Gogorra eta erreala

'Palestina Garrasika' erakusketa prestatu du Irungo Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak; abuztuaren 3ra bitarte izanen da ikusgai.

Irungo Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan Palestina Garrasika erakusketa, uztailaren 18an. JON URBE / FOKU
Irungo Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan Palestina Garrasika erakusketa, uztailaren 18an. JON URBE / FOKU
Irun
2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Orain arte ostatu bateko pareta zena erakusketa bat da orain. Argazkiz gainezka daude taberna zutik mantentzen duten horma denak, baita zutabeak ere. Ezker paretaren erdian —kalera ematen duen leihoaren kontra— zuri-beltzeko argazki batek ematen du arreta; gainerakoak koloretan daudelako, akaso. Bi elementu bertzerik ez dira ageri irudian: giltza herdoildu bat eta esku zimurtu bat, elkarri indarrez eusten. Palestinan giltzarena borrokaren eta erresistentziaren ikurra da; askatasunera bidea irekiko duena. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dago aterik —ez etxerik— giltza horrek irekiko duenik. 

Irungo Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan (Gipuzkoa) Palestina Garrasika erakusketa ireki zuten iragan uztailaren 11n, eta abuztuaren 3ra arte iraunen du. Argazki sortaz gain, hiru dokumental erakutsiko dituzte: Promises5 Broken Cameras eta Bajo OcupaciónOrtzegunean eman zuten hiruretan lehena. 

Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan erakusketa. JON URBE / FOKU
Irungo Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan Palestina Garrasika erakusketa, uztailaren 18an. JON URBE / FOKU

19:30ean emango dute dokumentala, baina pixka bat lehenago hasi da jendea Kabigorri barrenera sartzen. Batzuek pintxoa eta zuritoa eskatu dituzte; bertzeek, kafea. Eskatutakoak atera artean, argazkiak begiratu dituzte: anbulantzia bat polizia kontrolean gelditua, eraikinak sutan, jende pilaketak, ume eriak, pertsona bakartuak eta kea. Ke beltz-beltza. Argazkiak interpretatuta, terrazan eseri dira gehienak; eguzki argitan. Promises hasteko bortz minutu inguru falta direnean barrurantz egin dute, eta espresuki pantailara begira zeuden aulkietan eseri dira. Ez da aulki anitzik geratu libre. Argia itzali du tabernariak, eta sabaiko haizagailuak bertzerik ez dira aditzen ostatuan. Hasierako kredituekin batera lasaitu egin da jendea. «Disfrutatu dezazuela», erran du antolatzaileak. «Ahal den neurrian, behintzat». Gizon batek koaderno txiki bat atera du sakelatik, eta tapa kendu bic urdinari. 

Umeen ahotik

Bi mutil gazteren ahotsekin hasi da dokumentala. Jerusalemen bizi dira biak, eta, eskolara joateko autobusa hartu behar izaten duten arren, nahiago izaten dute hiriaren erdigunea ez zeharkatu, bonbak erortzeko arriskua dela eta. 18 zenbakidun autobusik ere ez dute hartzen; duela hilabete batzuk leherrarazi egin zuten, eta 22. autobusean joaten dira orain eskolara. Neska txiki bat agertu da jarraian, aita kartzelan duelako negarrez hasi dena. Anaiak hartu du hitza: «Guk ezin dugu hemendik alde egin, borroka irabazi egin behar dugu; arabiarrak bota». Aurkakoa diote hasierako bi mutil gazteek: «Juduek gure lurretatik bota gintuzten, eta errefuxiatuen kanpamentuetan sartu».

Bertze etxe bat erakutsi dute jarraian: «Armaz inguratuta gaude», erran du txikienak. «Gure lurraren defentsarako beharrezkoa dena egingo dugu». Aitona bat eta bi biloba agertu dira azkenik: «Jesus erreala dela uste duzu?», galdetu dio bilobetako batek aitonari. «Zaila egiten zait pentsatzea existituko balitz halako sufrimendurik onartuko lukeenik». 

Paretako argazkian ageri den neskatxaren antza dauka dokumentalean ateratzen den neska txikiak: eskolako patioan jolasean ari dira biak. Argazkian, dena dela, hauts artean ageri da eskola; dokumentalean, berriz, zutik.  23 urte pasatu dira dokumentaletik argazkietara. 21:15 izanen dira, gutxi gorabehera, bukaerako kredituak agertu direnean. Argiak piztu dituzte, eta banan-banan atera dira ikusleak Kabigorritik. «Gogorra izan da», erran dio emakume batek bertze bati. «Erreala da», erantzun dio. «Hori da arazoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.