak, Abordatzerako lehen baltsak prestatzen: txikiak, handiak, masta luzekoak, aulkidunak... «Bederatzi eta erdietan genuen baltsa muntatzeko txanda eta bederatziak laurden gutxitan etorri gara» zioen parte hartzaileetako batek, Olatz Cernadasek. Donostiako Altza eta Gros auzoetatik, eta, Lezotik eta Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) bertaratutako lagun taldeak aurreko bi urteetan ere parte hartu zuen: «Iaz baltsa erdipurdi egin genuen, baina, aurten, ondo helduko gara hondartzara» zioen, artean arratsaldean haizeak gogor joko zuela sumatu gabe.
Cernadasen taldekoek paletak, oholak eta poltsak erabili zituzten txalupa muntatzeko. Taldeko zereginen lan banaketaederra zuten Idoia Arbelaitz errenteriarraren taldekoek. Bera bere tripulazio kideentzako hamaiketakoa prestatzen ari zela, bere kideetako bat, daratulua eskuetan, oholak lotzen aritu zen: «Taldeko batzuek sorreratik parte hartu dute abordatzean. Lagun baten bidez, kaiko etxeren batekoei eskatuta daratulurako argindarra lortzen dugu». Itsasoratzeko gurpilak ere bazituen euren baltsak. «Gaurko eguna aitzakia ona da guretzat hemen gauden lagun guztiak batzeko».
Txaleko horiak jantzita argibideak ematen ibili ziren goiz osoan boluntarioak. Miren Tardaguila donostiarra, goizeko zazpietatik egon zen kaian, abordatze ordura arte: «Muntatuta dauden barkuak portura ateratzen ari gara, eta, baltsak muntatzeko dauden txandetako ordutegiak bete daitezen laguntzen; gero, Abordatzean parte hartuko dut, hala ere». Arratsaldeko bostak arte egokitu zitzaion lanean aritzea Tardaguilari. Dena den, hainbeste ordutan lanean aritzeak ere, «merezi duela» onartu zuen.
Goizean goizetik martxan
Bazkalordura arte baltsak prestatzen izan dira Donostiako Piratak.Boluntarioek erraztu dute baltsak prestatzeko eta mugitzeko lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu