Komunikazioa

Gizonezkoak dira «protagonista» EITBn, ikerketa baten arabera

EITB taldeak genero estereotipoak indartzen dituela ondorioztatu du Ipar Hegoa fundazioak sustatutako azterlanak

Bilbon aurkeztu zuten, atzo, EITBren inguruko azterlanaren bigarren zatia. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Emakumeak EITBko albistegietan «ikusezinak» direla ondorioztatu du Aztiker ikerketa soziologikoen zentroak, azterlan batean. Eta generoen irudikatzea «estereotipatua eta diskriminatzailea» da. EITBk hedabide gisa betetzen duen eginkizuna aztertzen ari da Ipar Hegoa, LABeko ikasketa sindikaleko fundazioa, Aztikerrekin batera. Atzo ikerketaren bigarren atala aurkeztu zuten, emakumeek eta gizonek EITBko albistegietan duten presentziari buruzkoa. LAB sindikatuak «larritzat» jo ditu ikerketan azaldutako datuak.

Albistegietako subjektuetatik %75 gizonezkoak direla azaldu du Arkaitz Martinezek, Aztiker zentroko kide eta azterlanaren egileak. Albisteen %16tan baino ez dira emakumeak protagonista. Gizonezkoak dira nagusi kiroletan (%92), ekonomian (%69) eta politikan (%74), eta, hain zuzen, atal horiek gailentzen dira albistegietan. Emakumezkoak ukitu soziala duten gaietan azaltzen dira, gehienbat.

Arantxa Sarasola LAB sindikatuko zerbitzu publikoen federazioaren arduradunak azaldu duenez, emakumearen parte hartzea %16tik gorakoa da bizitza publiko eta sozialaren eremu guztietan: «Beraz, EITBko albistegiek ez dute errealitatea islatzen».

Generoen estereotipoei dagokienez, gizonezkoaren irudia eremu publikoari lotuta agertzen da albisteen %99tan, baina emakumezkoen kasuan %50era jaisten da portzentajea. Gainera, albisteen %20tan diskriminazioa hitzez ere adierazten dela esan du Martinezek, «emakumearen rola bigarren mailan jarriz edo generoaren errealitatea aintzat hartu barik».

Sarasolaren hitzetan, errepresentazio estereotipatu horiek lagungarriak dira nagusitasun egiturak betikotzeko: «Eredu berriak ikustea eta horietan islatzea eragozten die belaunaldi berriei».

Informazio unitate gisa, albistegiak erabili dituzte edukien araberako ikerketa. Horietan oinarritu da hizkeraren azterketa ere. Hain zuzen ere, 2010eko irailetik azarora bitarteko 28 albistegi ikertu dituzte, ETB1ekoak, ETB2koak, Euskadi Irratikoak eta Radio Euskadikoak.

«Egituratze androzentrikoa»

Albistegien egituraketa bera «androzentrikoa» dela ondorioztatu du LABek, errealitatetzat gizona duena. Albistegietan emakumeek dituzten egitekoez eta estereotipoez gain, beste hainbat alor aipatu ditu Sarasolak. Adibidez, gizonezkoak izendatzen diren kasuen %83tan izena eta eragilea erabiltzen da; emakumezkoei dagokienez, aldiz, %60tan baino ez.

Mugimendu feminista albistegietan «ia ez da existitzen», Sarasolak dioenez. Azterlanaren arabera, berrien %2,6tan bakarrik aurkitu dituzte emakumeen desberdintasun egoerari buruzko aipamenak. «Esan dezakegu diskriminazio eta desberdintasun egoera ez dagoela albistegietan islatuta».

Horrela, berdintasunera iritsi eta emakumeen irudia alderdi guztietan normalizatzeko hedabideek duten ardura azpimarratu du Sarasolak: «EITBk, genero ikuspegitik, ez du betetzen bere funtzio publikoa». Berdintasunaren aldeko konpromiso tinkoak exijitu dizkiote taldeko zuzendaritzari. «Eraldaketa bultzatu beharko litzateke, eta esku hartzeko plan integral bat osatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.