Esther Rebato. EHUko Antropologia Fisikoko irakaslea

«Gizarteak eta kulturak eragina daukate pertsonen biologian»

Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso du Rebatok. Obesitatea izan du ikergai nagusi, ingurunearen, genetikaren eta sexu dimorfismoaren ikuspegitik. Obesitateari aurre egiteko garaian hezkuntzak duen garrantziaz hitz egin du.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Leioa
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Asko bizi izan du» Esther Rebatoren (Bilbo, 1957) EHUko Leioako campuseko bulegoak. Antropologia Fisikoko katedraduna da, 18 urterekin hasi zen bertan lanean, eta ikerlari eta irakasle lanetan jarraitzen du. Lankide eta ikasleen oroigarriz apainduta dauzka hormak.

Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso du, eta bulegoko mahai gainean dauzka saria iragarri zutenetik emandako elkarrizketen egunkari zati moztuak. «Munduko antropologorik onenetariko bat» dio goiburu batek, gazteleraz. Zorrotz begiratzen dio: «Hori ez jartzeko esan nien», zehaztu du.

Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso duzu. Nola hartu duzu berria?

Bitxia izan da. Erakundeak antropologia fisikoaren diziplinan lan egiten duen jendea biltzen du, eta ni bertako kidea naiz. Bi urtez behin kongresuak egiten ditugu, baina aurtengoan ez dut izena eman, arrazoi pertsonalak tarteko, eta ez nekien saria emango zidatenik. Abuztuaren 26an mezu elektroniko bat bidali zidaten, kongresu batean sartzeko, baina Aste Nagusia zen, eta ez nuen ikusi. Hurrengo egunean bideo bat bidali zidaten, eta jakin nuen saritu egin nindutela. Oso hunkituta geratu nintzen; ezin nuen sinetsi.

Saria ematen den hamargarren aldia da, eta hirugarren emakumea zara. Oso sari esklusiboa da...

Webgunean sartu nintzen nork jaso izan duen ikusteko; ez nintzen gogoratu ere egiten. Domina akademikoa da, eta, jasotakoan, erakundeko ohorezko bazkide egiten zaituzte. Urte askoan izan naiz bertako diruzaina, presidentea ere bai, eta orain aldizkarian nabil lanean. Uste dut egindako ibilbidearengatik baino gehiago lan horiengatik eman didatela saria: gazte asko animatu ditut kongresuetan parte hartzera, eta harremanetan egon naiz gainerako herrialdeetako elkarteekin.

Obesitatea izan duzu ikergai nagusia. Zenbateraino da arazo bat gizartean?

Sekulakoa. Koipe kantitatea gehiegi handitzearen ondorioz pisua handitzea da obesitatea. Hezurrak edo giharrak handitzearen ondorioz ere har daiteke pisua, baina hori ez da obesitatea. Arazo bat da biztanleria geroz eta sedentarioagoa delako, haurrengan asko ikusten ari garelako, eta prebenitu daitekeelako. Izan ere, pertsona batek obesitatea garatzeko geneak izanda ere, inguruan hori bultzatzen ez bada, posible da pertsona hori inoiz ere obesoa ez izatea.

Hain zuzen, obesitate fenotipoen determinatzaile genetikoak neurtu dituzu. Zer eragin du genetikak obesitatean?

Badaude gene batzuk obesitatea izatea bultzatzen dutenak; adibidez, FTO izenekoa. Nik genetikarekin egin ditudan ikerketak asoziazio genetikokoak izan dira. Adibidez, pertsona baten pisua ikertu, eta hortik koipea zenbat den eta nola banatuta dagoen neurtzen dugu lehenik. Gero, ikerketa genetiko bat egiten dugu listuaren bidez, eta ikusten dugu ea badauden fenotipo horrekin moduren batean lotu daitezkeen geneak.

Heredagarritasunaren bidetik ere egin ditugu ikerketa genetikoak. Familia ikerketak egin ditugu, eta gurasoen eta haurren ezaugarriak aztertu ditugu ikusteko zer zati den heredagarria eta zer zati den familia horretan kulturalki jasotzen dena.

Gene bakar bat dago obesitatearekin lotuta?

Ez dago obesitatea eragiten duen gene bakar bat; gene asko daude, eta eragina duten beste hainbat kontu daude. Obesitatea multifaktoriala da, eta inguruak eragina du geneen espresioan. Beraz, bizimoldea oso garrantzitsua da. Izan ere, geneak hor daude, baina gene horiek espresatu egin behar dira obesitatea garatzeko. Pistola baten modukoa da: kargatuta dago, baina tiro egin behar da garatzeko. Eta geneak askotan inguruarengatik espresatzen dira.

Inguruneko faktoreei ere erreparatu behar zaie orduan?

Bai. Pertsonok animaliak gara, baina gizarteak eta kulturak eragin handia daukate pertsonen biologian. Hau da, daramagun bizimoduaren ondorioz sortzen dira gaixotasun asko; horri herentzia kulturala esaten zaio, ez delako DNA bidez transmititzen, baizik kulturaren bidez.

Txakurraren adibidea jartzen dut azaltzeko: pertsona obesoen txakurrak ere obesoak izaten dira askotan, jabearen bizimoduak haienganeragiten duelako. Nik obesitatea badaukat, ez dizut DNA bidez kutsatuko, baina biok bizimodu sedentarioa badaukagu eta alferkerian bizi bagara, transmititu egiten da. Inguruneak gure fenotipoan eta espresio genetikoan nola eragiten duen aztertzen dugu antropologoek.

Zeintzuk dira inguruneko faktore horiek?

Elikadura ezinbestekoa da: ez bakarrik zer eta zenbat jaten duzun, baizik eta baita non edo norekin jaten duzun ere. Ez da gauza bera jende artean jatea edo ordenagailu parean presaka. Horrez gain,jarduera fisikoa egitea beharrezkoa da, eta ez dauka errendimendu handiko kirola izan beharrik, baina zerbait egitea komeni da, gutxienez paseo bat eman edo pixka bat mugitzea. Sedentarismoa eta elikadura txarra ezinbestekoak dira obesitatea garatzeko.

Badago beste faktorerik?

Faktore asko daude, eta, gainera,elkar elikatzen dute. Lo falta, jateko ordutegiak, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa... Eta horrez gain, estresak, kutsadurak, medikamentuek eta bestek eragiten dute. Eta gorputzarekiko daukagun irudiak ere bai.

Estereotipoek?

Telebista eta hedabideak pertsonen irudia distortsionatzen ari dira, eta bi muturretara iristeko arriskua dago: presio estetikoaren eraginez, elikadura ohiturak aldatu eta obesoa izatera iritsi daiteke, edo bulimia eta anorexia pairatzeko arriskua dago. Asko ikertu dugu gaia, pertsonek beren buruarekin duen asebetetzeak eragin handia daukalako.

Gizarteak nola ikusten du obesitatea?

Obesitatea estigma bat da gaur egun. Metroan edo hegazkinean obesitatea daukan pertsona bat tokatuz gero alboan, jendea beste eserleku batera joaten da. Jendeak uste du, halaber, obesitatea daukaten pertsonak alferragoak direla. Estigma horren ondorioz, bere gorputzarekin ondo sentitzen ez den pertsona bat etxean geratuko da agian, edo kontrakoa, izugarri jango du.

Sexu dimorfismoaren ikuspegitik ere landu duzu gaia. Gizonek edo emakumeek dute arrisku handiagoa obesitatea pairatzeko?

Oro har, emakumeek joera handiagoa izan dute obesitatea garatzeko, maila sozioekonomiko baxuagoa izan dutelako, eta bizitza sedentarioagoa izan dutelako. Emakumeak lan munduan ez direnez hain sartuta egon, biztanleria guztietan izan dute obesitaterako joera handiagoa.

Era berean, maila sozioekonomiko baxuko emakume bat erdiko klaseko bat baino okerrago elikatuko da; izan ere, lehena patatez edo eltzekariez elikatuko da, eta, elikagai merkeagoak eta kalitate okerragokoak kontsumitu beharko ditu, ez daukalako sasoiko barazki eta fruituak erosteko aukerarik.

Kasu horretan ere bizi ohiturek eta genero rolek eragingo dute, ezta?

Bai, haurrekin gertatzen dena da horren adibide: ikastetxeetan, neskato guztiek egiten dute gorputz heziketa, baina askok albo batera uzten dute gero. Jarduera fisikoa egiten mutil askok jarraitzen dute, baina neskek gutxiago, nahiz eta hori ere aldatzen ari den.

Nola egin behar zaio aurre obesitateari?

Nire ustez, obesitateari hezkuntzaren bidez aurre egin behar zaio; prebentzioan lan egin behar da. Hezkuntzak egiten du jendea aske, eta umetatik bultzatu behar da jarduera fisikoa egitea. Eskolan ere elikagai osasuntsuak jatera bultzatu behar da, haurrek elikagaien kultura osasuntsua barneratu dezaten.

Denbora luzez aritu zara ikerkuntzan. Nola dago baliabide aldetik?

Nik uste dut unibertsitate hau ondo dagoela, baina urte luzez lehortea izan dugula. Unibertsitate publikoek ez dute diru iturri handirik; ez dira ikerketa handietan jarduten. Eskolak ematen esfortzu handia jartzen da, eta ikertzeko egin beharreko kudeaketak asko konplikatu dira: urte erdi pasa dezakezu paperak egiten proiektu bat egiteko. Ikerketa, kudeaketa eta irakaskuntza aldi berean egin behar izan ditugu.

Erraza da hori bateratzea?

Talde handi batean bazaude, emaitzak lor daitezke, baina badago jendea hemen sartzen denetik eskolak ematera behartuta dagoena etengabe. Gure unibertsitatea gaztea da, eta baliabide gutxirekin hasi zen. Baliabide falta egon da, eta lehorte urteak. Estatu mailan, ez da inbertitzen ez osasungintzan, ez hezkuntzan. Pikotxa eta pala eskatzen duten langile bakarretakoak gara; dirua eskatzen dugu ikertzeko, lan egiteko.

Eta zein da emakumeen egoera zientzian?

Nire kasuan, uste dut dagoeneko demostratu dudala demostratu beharrekoa. Baina kristalezko sabaia hor dago: izan haurrak izateagatik, gurasoak zaintzeagatik, edo dena delakoarengatik. Karguak eskaintzen dizkigutenean, askotan uko egiten diegu. Ez da lankideek trabak jartzen dizkigutelako, nik ez dut horrelako arazorik izan, eta egia da gure sailean asko garela emakumeak. Baina kristalezko sabaia hor dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.