Estudioko egunerokotasunetik ihes egin nahian, landara joan ohi da Anton Hurtado (Iruñea, 1946). Maiz, sorterrira joan eta Nafarroako Erriberako bazterrak margotzen ditu. Eta askotan, Donejakue bideko txokoak islatzen ditu. Donejakue bideko akuarelak eta beste paisaia batzuk erakusketan bildu ditu azken hiru urteetan egindako ehun bat akuarela. Bilboko Juan Manuel Lumbreras arte galerian dago uztailaren 26ra arte (Henao kalea, 3).
«Paisaiekin gozatuz, izaera intimista duten akuarelak sortzen ditut». Intimistak, barrutik irtendakoak dira. «Nire barneak pintatzen du, ez nire eskuak; nire burua da pintatzen duena». Gogo egoera gisa definitzen ditu akuarelak. «Momentuko sentipenak, usainak edota koloreak islatzen ditut. Agian, gero ikusleak nik hura sortzean izan dudan sentipen bera izango du, edo ez. Horrek ez dit ardura».
2003an egin zuen lehen aldiz Donejakue bidea, eta ordutik ia ibilbide guztiak egin ditu. Urtean bitan joan ohi da bideetako bat egitera. Aurten otsailean egin du, eta uztailean berriz itzultzeko asmoa du. Erakusketan azken hiru urteetako Donejakue bideen bildumatxoa osatu du, eta horrekin batera, Nafarroan igarotzen dituen oporraldietan margoturiko akuarelak ere ipini ditu.
Bidearen espiritualitatea
Via Balata, kostaldekoa, frantziarra, Aragoikoa... Via Balatatik, adibidez, Sevilla eta Badajoz arteko erreka baten ingurua erakusten du akuarela batek. «Ibaiaren parte bat Andaluzia da eta bestea Extremadura». Zamorako mahastiak ere ageri dira beste batean. San Andres bidaiaren amaieran dagoen iturria zehaztasun osoz margotu du. Ez da xehetasunik falta; «iturriak duen xaflako letrak ere ia irakur daitezke». Harrigarria da paisaia zelan hiltzen doan; nola desagertzen joan den». Soriako paisaia lehorretara ere badarama ikuslea. Horietan lurra zurixka da, ez zuriz margotu duelako, margortu gabe utzi duelako baizik. «Atsegin dut huts sentsazioa. Elementuak gehitu baino nahiago izaten ditut kendu». Gero eta akuarela minimalistagoak egiten dituela uste du. «Guztiek dute marrazketa lerro bera, eta badago haien arteko harmonia bat, koloreari dagokionez, adibidez. Zoria agertzen bada, onartzen dut. Baina ez dut gura nire akuarela zoria izatea».
Egin dituen azken akuareletako bat da Pitillasko aintzirako kanaberadia ageri dena. Azken bidaiakoa da, era berean, Burgosko elurtutako Quintanapalla herrikoa. Nafarroa, Errioxa eta Zaragozako paisaiez sorturiko akuarelak ere badira. Besteak beste, Bardean eta, artistaren opor lekuan, Milagron eginak. «Nafarroa goitik behera ezagutzen dudan eremua denez, gauza jakinak bilatzen ditut. Donejakue bidean, ordea, begi bistan agertzen zaizkidan gauzak margotzen ditut».
Akuarelen parean Alessandro Boriccoren Zeta eleberriko eta Fabrizio Rondolinoren Un cosí bel posto-ko testuak ipini ditu. Baita Karmelo Camachok aukeraturiko poemak ere. «Testuek eta artelanek badute nolabaiteko lotura». Bestalde, albo batean Hurtadoren liburu eta koadernoak daude. «Atsegin ditut bidaia koadernoak, eta aldean daramatzadan agendan eta liburuetan margotzen dut».
Bakardadea askotan sufritzen omen du, nahiz eta batzuetan atsegin izan hori. Donejakue bidean bakardadea eta konpainia topatzen ditu. «Pintatzean bakarrik nago, baina badakit egunaren amaieran antzeko bizipenak izan dituen norbaitekin egongo naizela». Bidaiaren espiritualitateaz mintzo da. «Bakardadeko momentu asko daude. Nahi ez arren, beti dago elkarrizketa pertsonal bat».
Ezarian. Akuarelak
Gogo egoeren bidaia koadernoa
Azken hiru urteetan egindako Donejakue bideetako paisaiak biltzen dituzten akuarelen erakusketa jarri du ikusgai Anton Hurtadok. Bilboko Juan Manuel Lumbreras arte galerian izango da uztailaren 26ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu