ATZEKOZ AURRERA. Raquel Gutierrez. Ekintzailea

«Gobernuan sartu gabe egin behar dira borrokak»

Boliviako kitxuen eta aimaren matxinada izan zen bere lehendabiziko borroka ekintzaile gisa, 1980ko hamarkadan. Egun, Hego Amerikako gizarte mugimenduen egiturak ikertzen ditu.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Mexikoko Pueblako Unibertsitate Autonomoan irakasle eta ikertzailea da Raquel Gutierrez (Mexiko Hiria, 1963); Hego Amerikako indigenen gizarte mugimenduetan, erresistentzian eta eraldaketa sozialean aditua da. Boliviako Tupac Katari gerrilla taldea sortzeagatik kartzelan egon zen 1992tik 1997ra. Irten ondoren ere beste hainbat gizarte mugimendutan parte hartu zuen, eta orain gizarte mugimenduei buruzko Horizonte Comunitario Popular (Herriaren Etorkizun Komunitarioa) liburua aurkezten dabil. Iruñeko Katakrak liburu dendan eman zuen hitzaldia lehengo astean.

Nola definituko zenuke herriaren etorkizun komunitarioa?

Menderatzean eta esplotazioan oinarritutako harremanak aldatzeko desio, nahi, eraldaketa praktika eta subertsioen multzoa da. Demokraziaren aldeko edo lehengai naturalak berreskuratzeko borrokak izan daitezke. Kapitalismoaren aurka borrokatzen direnak biltzeko terminoa da.

Hego Amerikako gizarte mugimendu horien egiturak ikertu dituzu. Zer bilatzen duzu ikerketa horietan zehazki?

Kapitalismoaren aurkako gizarte borroka bat sortzen denean, aldarrikapenak egiteko plataformak edo programak sortzen dira. Baina formak edukia mugatzen du, eta borroka horren barruko hainbat aldarrikapen, asmo eta nahi ez dira jasotzen. Bi aldetatik egiten dut ikerketa. Batetik, gizarte mugimendu horietan egin eta bilduta geratzen ez dena azaleratzen dut. Eta, bestetik, efektu politikoa neurtzen dut, hots, egin den indarragatik gobernuek edo administrazioak hartutako erabakiak.

Dena den, gizarte mugimenduak oso ezberdinak izan daitezke, eta horrek ere ikerketa zailago egingo du, ezta?

Bai. Hala ere, gizarte mugimendu hauek komunean dituzten bi gauza antzeman ditut urte hauetan guztietan. Baliabide naturalak berreskuratu nahi dituzte, pribatizazioaren aurka eginez. Horrez gain, erabaki kolektiboak bultzatu nahi dituzte, erabaki politikoen monopolioaren aurka borrokatuz. Gero, leku bakoitzean borrokak bere xehetasunak ditu, baina oinarrian beti nahi dituzte bi gauza horiek.

Herriaren etorkizun komunitarioak helburuak lortzeko duen oztopo nagusia estatua da?

Gizarte mugimenduen barruan sortzen diren joerek talka egiten dute administrazioarekin. Gobernu bat eratu nahi duzunean, programa bat egin behar duzu, eta ideiak aurkezteko modelo bat erabili behar da. Ideien itzulpena egin behar da modelo horren barruan sartzeko. Horrenbestez, ezin dira bere hartan jaso oinarrian egiten diren aldarrikapen guztiak.

Hala, defendatu duzu gizarte mugimenduetako jendeak ez lukeela gobernura iritsi beharko.

Erabat ziur nago. Gobernuan sartu gabe egin behar dira borrokak. Gobernuetatik gauzak egin daitezke, baina ez du antzik izango mugimenduek egiten dituzten aldarrikapenekin. Gobernuaren programek ez dute bat egingo mugimenduetako eraldaketa moduarekin.

M-15 mugimendua mugatuta dago Podemos alderdi bihurtu zenetik?

Bai. Alderditik kanpo geratu ziren ekintzaileak haserre daude, ikusten dutelako Podemos alderdiko politikariak dinamika instituzionalean erabat harrapatuta daudela. Bestalde, alderdian daudenak haserre daude uste dutelako alderditik kanpo geratu zirenak euren kontra daudela.

Zein da Herriaren Etorkizun Komunitarioek lortu duten lorpenik nabarmenena?

Hego Amerikan indar hori izan zen liberalismoa kolapsatu zuena eta liberalismoaren gezurra agerian utzi zuena.

Zer arazo dakar neoinstituzionalismoak?

Neoinstituzionalismoak neoliberalismoa bultzatzen duten politikak egiten ditu; state-building deitutako politikak dira. Politika horiek immobilismoa bultzatzen dute. Esaterako, argiaren prezioekin jokatzen dute euren mesederako, eta, gero, borrokatzeko aukerak murrizteaz arduratzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.