Zer berezitasun dauka argazkiak? Ez da inor ageri, baina ume askoren gorpuak ezkutatzen ditu. Gurutzeak ikusten dira lehen begi kolpean, eskolaren lurretan topaturiko ehunka hilobiren oroigarri direnak; soinekoak daude haietatik zintzilik. Urrutiago, ostadarra bereizten da laino ilunen artean, kanporatu nahi izan zuten indigenen kulturaren agergarri izan zena. Misteriotsua, argigarria... finean, sinbolismoz beteriko irudia da.
Amber Bracken argazkilariak Kanadako Kamloops barnetegian harturiko argazkiak irabazi du World Press Photo 2022ko Urteko Argazkia saria: Kanadako eskola katolikoetan hildako haur indigenak gogora ekartzen ditu argazkiak; izan ere, 215 haurren gorpuzkiak topatu zituzten han. Antolatzaileek nabarmendu dute sarien 67 urteko historian lehen aldiz jo dutela irabazletzat pertsonarik ageri ez duen argazki bat.
Hori eta hautatutako beste dozenaka lan ikusgai daude Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian, azaroaren 14ra arte. Jendea joan eta etorri dabil erakusketa gelan, baina beti dago norbait bueltaka.
Argazkiek istorio ikaragarriak gordetzen dituzte, eta bisitariak leku horietara mugitzeko gaitasuna dute. Gizakiaren krudelkeriaren adierazgarri dira lan gehienak. Gerrak, etxegabetzeak, miseria, bitxikeriak, ohiturak eta beste hainbeste errealitate biltzen ditu erakusketak. Geografikoki banatu dute erakusketa, eta horietako bakoitzak zenbait argazki biltzen ditu.
Lan horietaz gozatzeko asmoz iritsi berri dira Maria Perez eta Marcos Gonzalez erakusketara. World Press Photoko erakusketa bat bisitatzen duten lehen aldia da. Biek gaineratu dute batez ere «zirrara eragin» diela erakusketak. «Ez da gauza bera gerra edo gatazken irudiak telebistan ikustea edo hemen zuzenean. Argazki bakoitzak atzean gordetzen duen guztiaz jabetzen zara», azaldu du Gonzalezek.
Eztabaida amaiezina
Badago gelan argazkiak begi kritikoz begiratzen dituen argazkilari bat —ez du izenik eman nahi izan—. Orokorrean, «argazki onak» iruditu zaizkio guztiak. «Tamalez, World Press Photo horrelakoa da: miseria erakusten du gehienetan, mundua horrela dagoelako», gehitu du.
Erakusketako irudiak gogorrak dira, bai, baina «ederrak» aldi berean. Horren harira, argazkilariak fotokazetaritzan betidanik egon den eztabaida amaiezina ekarri du gogora. «Zilegi da jendearen miseriak ateratzea? Non dago muga?», galdetu dio bere buruari. «Ez dakit», erantzun du berehala: «Nik gauza itsusi guztiak ordena batean jarriko nituzke, eta estetikoki erakargarri egin; baina historia kontatu behar da, hori argi dago»
Burua moztuta duen Leninen estatua baten irudia dago gelaren izkina batean. Argazkilariari atentzio handiena eman diona izan da. Ukrainako ultranazionalistek suntsitu zuten estatua, abenduaren 8tik 9rako gauean. Egun batzuk geroago atera zuen argazkia Guillaume Herbaut argazkilari frantsesak, 2013ko abenduaren 19an, hain zuzen. Erakusketako beste argazki gehienak bezala, «teknikoki ateratzeko erraza» iruditu zaio argazkilariari: «Momentu aproposean eta leku aproposean egoteak dauka garrantzia».
Oro har, egunerokoan ikusten ez diren irudiak eta istorioak gordetzen dira ur biltegiko gela ilunean.
ATZEKOZ AURRERA
Gogortasunaren edertasuna
2022ko World Press Photoko argazkiak ikusteko aukera dago Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian, azaroaren 14ra arte. Gizakiaren krudelkeriaren adierazgarri dira gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu