Mikel Agirre. Langile solidarioa

«Gizartetik jasotzen dugu guztia, eta geuk ere ekarpena egin behar diogu gizarteari»

Sanfilippo sindromea duten haurren aldeko jaialdi bat antolatu du Royde enpresako Mikel Agirrek. Ruper Ordorikaren kontzertua Tolosan egingo dute, gaur, AEBetatik zientzialariak ekartzeko asmoz.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Mikel Agirre (Tolosa, Gipuzkoa, 1970) Royde enpresako langilea da. Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarren haurraren aldeko kontzertua antolatu du gaurko, 20:00etan, Tolosako Leidor antzokian. Ruper Ordorika arituko da kantuan.

Nolatan dabil lantegi bateko langile bat elkartasun jaialdiak antolatzen?

Ner Group taldeko enpresa batean nabil. Lanerako estilo berria bultzatzen du elkarteak. Oso garbi daukagu oinarria pertsonak eta gizartea direla; helburua gizarte solidarioagoa eta justuagoa sortzen laguntzea da. Badakigu gizartetik jasotzen dugula guztia, eta geuk ere ekarpena egin behar diogu gizarte horri. Erabaki genuen lan denboraren %2 eta etekinen %2,5 gizarteari eskaintzea. Hori egitasmoen bitartez egingo dugu, eta Ruper Ordorikaren kontzertua horietako bat da.

Zer da Sanfilippo gaitza?

Gazteen alzheimerra esaten diote. Ikasten dutena ahaztu egiten zaie haurroi, gai kimiko batzuk desegin eta asimilatzeko entzima bat falta zaielako. Hiperaktibitatea, buruko min galantak, egonezina... Oso gazte hiltzen dira, nerabezaroan.

Tratamendurik badago eta horretarako bildu nahi duzue dirua?

Saio batzuk egiten ari dira AEBetan, baina animalietan oraindik ere. Guraso horien itxaropena da saio kliniko horiek Euskal Herrira ekartzea eta euren umeekin probatzea. Oso bizi-itxaropen laburra dute, eta edozein gauza hori baino gehiago da. Arazoa da hiru milioi euro kostatuko lukeela. 800 mila euro bilduak dituzte, eta, kalkulatu dutenez, 2020rako bilduko lukete behar dena. Gaurko haurrentzat oso berandu izan daiteke hori.

Zenbat pertsonak dute gaitz hori Euskal Herrian?

Bizkaian bada familia bat hiru haur dituena, eta hirurak gaitz honekin. Euskal Herri osoan, zazpi-zortzi pertsona daude gaixorik.

Zergatik jo zenuten Ruper Ordorikarengana kontzertu horretarako?

Adin bateko jendearengana heldu nahi genuen. Guretzat, badira mugarri diren musikari batzuk, eta horietako bat da Ruper Ordorika. Gainera, ez da asko Azukre koxkorrak diskoa kaleratu zuela, eta horretaz baliatu nahi genuen. Asmoa azaldu genion, eta baietz esan zuen.

Zertan dira ezberdinak zuen jokabidea hartzen duten enpresak?

Ner Groupen sistemak erabat aldatzen du enpresa gehienetan dagoen sistema hierarkikoa. Elkarteko enpresak kooperatibak izan daitezke, erantzukizun mugatuko konpainiak edo sozietate anonimoak. Etikan eta gardentasunean oinarritzen da, konfiantzan eta komunikazioan. Sartzeko baldintza batzuk daude: etekinen %20-30 artean langile guztien artean banatu behar dituzte, dirutan. Langileen gaineko kontrolik ez dago: inork ez du fitxatzen. Lantaldeak daude, eta astero hartzen dituzte konpromiso batzuk, dagoen lan kargaren arabera. Konpromiso horiek betetzea da helburua. Norberak erantzukizunak hartzen ditu.

Eredua enpresa guztietara zabaltzerik legokeela uste duzu?

Zabaltzea legoke, eta zabaldu egin beharko litzateke. Eredugarria da. Gure elkartean abokatu bulegoak daude, arkitektura estudioak, aisialdirako taldeak. Sistema edozein egitasmori ezar dakioke. Ekonomialarien hizkera iluna baztertzen dugu, eta gauzak argi azaltzen ditugu, edonork ulertzeko moduan, denok hizkera bera erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.