Datorren asteko estreinaldiak

Gizartearen gaineko satira gordina

Ruben Ostlunden 'The Square' pelikulak Urrezko Palma irabazi du aurtengo Cannesko Zinemaldian

Zuzentasun politikoa, aberastasuna, pobrezia... landu nahi izan ditu Ostlundek filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zinema munduan gaur egun Suediak duen zinemagilerik ezagunena da Ruben Ostlund zuzendaria. Ez da oraindik jende saldoa zinema aretoetara mugituko duen izena, baina azken urteotan prestigio handia lortu du orain dela 43 urte Gotenborgen jaiotako zuzendariak. Are handiagoa aurten Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuenetik, orainaretoetara iritsiko den The Square filmarekin.

Sari garrantzitsu hori azken urteotan izandako ibilbide artistiko interesgarri baten errematea izan da. Jaioterrian lehen urratsak egin ondoren, Ostlund 2011n hasi zen Suediatik kanpo ere ezagun egiten, gehienbat Play filmari esker. Sorterrian oihartzun handia lortzeaz gain, Gijongo eta Tokioko zinemaldietan zuzendari onenaren sariak eskuratu zituen bullying gaia lantzen zuen pelikula gordin horren bitartez.

Handik hiru urtera, Ostlunden ibilbideak beste urrats inportante bat egin zuen. Turist filma - Force majeure izenburua ere hartuzuen pelikulak- Cannesko zinemaldian aurkeztu eta hango Un certain regard sail prestigiodunean epaimahaiaren saria jaso zuen. Sari hori, beste hamaika sariren eta izendapenen hasiera besterik ez zen izan.

Horri esker, Alpeetako eski estazio batean girotuta zegoen familia drama Europako herrialde askotan estreinatu ahal izan zen,eta urteko pelikularik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen.

Gizartearen kontraesanak

The Square izan da hurrengo urratsa, eta, dudarik gabe, Cannesen irabazitako Urrezko Palmak zinemagile inportanteen ligara eraman du zinemagile suediarra. Istorio deseroso eta probokatzailea da Ostlundek pantaila handira eraman duena, eta, halakoetan gertatu ohi den bezala, muturreko iritziak eragin zituen zinemaldian.

Itxuraz sinplea da The Square-k kontatzen duen istorioa. Arte garaikideko museo batean, izen bereko erakusketa bat prestatu dute; giza balioak sustatu nahi dituen proiektua da, eta hori sustatu nahian dabiltza. Christian da museoko zuzendaria, eta komunikazio enpresa bat kontratatuko du erakusketa sustatzeko. Enpresa horrek ekintza ikusgarria prestatuko du, zeresan handia eta kritika ugari eraginen dituena.

Hain zuzen ere, ideia horrekin lotutako gaiak dira film honetan Ruben Ostlundek landu nahi izan dituenak: zuzentasun politikoaren mugak, aberastasuna eta pobrezia, indibidualtasunaren eta komunitatearen arteko amildegia... Horiek guztiak bere sorterrian eta Europa osoan ikusten dituen joerek eragindako ideiak direla aitortu du zinemagileak. Horretarako, ikuslearen aurrean muturreko egoera bat begi aurrean jartzea ezinbestekoa zela uste du.

Era berean, The Squarehainbat esperientzia errealetan dago oinarrituta. Batetik, 1973. urtean Princetongo unibertsitateak teologia ikasle batzuen portaeren inguruko esperimentu bat. Bestetik, 2008an Suedian izan zen gertaera bat: urte horretan, guztiz itxitako lehenengo auzunea inauguratu zuten; eremu bat, non herritar aberatsek guztiz bakartuta bizi diren. Azkenik, Ruben Ostlundek berak Vandalorumgo museoan egin zuen erakusketa bat ere izan da pelikula izan dituen lehengaietako bat.

'THE SQUARE'

Zuzendaria. Ruben Ostlund.

Aktoreak. Claes Bang, Elisabeth Moss, Dominic West, Terry Notary, Christopher Laesso.

Herrialdea. Suedia.

Urtea. 2017.

Iraupena. 142 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.