«Margolaria banaiz, koadro honi esker naiz: Velazquezen Bredako errendizioa». Hala esan zion Jose Antonio Sistiaga margolari eta zinemagileak (Donostia, 1932) BERRIAri iaz, artistak eskainitako azken elkarrizketetako batean. Umea zela, koadro haren kopia bat ikusi zuen gurasoen lagun zen Linazasoro medikuaren etxean. «Gizon bat beste bati giltza bat ematen ikusten nuen, eta besteak ez ziola inoiz hartzen; joaten ginen bakoitzean ikusi nahi izaten nuen, ea halakoren batean hartzen zion. Umeen gauzak. Linazasororen aitonak egindakoa zen, eta haren margo kaxa bat oparitu zidaten. Hala erabaki nuen margolari izan nahi nuela». Etxekoek ez zioten sekula zaletasun harekiko eragozpenik jarri, eta Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat izatera helduko zen hala. Herenegun hil zen Sistiaga, 91 urte zituela. Ziburuko bere etxean (Lapurdi), bihotzeko baten ondorioz.
1966. urtean, beste hainbat artistarekin batera —Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta Jose Luis Zumeta—, Gaur euskal artista taldearen sortzaileetako bat izan izanak egin zuen ezagun Sistiaga, eta bera zen 2020az geroztik bizirik geratzen zen taldekide bakarra. Gaur taldearen helburua izan zen garai hartako molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtzea eta abangoardia berri bat sortzea, baina bi urte soilik iraun zuen haren jardunak, kideen arteko desadostasunak zirela medio.
Seme bakarra zen Sistiaga, eta sendi errepublikazalekoa. Auzoko apaiz batek haren aita salatu ei zuen behin, eta hiru urteko espetxealdia bete zuen. Atera zenean tiro bat eman zioten, eta txiripaz salbatu ei zen. «Gaztetxoa nintzen, baina oroitzen dut amak esan zuela: 'Zure aitak arazoak izan ditu Meliton Manzanasekin'».
Donostiako San Telmo museoan egin zituen lehen urratsak artistak; antzinako lanen kopiak egiten hasi zen bertan. Parisera egin zuen gero, 1950eko hamarkadan, eta han egin zituen pintura ikasketak. Han «begiratzen eta gauzak ulertzen saiatzen» ikasi zuela kontatu zion 2007an urtean egunkari honi. Urte haietan ezagutu zuen Manuel Duque artista, eta haren lanak arrasto sakona utzi zuen Sistiagarengan. Hala, hamarkada hartan osatu zuen bere lehen erakusketa, pintura figuratibo eta abstraktuekin. Eivissara (Balearrak, Herrialde Katalanak) eta Donibane Lohizunera (Lapurdi) lekualdatu zen ondotik, lanerako inguru aproposago baten bila.
Bere obra ez da plastikora bakarrik mugatzen, sorkuntzarako zuen grinak hainbat sormen formatu praktikatzera eraman baitzuen; pinturaz gain, musika, zinema eta performancearen eremuak arakatu zituen, ZAJ taldeko kide izan zen —Esther Ferrerrekin batera, besteren artean—, eta haurrekin ere lan egin zuen, pasioz oroitzen zuena. «Haiek zuten haiek inteligentzia eta sentsibilitatea. Egiten zituzten galderengatik eta euren artean esaten zutenarengatik jakin nuen hori. Asko gustatu zitzaizkidan gazte haien jakin-mina eta fintasuna. Opari handi bat izan zen».
Hala ere, oroz gain, margolaritzat zeukan bere burua artistak, eta haren koadroen artetik nabarmentzen diren lanen artean daude, besteak beste, Estructura abierta (1958), Retrato magico, mujer y espejo (1959), Espacio y Energia (1961), Las cuatro estaciones (1970), Serie Retorno al Bosque (1970) eta Otro paisaje vasco (1977-1979).
Zeluloidean artelanak
Urte emankor batzuen ondotik, 1965ean sortzeari utzi zion Sistiagak, ikerketa esperimentalean eta pentsamendu teorikoan zentratzeko. Hiru urte iraun zuen etenak, eta zinemarekin itzuli zen lan artistikora, 1968an. Orduan eman zuen argitara Ere erera baleibu izik subia aruaren film abstraktu eta psikodelikoa. 75 bat minutu irauten duen lana da, eta kamerarik gabe dago egina, zuzenean zeluloide gainean pintura ezarrita. Proposamen apurtzailea izan zen sasoian, eta hark ekarri zion nazioarteko ospea Sistiagari. Are, zinema abstraktuaren historian parekorik ez duen lan bat da oraindik filma. Jean-Michel Bouhoursek, Parisko Pompidou museoko zuzendari zenak, filmaren kopia bat erosi zuen museorako.
Zeluloidea zuzenean margotzearen teknika bere ibilbideko aurkikuntza esanguratsuenetakotzat oroitzen zuen artistak: «Deskubrimendu bat izan zen niretzat zeluloidea margotu zitekeela jakitea, Parisen zinemara joan eta pelikularen aurretik pintatutako film labur bat bota zutenean. Txinako koloretako tinta erosi eta hain euskarri mehea pintatzea bera interesatu zitzaidan». Hala ere, materiala aldatu arren, pintatzearen ekintza bera ez zela aldatzen uste zuen. «Berdin jokatzen dut kartoia, tela edo zeluloidea izan margotzen dudana».
Gustuko zuen sortzeko bide berriak probatzea, eta hala egin zituen laurogei urte lanean. Bide luze horren erakusleiho gisa, De rerum natura erakusketa jarri zuen ikusgai Kutxa Kubok iaz. Naturarekiko zuen begirada islatzen zuen erakusketak, zeina Bouhoursentzat «ageriko hari eroale bat» zen haren obran. Hala pentsatu zuen artistak erakusketa lehen aldiz ikusi ondotik: «Eskerrak oso areto handia den eta mota askotako koadroak sartu ahal izan diren. Nik hiru metro eta erdiko edo bost metroko koadro gehiago nahi nituen; hemen [etxean] berrogei bat izango ditut, kiribilean gordeta. Baina, tira, gustatu zait nola gelditu den». Hain justu, Bouhours aritu zen erakusketa hartan komisario lanetan.
Hainbat tokitan daude hark egindako lanak, hala nola Bilboko Arte Ederren museoan, San Telmo museoan, Gasteizko Arte Ederren museoan, Madrilgo Reina Sofia, Arte Zentroaren Museo Nazionalean eta Parisko Cinematheque Françaisen.
Arte Ederren fakultateak
Maiz kritikatu izan ditu Arte Ederren fakultateak, eta, horren gainean galdetuta, itzulingururik gabe erantzun zion BERRIAri: «Ez zaizkit inoiz interesatu. Parisen amaren lagun pintore baten etxean bizi izan nintzen, eta hango Arte Ederretan sartzen lagundu zidan». Nolanahi ere, hilabete pasa baino ez zen egon bertan, han ikasten zuena San Telmoko koadroak kopiatzen ere ikasi zezakeelakoan. «Niretzat hori zen ikasteko modua, eta ez irakasle baten teknikari segitzea. Museo xumeenetan ere beti daude kalitatezko obrak, eta nahiago izan dut horiek izan irakasle. Are, nahiago dut koadro baten irakaspena, koadroa egin duenarena baino». Hain justu, hala ezagutu zuen Rafael Ruiz Balerdi, 14 bat urte zituela. «Horrek irakasle baten azalpenek baino gaitasun hobea eman zigun gauzak ulertzeko».
Azken urteetan errepikatzen zuenez, pinturan topatu zuen babeslekurik handiena. «Hor sartzen naiz beste mundu edo lurralde batean. Eguneroko bizitzan, ordea, egon behar dudan ororekin egoten naiz. Neure burua ez dut bakartzen, mundua interesatzen ez zaidalako. Kontrakoa».
Gogoan hartzeko pintzelkadak
Ibilbide oparoa eginda, igandean hil zen Jose Antonio Sistiaga margolari esperimentala, Ziburuko bere etxean, 91 urterekin. Diziplina ugaritara hedatu zuen pintura, hala nola musikara eta zinemara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu