Arte Ederrak ikasten ari zela hasi zen musikaren munduan Cris Lizarraga (Bilbo, 1992), duela bederatzi urte. Fakultatean sortu zuten Belako taldea, dagoeneko sona handia lortu duena. Orain, Plastic drama diskoa aurkezten ari dira pandemiak uzten dien baldintzetan. Bihar Iruñeko Nafarroa Arenan izanen dira, 19:30etik aurrera, Santas Pascuas jaialdian. Diskoaz, letrez, musikaz eta feminismoaz mintzatu da abeslari bizkaitarra.
Auto zinemetan kontzertu bira egin zenuten etxealdia bukatzean. Zer moduz esperientzia?
Orduan ez genekien zer zetorkigun, beraz, leiho bat izan zen, haize freskoa. Momentu hartan esperientzia oso katartikoa izan zen, baina orain beste une batean gaude.
Esperimentatzea maite duzuenez, hortik etorri zen gogoa?
Bai, esperimentazioa maite dugu, eta gure managerrari kontzertuetarako toki bereziak bilatzea gustatzen zaio. Promoziorako baliatu genituen, diskoa aurkeztu eta geldirik ez geratzeko. Dirua galdu genuen.
Ahal den bezala, baina itzuli zarete oholtza gainera. Zer moduz disko berriaren aurkezpena?
Jotzeko aukera izatea opari bat da, baina gogoa dugu askatasunez mugitzeko; izan ere, aurten atzerrian aritu behar genuen. Jendea eserita dagoenez, ikasten duzu publikoarekin berrelikatzeko beharra ez izaten, baina gogoa dugu jendea zutik egon dadin.
Giroa hotzagoa da, beraz?
Ezinbestean, baita ikusleentzat ere, ezin baita berdin transmititu. Hala ere, kontzertu batzuetan, eserita eta maskara ahoan, jaso ditugu jendearen berotasuna eta animoak.
Zer dira plastikozko dramak?
Benetako dramak ikustearen eta zure drama propioak sortzearen anbibalentzia hori. Gure belaunaldiak informazio eta datu pila bat dituenez, alde batetik, nagusitasun moral batetik eta epaiketatik eztabaidatzen dugu, eta, era berean, errudun sentitzen gara guztiz eta ez gara espazio-denboran kokatzen. Lehen munduko dramez ari gara.
Edo millennial-en arazoez?
Hori da. Hausnartu dugu feminizidioez, genitalen mutilazioaz, transfobiaz... benetako dramez, baina ez dugu irakasbiderik eman nahi, ez gara etorkorrak; autokritikaz heldu diegu gai horiei.
Lehen deskribatu duzuna ez al da Twitter?
Bai, noski. Twitterren inspiratutako hitzak dira, Twitterrik ez duen baten eskutik. Agian horregatik ez naiz hor sartu; gehiegi litzateke.
Gizarte honek dena plastikotan bildu beharra du?
Planetak ez du jasango gehiegizko kontsumo hau. Izugarriena da oraingo krisiaren modukoetan berehalakotasuna dela lehentasuna. Sortzen ari garen plastiko guziarekin ari gara beste krisi handi hori elikatzen: ingurumenarena.
Eduki sozial handiko letrak dira. Horrela ulertzen duzue musika?
Prozesu naturala izan da. Hasieran ez genekien nora iritsiko ginen, beraz, intuizioz egiten genituen letrak, barnetik. Gero hasi ginen nerabezaroko oskola apurtzen, eta kontzientzia hartzen duzu: pertsonala politikoa dela eta zer gauza gertatzen diren inguruan. Hala ere, ez dugu panfleto bat izan nahi. Aktibismoa eta aldarrikapenak taldetik kanpo ere egiten ditut.
Maitasun kantetan gerra deklaratu diozue erromantizismoari?
Maitasunaz aldarri guziekin aritzen gara. Sistema heteropatriarkala sostengatzeko beste modu bat da botere rolak onartzea.
Musikaren munduko eta kazetarien aldetik jasotako matxismoa salatu zenuen eskutitz batean. Nola ikusten duzu orain egoera?
Ez dakit ohitu naizen edo ez dudan lupa hain zorrotz. Pentsatzen dudana esateko beldurra galdu dut, baina ez naiz optimista, orduan salatu nituen pertsonek hizkera bera erabiltzen jarraitzen dutelako. Argi dago zein aldetan dagoen prentsa.
Zer egoera bizitzen dituzu?
Galdera hauei erantzun behar izatea, adibidez.
Tratu txar psikologikoa jaso duten emakume gazteen bizipenak bildu dituzu fanzine batean. Horrelako bizipenak irakurtzeak lagundu diezaieke beste batzuei?
Oso harro nago. Lagunekin bizipenak partekatuz ohartu nintzen errazago zela hori aztertzea besteen istorioak adituta, enpatiatik. Psico Womanek esango lukeen bezala, erreminta kutxa bat da; truke bat, beste truke batzuk bultzatzeko.
Fanzinearen alde egin duzu kontrakulturaren parte delako?
Batzuetan ez da beste aukerarik. Fanzinea aterki handia da, eta jende asko sartzen gara. Berrogeialdian erabaki nuen bukatzea: Haizeak maketa ederra egin zuen, eta Culomalak memeak. Pikararen lehen esperientzia editoriala da, eta flipatu dugu: hirugarren edizioa dugu. Pikara niretzat erreferentea da, haien testuen bidez konektatu nuen lehenbiziko aldiz espiritu kritiko feministarekin. Beraz, haiekin egin beharra nuen.
ATZEKOZ AURRERA. Cris Lizarraga. Belako taldeko abeslaria
«Gogoa dugu ikuslea zutik egon dadin»
'Plastic drama' diskoa aurkezten ari da Belako. «Ez dugu panfleto bat izan nahi», esan du Lizarragak. Drama errealei autokritikaz so egin nahi die, eta, bide horretan, aktibismoaren bidea ere baliatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu