ATZEKOZ AURRERA

Glisseguna, urak atzemana

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Angelu
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Paisaia nahasia ikusten da Angeluko (Lapurdi) Barrako hondartzan egun. Surf egitetik jin berria den mutiko bat oinutsik da, loriatua. Alta, antolatzaileetako batek zopatua du zira: burutik beheiti lerratzen zaizkio tantak, turrustaka, katiusken gainera. Bertze kirol elkarteko animatzaile bat zain da atertu dezan, txankletak putzuek irentsirik.

«Kirol elkarte guziek erran digute ez zirela beldur eguraldiaz. Surfa hasia da, kuraia handiko ikasleekin baitabiltza uhinetan... Skatea hasteko, beha dira haizeak pista idor dezan; irristatzea ere bai...», erran du Seaskako Ramuntxo Etxeberri antolatzaileak. Ez da batere ezkor, helburua partez betea baita: «Gure xedea da erakustea posible dela lerra kirolak euskaraz ere egitea; harremanak lotu ditugu elkarteekin; sare sozialetan ibili gara... Egun ezin izan dira egin, baina izan den dinamika biziki baikorra da».

Hemeretzigarren Glisseguna bete-betean harrapatu du idortea eten duen euriteak; goiz guzirako aurreikusiak ziren aktibitateetarik, beraz, surfa da ari izan den bakarra. Karpa xuri kasik hutsak ikusgarriak dira itsasoaren eta zeruaren gris ilunen artean. Iban Iturbidek kolorea gehitu dio panoramari: surf egitera ilki baita bi aldiz, 10 eta 15 urte arteko gazteekin. Uhaina surf eskola sortu zuen preseski Glisseguna ere abiatu zelarik. Goiz osoko egitarau oparoari fidela izan zaion bakarra da: «Baldintza onak dira, uhin ttipiak baitira. Bi kurtso eman ditut: lehen txandan bost ziren, eta bigarrenean bi. 10 eta 15 urte artekoak. Bat ez zen sekula surfean aritu; besteak bai, pare bat aldiz. Orain fini dut, marea sobera igo baita eta ikasteko konplikatuegia baita. Egun oso ederra pasatuko dut!».

Surfa xutik

Hamabost metroko kablea eskuan du Gorka Perezek; yosseikan budo arte martzialetako erakaslea da. «Bustiegia denez, ezin ditugu tatamiak pausatu. Alta, sarri motibatuko balitz nehor, gu prest!».

Beharbada, Aiena Intxauspe eta Kima Goietxe gazteek hartuko dute parte Perezen kurtso batean. Intxauspe aspalditik dator Glissegunerat: «Aktibitateetara eta jatera etorri gara. Jokoentzat sustut: skimboarda. Korrika egiten duzu, eta lerratzen zara taula gainean. Orain janen dugu, eta ikusiko dugu sarri atertuko duenetz».

Mirari Agirre surflari gazteakgehien maite duena skimboarda da; badu usaia Glissegunerat jiteko: «Biziki maite dut Glisseguna: bada biziki gauza egiteko. Skimboarda da gehien maite dudana. Berantetsia naiz instala dezaten. Bestela, ez da gauza handirik, eguraldi txarragatik. Taloak biziki onak ziren!».

Jatekoaren urrin hautak arra-populatu du giza basamortu paisaia bustia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.