ATZEKOZ AURRERA. Javier Erize. Sanferminetako afixaren egilea

«Gogobetetzen ninduelako margotu nuen Caravinagre»

Ez da margolaria ofizioz, baina margotzea maite du Erizek. Salvador Beuntza, Isabel Bakedano eta Juan Jose Akerretarekin pintura ikasi zuen. Erizeren kartelak iragarriko ditu aurtengo sanferminak.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Caravinagrek iragarriko ditu aurten sanferminak. Javier Erizek (Iruñea, 1972) egin du, eta botoen %29,4 eskuratu ditu. Esan duenez, «ohore handia» da nork bere herriko bestak iragartzea, eta ez da kezkatu orain arteko karteletan kiliki hori bost bider atera delako. Ordenagailua hartu beharrean, margoak hartu ditu iruindarrak: pintura akrilikoarekin margotuta dago, eta azken geruzan berniza emanda. Onartu du irabazteko aukerak zituela aurreikusi zuela. Izan ere, sare sozialetan harrera beroa izan zuen bere afixak lehendabizikotik.

Ez da zezenik behar kartel lehiaketa irabazteko.

Ez, ez. Nire ustez, Sanferminetan ehunka gai daude. Zezena da deigarriena, bestari zirrara handiena ematen diona, baina ederrak diren mila gauza daude, eta oraindik ere ustiatzeko daude.

Azkenaldiko kartelen ezberdina da zurea.

Atzera egitea da, estilo tradizionala da, beti egin izan dena: eskuz margotzea. Koadro baten antz handiagoa du. Ez nuen estilo hori landunahi; gainera, diseinu kartelak ere egin izan ditut, modernoak, baina askotan hori inertziagatik egiten da, mundu guziak egiten duelako. Kasu honetan, batez ere, ni gogobetetzen ninduelako margotu nuen, Caravinagreren soslai hori maite nuelako, eta neure buruari esan nion: «Gustatzen zaidana eginen dut, berdin zait aukerarik duenetz». Batzuetan, bat gusturago geratzen da norberari gustatzen zaionzerbait duela jakinda. Askotan, zerbaiten bila galdu egiten da bat.

Bestaren zein mezu eman nahi duzu kartelarekin?

Kiliki famatuena dago bestari lotua. Eta, gero, haurrei —eta hain haurrak ez direnei—beldurra ematen diela. Haurrak beldurra uxatzen du kilikiaz trufa eginez; beldurrari ihes egitea bezala da, bizitzan egiten dugun gisan. Hasieran, soilik Caravinagre ageri zen, baina uste dut haurrak ematen diola grazia.

Ez da lehiaketara aurkezten zaren lehenbiziko aldia. Zergatik parte hartzen duzu?

Erosoagoa da zure hirian parte hartzea, milaka txapelketa daudelako, eta, hara eta hona bidaltzen ibiliz gero, horrek jarraipena eskatzen du. Erosoena da hau. Eta, noski, nire hiriko bestak dira, eta, irabaziz gero, hori izugarria da.

Beraz, are hobeki hartu duzu sari hau, etxean irabazita?

Noski, ohore bat da, hemengo bestarik garrantzitsuenak direlako, bai eta mundu osoan ere. Horregatik aurkezten zara, nahiz eta jakin oso aukera txikia duzula. Baina irabaziz gero, ohore eta gogobetetze itzela da.

Irabazteko gogoak presioa handitzen du?

Inoiz ez dut kartelik egin irabazle izateko; horrela, akabo arazoak, eta lasaiago nabil.

Jendea kexu da afixak berdintsuak direlako urtetik urtera. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Hori da Iruñeko jendeak duen inpresioa, bai. Nire ustez, diseinuan badira hainbat gauza jendeak nekez ikusten dituenak, eta kartelak baloratzeko tenorean atzera egiten dute. Gauza argiagoak nahiago dituzte. Hala ere, nik ez dut horretan pentsatu kartela egiterakoan.

Konpartsa oso garrantzitsua da iruindarrentzat. Horregatik jaso duzu babes zabala?

Konpartsak edozein iruindar erakartzen du. Bizitzaren aroaren arabera, gauza batzuetara edo besteetara jotzen du batek, baina konpartsak beti dira erakargarri, haurrekin zein haurrik gabe. Ederra da. Hemengoa da, eta polita da hori karteletan erabiltzea.

Nola bizi dituzu sanferminak?

Aurten, alaba dudanez, ezberdina izanen da, baina saiatzen naiz gauez pixka bat ateratzen, baina baita goizez ere. Zezenketetara eta entzierrora joaten naiz. Ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen naiz: lagunekin elkartu, hamaiketakoak egin... Hainbeste aukera dago!

Pintura ez da zure ogibidea, baina sari honek aukera emanen dizu zure lana ezagutarazteko?

Noski, jende askok ikusiko du, eta kartela toki guzietan egonen da. Jarraitzeko bultzada ere bada; batez ere, adorea ematen du horrelako gehiago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.