Gogo eta gorputzaren kartzela

Arantxa Gurmendi 25 urte zahartuta ikusi ahalko da gaur Donostian, 'Gartzela' drama psikologikoan

Iñake Irastorza aktorea eta Iban Lizarralde zuzendaria, Gartzela film laburra grabatzen. IRUTXULOKO HITZA.
Erredakzioa
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Kartzela kartzela da, nahiz eta norberak ateko giltza izan. Gartzela ikusi ahalko da gaur Donostian, Iban Lizarralde zuzendari gaztearen film laburra. Drama psikologiko gogorra da, eta Iñake Irastorza eta Arantxa Gurmendi aktoreak dira protagonistak. Azkena, ordea, 25 urte zahartu behar izan dute filmerako.

Lizarraldek gidoigintza ikasi zuen bi urtez, Isabel Alba Ricorekin, eta ikasketa amaierarako egitasmoa da Gartzela istorioa. Hain zuzen ere, ikasketen bukaerako proiektu gisa sortu zen filma.

Askatasun fisikoa eta psikologikoa ez datozela beti bat agertu nahi du filmean. Alargun baten (Irastorza) eta haren amaginarrebaren(Gurmendi) harreman zaila kontatzen du lanak. Istorioa gure garaian girotu dute, eta Lenbur fundazioaren etxe-museoan grabatu zituzten barruko eszenak, Legazpin (Gipuzkoa), giro itogarria islatzeko. Gurmendi, 80 urteko pertsonaia batena egin zezan, latexarekin makillatu zuten.

Gaurkoa ez da zinema emanaldi soila izango. Lizarralde zuzendaria eta bi aktore nagusiak izango dira aretoan, eta amaieran solasaldia izango dute ikusleekin. Filma emateaz gain, hura nola egin zuten kontatzen duen bideo bat ere erakutsiko dute.

'GARTZELA'

Noiz. Gaur, 19:30ean.

Non. Kutxaren Andia kaleko aretoan, Donostian. Doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.