Udako proposamenak

Goierri, jazzaren plaza

Etzi hasiko da Goierriko XI. Jazzaldia. Zortzi kontzertu egingo dituzte igandera bitartean; guztiak Ordizian izango dira aurten.

Henry Spencer musikaria izango da Goierriko Jazzaldiko gonbidatuetako bat. BERRIA
Henry Spencer musikaria izango da Goierriko Jazzaldiko gonbidatuetako bat. BERRIA
ane insausti barandiaran
2024ko uztailaren 2a
05:00
Entzun

Jazza ez da Euskal Herriko musika estilorik ezagunena, baina, apurka-apurka, lortu du bere jaialdi eta zirkuitu propioa lortzea, eta jendearengana gerturatzea, bai hirietan, eta baita herri txikiagoetan ere. Horren adibide dira udako Donostiako Jazzaldia eta Gasteizko Jazz jaialdia, edo etzi hasi eta larunbatera bitarte luzatuko den Goierriko Jazzaldia.

«Egonkortuta» dagoen jaialdia da Goierriko Jazzaldia, antolatzaileen arabera. Izan ere, iaz bete zuen bere lehen hamarkada. «Dagoeneko, jaialdiak ez du aurkezpenik behar jazz musikarien artean, ekitaldiak gure herri eta ibarraren mugetatik kanpo ere sona lortu baitu», azaldu dute ohar bidez.

Jazz musika Goierriko herritarrengana eta inguruko ibarretako jendearengana gerturatzeko jaio zen jaialdia, 2013. urtean. Eta helburu berberarekin jarraitzen dute hura antolatzen, 11 urte geroago. Orain arte, Araman eta Ordizian (Gipuzkoa) banatzen ziren egitarauko kontzertuak. Aurten, berriz, Ordizian izango dira jaialdiko emanaldi guztiak.

Askotariko taldeek bisitatu dute Goierriko jaialdia urte hauetan, Euskal Herrikoak batzuk eta kanpokoak besteak. Horien artean daude, besteak beste, Afrika Bibang, Iñaki Salvador, Llibert Fortuny, Alberto Arteta edo Funky Steps and the Sey Sisters. Programa «interesgarria» sortu dute aurten ere antolatzaileek, eta askotariko profilak dituzten taldeak gonbidatu dituzte, denen gozamenerako.

Egitaraua

Geraldine taldea izango da jaialdiko lehen kontzertua, etzi, udaletxeko arkupean, 22:00etan. Ricardo Urrutiaren gitarrak lagunduta, iaz argitaratutako Urdina lana aurkeztuko dute. «Ahots eta gitarraren soinu minimalistak berebiziko giroa sortzen du, eta bizipozaren eta malenkoniaren arteko bidaian murgiltzen gaitu», zehaztu dute antolatzaileek. Euskaraz, gaztelaniaz eta portugesez kantatzen du bikoteak.

Ostiralean izango da kontzertu gehien: lehenik, 19:00etan, Lipe Court Band taldearen kontzertua izango da, Plaza Nagusian. Filipe Bittencourt brasildarra dago izen artistiko horren atzean, eta rocka eta funcka bere erroekin uztartzen ditu: «Gaztetatik, sanba, bossa nova, axea, forroa eta Brasilgo herri musikaren aberastasuna xurgatu zuen, eta bere izaera artistikoan sakon integratu».

Irati Bilbao musikaria igoko da oholtzara Bittencourten atzetik. Begin bere bakarkako lehen lana aurkeztuko du bertan, eta irailean aurkeztuko duen bigarren diskoko aleren bat ere entzun ahal izango dute Ordizian.

Jazzaren festa kalera zabalduko da gero, Burrunbazale txarangak girotuko baititu herriko kaleak 21:30ean hasita. Ondoren, plazara itzulita, The Wilson Organ Triok itxiko du eguneko eskaintza: Fredi Pelaezek, Iker Pirisek, eta Andy Martinek soul musika eta blues musika doinuak uztartuko dituzte.

Jaialdiari amaiera emateko, hiru kontzertu izango dira larunbatean, hirurak plaza nagusian. Lehen proposamena etxeko musika eskolaren eskutik helduko da: Bosswing Jazz Band. Musika eskolako helduek osatzen dute taldea, Edorta de Pedroren zuzendaritzapean. Emanaldi horrekin, herriko eragileekin loturei eta harremanei eutsi nahi izan diete antolatzaileek. Ondotik, Motelas talde donostiarrak joko du, 20:30ean. 2020an sortu zen taldea, eta Rainbow Tapes diskoko doinuz girotuko dute plaza.

Izen handi batek itxiko du jaialdia: London hirian egoitza duen Henry Spencer tronpetajole eta konpositoreak emango du azken kontzertua. Talde entzutetsua da Spencerrena, eta hainbat sari jasotakoa da. The Defector izeneko haien azken lana aurkeztuta itxiko da Goierriko jazzaren plaza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.