Ezin iritsi dabil Ana de Miguel (Santander, Espainia, 1961): militantzia, unibertsitatea, ikasketa feministak, doktoretza... Donostiako Basque Culinary Centerren izan da, Aniztasuna eta generoa gastronomian jardunaldietan: ez da gastronomian aditua, baina emakumeek alor horretan bizi dituzten ezinak estrapolatu egin daitezke bestelakoetara, arazoa egiturazkoa baita: patriarkatua.
Zergatik ez dira ikusten goi mailako emakume sukaldariak?
Hasteko, beharrezkoa da jakitea zergertatzen den sukaldearekin. Milioika emakumeri entzun diegu esaten etxean: «Hau asperdura: zer jarriko dut bihar bazkaltzeko?». Eguneroko lana da. Sistema patriarkalak emakumea etxeko sukaldera egotzi du. Ostera, sukaldeak badu beste dimentsio bat eremu publikoan, sormenarekin eta berrikuntzarekin lotua. Eta horren guztiaren arduradun eta gidariak gizonak dira, ia esklusiboki.
Meritukraziaren diskurtsoa gailentzen da: kasualitatea da?
[Barreak] Hortxe dago gakoa. Orain arte, gizonek ez zuten zertan azaldu zergatik ez dauden emakumeak haiek betetzen dituzten lekuetan. Feminismoak pixkanaka ulertu du emakumeon bazterketa eta ikusezintasuna, tartean beste borroka batzuk zeudelako: lan ordaindua, boto eskubidea, parekidetasuna, hezkuntza... Sukaldaritzan, horri erantzuten hasi direnean, meritukraziarena asmatu dute: «Ez ditut aurkitzen», «Ez dira hain sortzaileak». Adarra jotzen ari zaizkigu.
Gauza bera beste alorretan, ezta?
Rousseauk eta halako filosofoek ahoa bete zuten berdintasuna hitzarekin, baina emakumeak baztertu egiten zituzten, botere egituran sartzea galaraziz eta hori legitimatuz. Hemen berdin gertatzen da: mutilen klub bat da, mutilen beste klub bat gehiago. Gizonek elkarri aitortu ohi diote boterea eta sormena, eta ez, aldiz, emakumeei.
Zer behar da emakumeak lehen lerrora ekartzeko?
Batetik, emakumeek ez dute joko horretan sartu nahi; mundu hori aldatu nahi dute, baina oso zaila da, hasteko, asko kostatzen zaielako horra iristea. Esfortzu izugarria egin eta gero, aldatzen saiatzea esfortzu titanikoa da paternalismoz eta gutxiespenez hartzen dituen mundu batean.
Feminismoaren gorakadaz hitz egiten da: hala da?
Bai, duela 200 urte egosten hasitako gorakada bat da: oso prozesu geldoa izan da, baina badirudi orain azkartzen ari direla. Nire ustez, oso potentea da bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte leloa. Beti izan da horrela, baina orain lelo horrek kalean batu gaitu.
Beste greba orokor bat dator Martxoaren 8an; beharrezkoa da?
Garrantzitsua da presentzia publikoa izatea, horrela baino ez baita inplikatuko gizartea. Garrantzitsua da gizarteari jakinaraztea nazkatuta gaudela. Ongi ari gara, baina ez dirudi nahikoa denik; ezin gara elkartu gutako bat akabatzen dutenean soilik: aldaketarako pausoak emateko elkartu behar dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Ana de Miguel. Filosofoa
«Gizonek elkarri aitortu ohi diote boterea»
Teoria feministen historia irakasten du De Miguelek Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Manifestazioetan elkartzeaz harago, beharrezkotzat du andreak aldaketarako pausoak emateko batzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu