Musikaria

Peru Eizagirre: «Gogoa neukan neure burua Euskal Herrian aurkezteko eta harremanak eraikitzeko»

Estatu Batuetan jazz masterra egin ondotik, Viktoria Eugenia antzokian izanen da bihar, 19:30ean, kontzertua ematen.

Peru Eizagirre, joan den astean, Errenterian. GORKA RUBIO / FOKU
Peru Eizagirre, joan den astean, Errenterian. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
Errenteria
2025eko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Haur txiki batek bateria eskatu zion behin Olentzerori. Hark, gutuna irakurri, eta ekarri. Peru Eizagirre (Hondarribia, Gipuzkoa, 1999) zen umetxo hori, eta, gaur egun, profesionalki aritzen da bateria jotzen. Hiru urte daramatza AEB Ameriketako Estatu Batuetan bizitzen eta hango aretoetan jotzen; urte hasierako opari gisa, baina, urtarrilaren 3an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izanen da, bertze hiru musikarirekin batera kontzertuan. 

Profesionalki bateria jotzailea zara, baina musikariek beti jotzen dute bertze instrumenturen bat. 

Profesionalki baino ez dut jotzen, baina pianoa ikasteko klaseetara joaten nintzen bateriarekin hasi aurretik, 5 urterekin. Tronpeta ere jo nuen urte batzuetan, baina gero ez nuen jarraitu. 

Zergatik aukeratu zenuen bateria?

Egia esan, ez dut ondo gogoratzen. Gabon batzuetan, 10 urterekin-edo, buruan sartu zitzaidan bateria nahi nuela eta jotzen ikasi nahi nuela. Ordurako hasia nintzen tarteka eskola kontzertuetan-eta bateria jotzen, eta natural ateratzen zitzaidan. Bateria etxean izan nuenetik, ikastolatik bueltatu eta zuzen-zuzenean joaten nintzen bateria jotzera. 

Eskoletara joan gabe ikasi zenuen? 

Bai, hasieran ez nuen klaserik hartu. Musika eskolan uste dut ez zegoela lekurik, eta neure kabuz hasi nintzen: musika entzun, eta entzuten nuen horri bateria jarri. Bi urte geroago, Donostiara joan nintzen bigarren hezkuntza egitera, eta han bazeukaten bateria irakasle bat; hor hasi nintzen ondo ikasten. 

AEBetara musikagatik joan zinen? 

Bai. Nik musika gradua Eskozian egin nuen, Glasgown. Gradua egin aurretik, argi neukan musikaria izan nahi nuela eta horretatik bizitzeko saiakera egingo nuela. Eskozian gradua egin ondotik, New Yorkera joan nintzen Jazz masterra egitera. Ikasketak han egin izanak aukera ematen du beste urte batez lanean jarraitzeko, eta horretan ari naiz orain. 

Musikatik bizi zara, beraz? 

Bai; ez da erraza, baina bizi daiteke musikatik ere. Beste lanbide bat da: ordutegi jakin bat eduki dezakezu, eta lanaldi antolatu bat. Kontua da aurreikusteko zaila dela, edo hala izan daitekeela maiz. Hilabete batean kontzertu asko izaten dituzu, eta hurrengoan oso gutxi; desoreka hori ekartzen du, eta horregatik izan daiteke lanbide desberdina, baina egin daiteke. Dena den, nik badaukat beste lan bat han bertan, eskolan, musikarekin zerikusirik ez duena. Horrek ere laguntzen du, eta lasaitasun handia ematen du. 

Nola lotzen dituzu kontzertuak?

Jazz munduan, musikariok eszenako beste musikariekin batera jotzen dugu. Talde bat sor daiteke, eta beti musikari berberekin jo, baina nik eszena jakin batean dagoen jendearekin jotzen dut. Adibidez, piano jotzaile bati gustatzen bazaio nik nola jotzen dudan, hark deituko dit, eta ni haren eszenara joango naiz jotzera. 

Aukeratu egiten zaituzte, alegia. 

Horrelako zerbait, bai. Esaten digute egun eta ordu jakin batean zer kontzertu duten eta ea joko dugun han. Lan desberdinak egiten ditugu. Horregatik gustatzen zait esatea musikarion lana ez dela kontzertuak ematea, baizik eta hiriak ezagutzea eta kontaktuak egitea: sarea egitea. 

Donostian jotzeko ere aukeratu zaituzte.

Kanpoan hainbeste denbora eman dudanez, gogoa neukan etxean aritzeko eta hemengo musikariekin jotzeko. Gogoa neukan, bide batez, neure burua Euskal Herrian aurkezteko eta harremanak eraikitzeko. Aurtengo udan ezagutu nuen kontzertuko saxofoilaria, eta hark egin zidan gonbidapena. Instagramen elkarri jarraitzen genion, eta musikari euskaldunok badakigu gutxi gorabehera nor den nor, ezagutzen dugu elkar. Nik ikusia nuen nola jotzen zuen, eta asko gustatu zitzaidan. Udan zerbait hartzeko geratu ginen, eta beste musikari batzuk gomendatu zizkidan. Lehen aldia izango da guztiok batera joko duguna, eta, beraz, berezia izango da. 

Lehendabiziko kontzertua duzu Euskal Herrian? 

Kontzertu bat egin nuen Uxuen [Nafarroa], zientzia eta arteetako erakunde batentzat. Baina horretaz gainera ez dut ezer egin. 

Nahikoa entzuten da jazza Euskal Herrian? 

Ez dut guztiz ezagutzen hemengo egoera, baina badakit musikari on asko daudela eta publiko interesatu bat ere badela. Kontua da jazza entzuteko eta jotzeko ohitura ez dela hain handia, eta jende askok pentsatzen duela gauza urruna eta kanpokoa dela. Jazza ez da musika zaharra: jazza musika inprobisatua da. Gaur egungo musika modernoarekin nahasketa bat egin daiteke, eta emaitza ederrak atera daitezke. Ez dut uste hain urruna egingo litzaigukeenik ezagutuko bagenu. 

Zergatik aukeratu zenuen jazza?

Nik bateria jo nahi nuen, berdin zitzaidan zer moldetan. Ikasketek, ordea, erabakiak hartzera garamatzate, eta niri ere iritsi zitzaidan aukeratzeko ordua: popa edo jazza. Iruditzen zitzaidan jazzean gehiago ikasiko nuela, eta huraxe hautatu nuen. Ikasketak hala behartuta hasi nintzen, baina izugarri gustatu zitzaidan, eta horrexegatik jarraitzen dut. 

Kanpora joan behar da musikari izateko

Musikenen egin daitezke ikasketak, noski. Hor ez bada, ez dakit aukera handirik ote dagoen. Jazzak dituen ezaugarrietako bat da norberak aukeratu dezakeela non eta zertan sakondu. Oso ondo dago kanpora joatea eta kanpoko gauzak ikastea, baina ez nuke esango beharrezkoa denik. Benetan gustukoa bada eta sakondu nahi bada, edozein lekutan egin daiteke. Niri neuri oholtzaratzeko gaitasuna eman dit kanpora joateak; Eskozian, adibidez, ohitura handia dago musika zuzenean jotzeko, eta hasieratik entrenatu gintuzten zuzeneko kontzertuetan. Hasieratik eduki nuen kanpoan jotzeko aukera, eta hori asko eskertzen dut; ikastea ez da klaseetara joatea soilik. 

Zer egin behar da oholtzara igo aurretik?

Lehen pausoa da ulertzea ez dela maila zehatzik behar oholtzara igotzeko. Beti edukiko dugu beldurra, eta hasieran beti sentituko dugu ez gaudela prest, baina esperientzia bakoitzak prestatuko gaitu hurrengo esperientziarako. Iruditzen bazaizu ez daukazula behar besteko mailarik, alde batetik horixe da momentu egokia oholtzara ateratzeko. Beldurrak eta presioak aurrez aurre dituzulako, besteak beste. 

Sekretu bat egonen da ongi jotzeko. 

Alde batetik, prestakuntza. Musikariekin prestatzea, eta nork bere kabuz. Ni egunero entseatzen saiatzen naiz, baina behar den prestakuntza bakarra ez da fisikoa. Mentalki prest egon behar da jendaurrean jotzeko. 

Bateria maletan eramaten duzu?

Oraingo honetan, bai, baina hori aretoaren arabera izaten da. Batzuk prest egoten dira, eta besteetan, berriz, hobe da geure materiala ekartzea.

Donostiako Jazzaldian dena prest edukiko zenuke. 

Gustura joko nuke hor, oso pozik. 

Musikaria ez bazina, zer izanen zinateke?

Psikologiarekin zerikusia duen zerbait egingo nuke, eta pentsatu nuen, gainera. Baina nahiago izan nuen musikari izateko arriskua hartu.

lotsabako

Eman duzun kontzertu bat?
Glasgown jotako azkena.

Musikari bat?
Robert Russel.

Oholtzan bakarrik edo taldean?
Bi modutan egin daiteke, baina ni sekula ez naiz bakarrik atera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.