Euskarazko komunikabideen sistema «nahiko indartsua» eta «ugaria» da, Europako beste hizkuntza gutxituekin alderatuta. Hala ondorioztatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Heka ikerketa taldeak. Iñaki Zabaletaren zuzendaritzapean, Euskarazko hedabideen errealitatea 2015ean artikulua landu du Hekimen elkartearen Euskal Hedabideen Urtekarirako —urtekaria osorik Hekimen.eus webgunean irakur daiteke—. Artikuluaren garapen sakonago eta landuagoa Uztaro aldizkari akademikoan argitaratuko dute, 2016an. Zabaletaz gain, ikerlariak Itxaso Fernandez, Nikolas Xamardo, Arantza Gutierrez eta Carme Ferre-Pavia dira.
Euskaraz ari diren komunikabide guztiak hartu ditu Hekak aintzat, eta azaldu du euskal hedabideen sistemaren indar nagusia ez datorrela erakunde publikoen zuzeneko eragin eta diru laguntzetatik, «guztiz beharrez- koak direla ukatu gabe», baizik eta gizartearen ahaleginetik.
Zabaletak nabarmendu du garrantzitsua dela euskarazko telebista bat eta irrati bat izatea, «edukieta zabalkunde orokorrekin». ETB1 eta Euskadi Irratiari buruz ari da —badira, gainera, euskarazko telebista eta irrati gehiago—. «Euskarazko egunkari bat eta astekariak ere baditugu, eduki orokorrekoak eta zabalkunde nazionalekoak». Sistema hori izatea, irrati, telebista eta egunkariarekin, «funtsezkoa» dela iruditzen zaio Zabaletari. «Galizian, adibidez, egunkaririk ez dute galegoz».
Europan hizkuntza gutxituetako komunitate gehienetan ez dute euskarazko komunikabide sistemak duen osotasuna. Hamalau urte daramatza Heka taldeak Europako hamar hizkuntza gutxituen hedabideak eta kazetaritza aztertzen.
Euskarazko 126 hedabide
2015eko azaroan, euskal hedabideen sistema orokorra 126 komunikabidek osatzen dute; horietatik, 68 dira prentsa idatzikoak, 30 irratiak, hemezortzi Interneteko hedabideak eta hamar telebista kateak. Interneteko komunikabideen sektorea gehiago garatuko da datozen urteetan, Heka taldeko ikertzaileen arabera. Ziur da fenomenoaz Zabaleta: «Gorantza are gehiago egingo dute Interneteko hedabideek. Egun, telebista bakoitzeko prentsa idatziko zazpi hedabide, hiru irrati eta Interneteko bi hedabide ditugu. Hemendik bost urtera, telebista bakoitzeko Interneteko hiru edo lau hedabide izango ditugu». Proportzioetan, prentsa idatziko hedabideak jaitsiz joan daitezke datozen urteetan.
Komunikabideak herrialdeka ere zenbatu eta aztertu ditu EHUko taldeak —Gipuzkoan daude euskarazko komunikabideen erdiak baino gehiago—. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «zantzu nahiko positiboak» antzeman dituzte. «Bertako abertzaletasun botoaren ehunekoarekin eta hiztunen ehunekoarekin, nahiko kopuru handia dute euskarazko hedabideek. Herri ekimenetik bada bizitasun bat», dio Zabaletak. Bizkaian euskarazko hedabideen pisu erlatiboa ahula da sistema osoarekin alderatuz, eta hiztun eta abertzale dentsitateekin alderatuz ere bai. «Bizkaiko egoera kezkagarria da: motel dago». Arabako pisua ere ahula dela diote ikerlariek. Nafarroan, aldiz, komunikabideek hartzen duten ehunekoa sistema osoaren barnean «franko handia» dela diote, «kontuan izanik bertako hiztun eta abertzale dentsitateak eta orain arteko Nafarroako Gobernuaren aurkakotasuna».
Euskal Herri osoan da «funtsezkoa» herri ekimena euskal hedabideen garapenean. «Jabetza sozialean islatzen da hori. Europan ez dago halakorik», dio Zabaletak. Datuak eman ditu hori azaltzeko: Europan, batez beste, komunikabideen hamarretik hiru dira jabetza sozialekoak, beste hiru jabetza pribatukoak, eta lau publikoak; Euskal Herrian, jabetza sozialekoak erdiak baino gehiago dira. «Herri modura egiten den ahaleginaren isla da».
Herri batzuetan eraman den multimedia konbergentzia ere nabarmendu dute ikerketan, zeinetan Interneteko webgune bat bihurtzen den ardatz, bihotz eta sare, hedabide tradizional berrituekin elkarlanean jarduteko.
Gizartearen ahaleginari esker, tinko
EHUko Heka ikerketa taldeak nabarmendu du euskarazko hedabideen sistema «indartsu» dagoela, beste hizkuntza gutxituekin alderatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu