Artatza Urederra kanpina munduko herri nomaden topaleku bilakatu da. Kanpinak, berez, gaur egungo nomaden kanpalekuak dira, eta egurrezko etxola ederren alboan, furgonetak, karabanak eta kanpadendak ezarri daitezkeen lur eremuen barruan, kultura nomada zenbaiten etxebizitzak paratu ditu Joseba Ossak (Zumaia, Gipuzkoa, 1964). Artadiz eta pagadiz inguratutako leku magikoa are xarmagarriagoa bilakatu da haima, kota, jurta eta gurdi estaliekin.
Haima da eraiki duzuen azkena.
Hala da. Larunbatean eraiki genuen haima. Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio Izagirrerekin kontaktatu nuen. Tindufeko [Aljeria] errefuxiatuen kanpalekuak oso ondo ezagutzen ditu, eta handik ekarri dugu haima. Udaran hemen lo egiteko edo ekintzak egiteko aukera izango dute kanpinera datozenek.
Nola hasi zen hau dena?
Amets bat izan zen. Finlandiarekin lotura estua daukat, emaztea hangoa baita. Sami herria gertutik ezagutzeko aukera izan dut, eta kanpineko bazkide bihurtzean, duela hamar urte pasatxo, bi sauna eta kota bat jarri genituen. Samiak Europako azken indigenak dira. Elur artean bizi dira, zirkulu polarretik gora, Laponian. Elur oreinekin ibiltzen dira batetik bestera. Finlandiako samien etxea izan da kota. Gaur egungoak egurrez egiten dituzte, eta oktogonalak edo zirkularrak izan ohi dira.
Nomadekin liluratuta zaude...
Gizateria osoa nomada izan da nagusiki bere historia luzean; 300.000 urteko historian, duela 12.000 urte inguru hasi ziren lehen gizakiak sedentario bihurtzen. Bizimodu berri bati ekin zioten, baina esango nuke oraindik nomada bat dugula gugan. Askatasunarekin lotzen dut, eta errespetuarekin. Asko zor diegu herri nomadei. Niretzat, inspirazio iturri bat dira.
Oraindik badira kultura nomadak, ezta?
Bai, gaur egun mundu osoan daude nomadak. Guztira 30-40 milioi lagun inguru dira. Gehienak egoera zailean bizi dira, baztertuta, zapalduta... Ez dute bizimodu erraza, baina mendeetako bizimodu hori ondare aberatsa da. Gerretatik, okupazioetatik edo jazarpenetik ihesean dabiltzanak ere nomadak dira, derrigorrezko nomadak, nolabait esatearren. Batetik bestera doaz babes bila, bizimodurik gabe.
Jurta bat ere jarri zenuten.
Kotaren ostean, jurta jarri genuen. Mongoliako estepetako nomaden etxeak dira. Egun, milioi bat nomada inguru dira herrialde hartan, eta urtean hirutan edo lautan lekualdatzen dira animalientzako bazka bila joateko. Duela milaka urte bezala bizi dira, nahiz eta askotan antena paraboliko bat duten atarian. Egurrez, lastoz eta artilez egiten dituzte, biribilak dira, eta erdian beheko sua izaten dute.
Ijitoen etxeak, berriz, gurdi estaliak izan dira.
Bai. Gurdi pare bat ere badauzkagu; karromatoak. Ijitoak dira nomaden arteko gutxiengo etnikorik zabalena; izan ere, gaur egun hamabi milioi ijito daude mundu zabalean, bereziki Europan. Indiako Rajasthan eskualdean dute jatorria. Handik Persiara joan ziren, eta, gero, Armeniara eta Balkanetara. Gurdian mugitu izan dira aspaldi-aspalditik.
Tipi bat eraikitzeko asmoa ere badaukazue...
Hurrengoa izango da. Tipi hitzak bizitzeko tokia esanahi du siux hizkuntzan. Emakumeak ziren kokalekua eta antolaketa erabakitzen zutenak. Apatxeek, txerokiek, arapajoeek... denek erabiltzen zituzten tipiak. Erreserbetan bizi dira gaur egun. Kultur asimilazio bortitza jasan dute.
Erakusketa bat ere zabaldu duzue. Zer da zehazki?
Sei panelez osatuta dago, eta testuak eta argazkiak ditu. Nomadak gara du izena, eta panel orokor bat da abiapuntua. Ondoren, bost kultura nomada hauek hartu ditugu hizpide: sahararrak, samiak, mongoliarrak, siuxak eta ijitoak. Guztiontzat dago zabalik.
Lotsabako
Herrialde bat?
Euskal Herria.Leku bat?
Muragako txokoa, Artatzan (Nafarroa).Furgoneta edo kanpin denda?
Furgoneta.