Bilboko Aste Nagusia 

Goiz freskagarrien bila

Euskalgunean umeak dira nagusi jaietako goizetan; helduentzako eskaintza zabaltzeko, 'Vermouth sessions' antolatu dute lehen aldiz

Goiz freskagarrien bila.
Bilbo
2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko egunetan baino jende gehiago zebilen atzo goizean Euskalgunean. Beroa, ordea, aste osoan egin duena bezain handia zen. Eta beroari aurre egiteko, Aste Nagusiko lehen egunean baino prestatuago zeuden konpartsakideak. Aurreko urteetan Hor Dago Abante konpartsak txosnan zuen jostailuzko elefantearen falta sumatu dute, tronpatik ura botatzen zuenarena. Halere, ura jaurtitzeko tresnak eta igerilekuak lortu dituzte, eta bustitzeko aukera ez zen falta izan atzo.

Ume bainujantzidunek bete zituzten igerilekuak, baina heldu asko ere gogotsu blaitu ziren. Aurpegiak margotzea eta ponpa erraldoiak egitea, ordea, Euskalguneko Txikitxokoko ekintzak ziren, umeentzat prestatuak. Artzai Goieaskoetxea gazteak Txori Barrotekoa du familia, eta lau urte daramatza haurrei aurpegiak margotzen. Mutilek pirata edo Spiderman eskatu ohi diote. Atzo, ordea, neskak besterik ez zuen izan: tximeletak eta purpurina dituzte gustukoen. Goi mailako materiala eta diseinu asko erabili zituzten, baina ezinezkoa egin zitzaien denak apaintzea. «Asko gustatzen zaigu umeekin ibiltzea eta margotzea; fama ona ere lortu dugu. Baina nekatu ere egiten gara, eta guraso batzuek ez dute ulertzen musu truk gabiltzala».

Umeekin batera zebiltzan heldu asko, eta txosnen itzalpean beste hainbeste. Eguerdian, The Natural Brothers DJak ibili ziren haiek guztiak dantzan jartzen. Bizkaian aritzen dira Peter Harrison eta Micky Haill ingelesak: «Gauak bere gauzak ditu, baina hemen goizez aritzea berebizikoa da!». Txori Barrotekoen ideia izan zen txosnetan eros zitekeen bermut berezia prestatzea eta eguerdian giro musikatu patxadatsu hori sortzea: «Marianitoa ez da garrantzitsuena. Zeozer ezberdina egin nahi dugu urtero, eta, goizez jende gehiago ibiltzen denez, egunez programazio askotarikoagoa egin nahi dugu, eta horretan jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.