Gizatasun deserosoa

Hamalau lagunek osatzen dute 'Aita Mari' ontziaren tripulazioa, eta bi hilabeteko salbamendu misioak egiten dituzte Mediterraneoan. Maiatzera bitartean, Bilbon bisitatu ahalko da ontzia.

(ID_13754989) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-04-03, Bilbo. 'Aita Mari' ontzirako bisita
Iñigo Mijangos 'Aita Mari' erreskate ontziko kapitaina, zubian, nabigazio gutunak erakusten. Egunotan, ontzia Bilbon dago, eta asteazkeneko bisita batekoa da argazkia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Kanpotik begiratuta jada, toki abegikorra dirudi Aita Mari itsasontziak: mastetako batean, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen bandera daukate; bestean, Black Lives Matter mugimenduarena; indarkeria matxistaren kontrakoa, LGTBI ortzadarra; Palestinakoa. Eta banderok laburbiltzen dute, era berean, jaioterritik alde egiteko arrazoietako asko: gerrak, homofobia, matxismoa. Indarkeria, haren hainbat aldaeratan. Mediterraneoan esku hartzen du Aita Mari-k, Libiatik Lampedusarako (Italia) ibilbidea egiten duten migratzaileak erreskatatzen ditu, baina Euskal Herrian egingo ditu datozen hilabeteak: Bilboko Itsasmuseumeko kaietan egongo da aurrena, maiatzaren 4ra bitartean; eta Pasaiara (Gipuzkoa) joango da ondoren, ekainera arte. Doako bisita gidatuak antolatu dituzte.

SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEarena da ontzia. Erakunde hori 2016an sortu zen —Kios uharteko (Grezia) errefuxiatu esparru batean lan egin zuten, aurrena—, 2017an erosi zuten Aita Mari —baxurako arrantzontzi bat, jatorrian—, eta hurrengo urtean abiatu zituzten misioak, ontzia salbamendu jardueretarako egokitu ostean: besteak beste, popako arrantza hozkailua kendu, eta tripulazioarentzako kamaroteak eraiki zituzten; erizaindegia handitu zuten; eta komunak eta dutxak ugaritu zituzten, Iñigo Mijangos Aita Mari-ko kapitain eta SMHren presidenteak esplikatu duenez.

«[Libiako milizianoek migratzaileak] Harrapatzen dituzte, eta bahituta eduki, miliziak ezarritako erreskatea ordaintzen duten arte. Bitartean, estortsionatzen dituzte, torturatu...»

IÑIGO MIJANGOS 'Aita Mari' salbamendu ontziko kapitain eta SMH erakundeko presidentea

Bi hilabeteko misioak egiten dituzte, eta beste bi hilabetez deskantsatzen dute. Egitasmo bakoitzean, hamalau lagun joaten dira: zortzi langile finkoak dira, eta beste sei boluntariok osatzen dute tripulazioa. Kideak ugaritu ahala, ordea, nabarmena da espazio falta. Izan ere, bisita gidatuko hogei bat lagunak ozta-ozta sartu dira kamaroteetan eta zubian; estuak dira korridoreak, erizaindegia eta sukaldea, eta eskuko eskailera orobat estuz josita dago ontzia; banan-banan mugitu behar izan dira bisitariak, eta patxadaz egin behar izan dituzte eremu batetik besterako lekualdaketak. Ontziren bat erreskatatzen dutenean, hirukoiztu egin liteke pertsonen kopurua, eta luzatu egonaldiak: 70 bat lagun, hamar egunez.

Harrerarako prest

Agintarientzako deserosoak dira, tripulazioko kideek onartu dutenez. Eta, ondorioz, zorrotzagoak dira igaro behar dituzten azterketak. «Irten aurretik, akats txikiren bat ikusten badute, baliteke nabigatzeko baimena ukatzea, eta bi edo hiru aste itxaron behar dira», kontatu du Alfa Omar Diallok. Behin itsasoratuta, zenbait bidetatik izaten dute ontzien berri: merkantzia barkuek irratiz abisatzen dute halako batekin topo eginez gero; Lampedusako pare bat GKEk hegazkinak ateratzen dituzte goizero; eta, batzuetan, ontzietan larrialdietarako telefono bat egoten da.

Amaia Iguaran SMH erakundearen presidenteordea Aita Mari ontzian, Bilbon, bisitariei azalpenak ematen, asteazkenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Iguaran SMH erakundearen presidenteordea 'Aita Mari' ontzian, Bilbon, bisitariei azalpenak ematen, asteazkenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ontzietara Libiako miliziak baino lehen heltzea da helburua. «Lekukotzen bidez dakigu hango egoeraren berri», esan du Mijangosek. «Harrapatzen dituzte, eta bahituta eduki, miliziak ezarritako erreskatea ordaintzen duten arte. Bitartean, estortsionatzen dituzte, torturatu...». Eta ibilgailuen egoerak urgentzia areagotzen du: haiek artatzen dituztenetan, berrogei-hirurogei lagun inguru joaten dira, edozein momentutan kolapsa daitekeen ontzi batean; 850 milia egin behar dituzte helmugaratzeko, eta bi egun behar izaten dituzte ailegatzeko, gutxi gorabehera. Tarte horretan, hipotermiak gertatzen dira; gasolinaren, uraren eta gatzaren nahasketak azala erre egiten die; eta, kasu batzuetan, barkua irauli eta hondoratu egiten da.

Bi txalupa ditu Aita Mari-k, eta haiekin hurreratzen dira migratzaileengana; hasteko eta behin, haien errezeloak gainditu behar dituzte: nortzuk diren esplikatzen diete; batez ere, ziurtatzen diete ez direla libiarrak, Amaia Iguaran SMHren presidenteordeak azaldu duenez. «Haiekin hitz egiten dugu, barkuaren barruan laguntzen ditugu, bi pertsona ezarrita daude modu konfidentzialean hitz egin nahi izanez gero...». Eta andreentzako eremu espezifikoak gordetzen dituzte, haiek trankil eta seguru egon daitezen. Izan ere, asko dira migrazio bidean indarkeria sexuala jasan dutenak; hori hala, misio bakoitzean emakumeak joan daitezen bermatzen du erakundeak.

Aita Mari ontzia, Bilboko Itsasmuseumen pareko kaian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Aita Mari' ontzia, Bilboko Itsasmuseumen pareko kaian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Barkura heltzean —ababorretik sartzen dira beti, seguruagoa baita—, tea ematen diete, azukre askorekin. Jasotzen dituzten pertsona gehienak musulmanak direnez, ez dute txerri haragirik itsasontzian, eta halal motatakoa da kontsumitzen duten oilaskoa. Bodegan, salbamendurako trajeekin batera, pilatuak dituzte azukre pakete mordo bat, kuskusa, galletak, limoiak, sagarrak... Izozkailu handietan gordetzen dute ogia eta okela. Brankako kamarotean, arropa dute —bustita heltzen dira guztiak—, eta dozenaka plastikozko edalontzi eta zurezko sardexka eta koilara, bakoitza dagokion zenbakiarekin. Eta jostailuak ere badaude, haurrentzat.

Araudia, oztopo

Ontzikoak jasotzen dituztenean, helmuga portu bat ezartzen diete berehala. Hala zehaztua dauka Italiako Gobernuak. «Baina tranpa dago», ohartarazi du Iguaranek: urrutiko portu bat izaten da beti. Aita Mari-ren azken misioan, esaterako, 43 lagun erreskatatu zituzten, eta 1.400 miliatara zegoen portu bat ezarri zieten; hamar eguneko bidaia izan zen. «Gainera, berehala joan behar duzu hara», zehaztu du Iguaranek. «Hau da, beste ontzi baten berri baduzu, ezin zara desbideratu: itsasontzia konfiska dezakete, eta kartzela zigorra ezarri».

Halere, askotan hausten dituzte arauak, onartu duenez. Isunak ezarri izan dizkiete, eta kideetako bati bi urteko kartzela zigorra eskatzen diote. Eta egoerak okerrera egingo du berehala. Iguaranen arabera, Europako Kontseilua hitzarmen bat onartzekotan da datorren astean: asiloa eskuratzea are gehiago konplikatuko da, eta ondorioak izango ditu GKEentzat, halaber: «Giza trafikoa egotzi ahal izango digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.