Gizartea eta orkestra, harmonia betean

120 herritar hautatu dituzte zozketa bidez, denetarikoak, eta Euskadiko Orkestrarekin abesteko aukera izango dute, 'Abestu Euskadiko Orkestrarekin' proiektuari esker. Abestu zaleak dira denak, eta hunkituta heldu diote esperientzia horri.

Euskadiko Orkestraren eta herritarren abesbatzaren entsegua, herenegun, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euskadiko Orkestraren eta herritarren abesbatzaren entsegua, herenegun, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harmonia da nagusi oholtzan. Beheko aldean Euskadiko Orkestrako musikariak daude; biolin jotzaileak dira lehenak, eta Cristoph-Mathias Muellerren batutaren agindupean dantzatzen dituzte beren instrumentu finak. Jotzen duten nota bakoitza eta musikarien besoen dantza koordinatuta daude. Goiko aldean herritar ugari daude, zutik, Rafael Ruiz Balerdiren margolan koloretsuaren babesean. Beste hainbeste koloretako ahotsekin ari dira abesten Giuseppe Verdiren Il trovatore: Coro di zingari opera. Batuta behera jaitsi du Muellerrek, eta harmonia eten. «Ez, horrela ez. Lainoen artetik eguzkia ateratzen ariko balitz bezala igorri behar duzue ahotsa», zehaztu du. Batuta altxatu du berriz. Lainotuta segitu du oholtzak: «Chi del gitano i giorni abbella?/ Chi del gitano i giorni abbella,/ chi? chi i giorni abbella?/ Chi del gitano i giorni abbella?». Eta eguzkia atera dute denek, harmonia betean: «La zingarella!».

Harmonia hori ez da soilik orkestraren eta abesbatzaren artekoa: Euskadiko Orkestraren eta gizartearen artekoa ere bada. Hori da Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren xedea. Zozketa bidez hautatutako 120 herritar horiek abesbatza bat sortu dute Euskadiko Orkestraren alboan abesteko. Partiturak irakurtzen jakitea eskatzen zieten, ez gehiago. Easo abesbatzako berrogei kide ere lagun dituzte. Entsegu asko egiten aritu dira; herenegun elkartu ziren orkestrarekin estreinakoz. Lan eskerga horren emaitza gaur taularatuko dute, Donostiako Kursaal auditoriumean emango duten kontzertuan. Etzi Bilboko Euskalduna jauregian izango dira, eta astelehenean Kursaalera itzuliko dira. Hiru kontzertuak 19:30ean egingo dituzte.

«Ahots onenen bila ibiliko bagina, beste proiektu bat egingo genuke. Helburua da gizarteko edozein pertsonak parte hartu ahal izatea»

MIKEL CAÑADAProiektuaren antolatzailea

«Euskadiko Orkestra denona da, eta mundu guztiak ez du aukera eduki hura entzuteko eta harekin gozatzeko. Uste dugu hainbat modu daudela orkestrara gerturatzeko, eta hau da bat: orkestrara hurbiltzea, ez entzule gisa, baizik eta ekintza kulturalaren protagonista gisa», nabarmendu du Mikel Cañadak, Euskadiko Orkestraren Musika Gelako koordinatzaileak eta proiektuaren antolatzaileak. Denetariko adin, jatorri eta generotako pertsonak ari dira proiektuan parte hartzen, eta «gizartearen lagin bat» osatzen dute, Cañadaren ustez: «Ahots onenen bila ibiliko bagina, beste proiektu bat egingo genuke. Bada, ez, proiektua ez da hori. Proiektuaren helburua da gizarteko edozein pertsonak parte hartu ahal izatea. Are, datorren urtekoa prestatzen ari gara jada».

Hiru obra

Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan askotariko aretoak daude. Nagusiak Ruiz Balerdiren margolan koloretsu bat du, eta areto txikiago batean, Mentxu Galen artelan bat da protagonista. Artelana ezin da ikusi ere egin, joan-etorrika baitabiltza abeslariak. «Nor zarete sopranoak? Altxa eskuak!», dio Gorka Mirandak, Easo abesbatzako zuzendariak; bera aritu da 120 abeslariekin Verdiren Il trovatore: Coro di zingari eta Va Pensiero eta Pablo Sorozabalen Maite prestatzen. «Tenoreak, hemen! Baritonoak, harago!».

«Javier, hemen badaukak lekua», zehaztu diote tenore batzuek beren ahots kide bati: Javier Garcia Arandari; 71 urte ditu, eta Donostiakoa da. Haien alboan eseri da. «Euskadiko Orkestrako bazkidea naiz, eta maiz joaten naiz kontzertuetara. Bizitza osoan inbidia handia eman izan didate musika menderatzen dutenek. Erretiroa hartu nuenean hasi nintzen abesten, auzoko abesbatzetan. Ordura arte ez nuen eduki denbora eta gogo nahikorik horretan aritzeko, eta ez nekien horretarako gai izan nintekeenik ere».

«Kirolari batentzat Olinpiar Jokoetan aritzea zer den, horixe da niretzat aukera hau; Kursaalean orkestra sinfoniko batekin abestu ahal izatea bilobei kontatzeko modukoa da!»

JAVIER GARCIA ARANDAParte hartzailea

Pozik ari da esperientzia hori bizitzen: «Kirolari batentzat Olinpiar Jokoetan aritzea zer den, horixe da niretzat aukera hau; Kursaalean orkestra sinfoniko batekin abestu ahal izatea bilobei kontatzeko modukoa da!». Haren biloba izan zitekeen Braian Porta: 21 urte ditu, eta gasteiztarra da. «Uda ostean hasi nintzen abesten. Unibertsitateko abesbatzan sartu nintzen, eta, abenduan, Arabako Abesbatza Gaztean». Zergatik? Maitasunak ez duelako mugarik: «Bikotekide ohiaren bidez iritsi nintzen abesbatzen mundura, berak ere parte hartzen baitzuen. Haren mundura gerturatzeko interesa izan nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Abesbatzan ezagutu dut nire egungo bikotekidea, eta gero eta interes handiagoa dut abesbatzekiko».

«Ea, sopranoak, hemen!», esan du Mirandak. Tenoreen aurrean daude eserita; haiek daramate melodia, eta lehen lerroan daude. Elkarrekin hizketan ari dira Leire Iturbe eta Loly Marin. Iturbe Andoaingoa (Gipuzkoa) da, eta 35 urte ditu: «Asko gustatzen zait abestea. Abesbatza batean aritzen naiz, eta bakarka ere bai. Guk normalean opera eta zarzuela abesten ditugu, eta oso zalea naiz. Hemengo hiru piezak ezagutzen nituen jada, baina desberdin abestuko ditugu. Abesbatza bakoitzak bere erara abesten ditu piezak, eta berriro ikasi behar izan ditugu abestiak».

«Guk normalean opera eta zarzuela abesten ditugu, eta oso zalea naiz. Hemengo hiru piezak ezagutzen nituen jada, baina desberdin abestuko ditugu»

LEIRE ITURBEParte hartzailea

Marinek egun berezia du: 83 urte bete ditu entseguaren egunean. Bere auzoko elizako abesbatzan abesten du, Donostian, eta dantza eta antzerkia ere egin izan ditu. Artista hutsa da, goitik behera. Seme-alabak hazi zitzaizkionean hasi zen bere gogoko jarduerak egiten, azaldu duenez: «Bizitzan gauza asko pasatu zaizkit: 40 urterekin alargundu nintzen, lau ume txiki nituela. Ez dut ondo pasatu. Baina nire seme-alabak dena izan dira niretzat. Hori izan da onena, eta bigarrena hau izan dela uste dut. Euskadiko Orkestrarekin abestea zoragarria da, eta bizipoza ematen dit».

Ahotsa berotzen ari dira, «Iiiiiiieeeeeeooooooaaaaaaaa» errepikatzen, denetariko arpegioak abesten. «Gorkak [Mirandak] hasieratik nabarmendu zuen proiektuak ahots osasuna errespetatu behar zuela. Izan ere, abesbatzetan ahotsa mindu dezakezu askotan. Horregatik, garrantzi handia eman dio entsegu guztietan ahotsa asko berotzeari, lantzeari eta prestatzeari», azaldu du Cañadak.

«Nire seme-alabak dena izan dira niretzat. Hori izan da onena, eta bigarrena hau izan dela uste dut. Bizipoza ematen dit»

LOLY MARINParte hartzailea

Jokin Zubiaur ez dago ohituta ahotsa berotzera —43 urte ditu, eta Usurbilgoa da (Gipuzkoa)—, eta entseguotan ikasi du arnasa ondo hartzen ere: «Nik ez nekien arnasa noiz eta nola hartu. Partiturak zehazten du noiz hartu behar den, eta diafragman tentsio puntu bat mantendu behar da. Arnasketa zaintzen dugu, esaldiaren bukaerara ondo iristeko». Benito Lertxundi, Su ta Gar eta askotariko musika abestu zalea da Zubiaur, baina bere kasa: autoan, etxean... Estreinakoz abestuko du taldean eta oholtza batean —haurtzaroko aldiren bat kenduta—: «Pilotari batek banaka jokatzen duenean partida bat, berak du protagonismoa. Abesbatzan taldean egiten dugu lan, eta horren barruan babestuta zaude».

Babesa, gainera, handiagoa da Easo abesbatzako kide batzuen laguntza izanda. Berrogei bat lagun aretoan sartu dira, denak estutu dira —atea ireki behar izan dute, ez baitzen ahotsa berotuta zegoen gauza bakarra— eta obrak atalez atal prestatzen hasi dira. «Trovatore artikulatuago abestu; bereziki, kortxeak. Denbora duzue!», zehaztu die Mirandak.

(ID_14765712) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-03-11, Donostia. Euskadiko Orkestrak \
Abeslariak, ahotsa berotzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ahoskera

«Zati hau nola ahoskatu behar da?», galdetu dio gizon batek Nahia Sarasari. Nola egin zehaztu dio Easo abesbatzako kideak: «Zalantza ohikoena testuari buruzkoa izaten da. Italieraz abesten dugu, eta azkar doazen pasarte horiek zailagoak dira denontzat. Saiatzen gara argitzen nola ahoskatu behar diren hitzak zati azkarretan». Nabarmendu du beretzat ere «plazer hutsa» dela Abestu Euskadiko Orkestrarekin egitasmoan parte hartzea: «Batera abestea erronka polita da denentzat. Abestean oso garrantzitsua da aldamenekoak aditzea, eta gu oso ohituta gaude beti kide berekin abestera. Hemen beste pertsona batzuekin gaude, eta elkarri hutsetik egokitzeko lan hori ere onuragarria da guretzat».

«Bikotekide ohiaren bidez iritsi nintzen abesbatzen mundura. Haren mundura gerturatzeko interesa izan nuen, eta gustatu zitzaidan»

BRAIAN PORTAParte hartzailea

Maite-rekin hasi dira. «Gabak zabaltzen ditun/ izarren bidetan,/ zure irudi maitea/ dator ametsetan». Besoa jaitsi du Mirandak, eta beste ohartarazpen bat egin die: «Orkestra sinfoniko batekin abesteak beste eskala bat dauka. Beraz, esajeratuago kantatu!». Hala egin dute abeslariek: «Noizbait illuntzen bada/ nigan zure irudi eztia,/ kontu egizu, maite,/ galdu dedala nik bizia./ Maite!... Maite!!... Maite!!!...».

Pasio berarekin jaitsi dituzte eskailerak, eta entzunareto nagusia hartu dute. Hantxe dute Euskadiko Orkestra, estreinakoz, haien zain. Tartean da Larraitz Oiartzabal biolin jotzailea, adi-adi begira: «Gaurko entsegua ñabardura kontua izango da: pianoago edo forteago egin behar dugun neurtuko dugu, kanpotik ondo entzun ahal izateko. Eta tempoak landuko ditugu denok batera aritu ahal izateko eta bertsio polit bat egiteko».

«Diafragman tentsio puntu bat mantendu behar da. Arnasketa zaintzen dugu, esaldiaren bukaerara ondo iristeko»

JOKIN ZUBIAURParte hartzailea

Abeslariak beren kasa entseatzen zebiltzanean, orkestrakoak Johannes Brahmsen bigarren sinfonia eta Detlev Glanerten perkusiorako kontzertu bat entseatzen ari ziren. Izan ere, Abestu Euskadiko Orkestrarekin egitasmoa beren denboraldiaren barruan txertatu dute. Hau da, gaur, etzi eta astelehenean egingo dituzten kontzertuetan, abesbatzaren hiru obra joko dituzte hasieran, eta Brahmsen eta Glanerten obrak, ondoren.

«Abonatuek kontzertura joateko aukera dute, eta oso polita da betiko publikoaren aurrean horrelako proiektu bat egitea. Gainera, proiektu honek badu beste abantaila bat: gertutasuna adierazten du. Leku guztietara iristeko lan egin nahi dugu; ez bakarrik elite batengana. Euskadiko Orkestra gizarte guztirako da», azaldu du Oiartzabalek.

Mueller, zuzendari

Gizartearen laginak bere lekua hartu du abesbatzan, eta musikariak ondo eseri dira beren aulkietan. Muellerrek ingelesez zuzendu du entsegua —Alemaniakoa da—, baina gazteleraz eman die ongi etorria. «Eskerrik asko», erantzun dute denek, bat eginda. Orkestrak eta abesbatzak Il trovatore: Coro di zingari operan egin dute bat lehen aldiz. Denei txalo zaparrada batek egin die ihes abestia bukatu dutenean, eta, batzuen begietatik, malkoren batek ere bai.

«Hemen beste pertsona batzuekin gaude, eta elkarri hutsetik egokitzeko lan hori ere onuragarria da guretzat»

NAHIA SARASAEaso abesbatzako kidea

Va pensiero abestu dute gero. Silaba bakoitza ondo ahoskatzen trebatu dira, eta erronka handiena bukaeran izan dute: «Che ne infonda al patire virtù/ Che ne infonda al patire virtù/ Al patire virtù». Labur geratu da, Muellerren gusturako: «Luzatu bukaerako u-a ahal bezainbeste!». Hala egin dute, diafragma ondo estutzeko bertutea frogatuta: «Virtùuuuuuuuu». «Itolarria izan du baten batek, e!», esan du barrez zuzendariak, obra bikain biribildu izana txalotu ostean.

Bukatzeko, Maite. Eguzki ederra atera dute euskal obra ezagunarekin, eguerdiko argia.

«Gainera, proiektu honek badu beste abantaila bat: gertutasuna adierazten du. Leku guztietara iristeko lan egin nahi dugu; ez bakarrik elite batengana»

LARRAITZ OIARTZABALEuskadiko Orkestrako kidea

Kito. Bukatu da entsegua. Eguerdiko argia ahotsetan baino ez dutela konturatu dira: gaua da jadanik, eta euria goian-behean ari du. Askok ez dute aterkirik. Hunkidura eta emozioa urduritasun bihurtu dira bat-batean. Korrika batean joan dira autoetara, burua hala moduz estalita. Harmonia eten dute euripean. Izan ere, ezin dute eztarria urratu. Badakite lainoak joango direla eta eguzkia aterako dela: Kursaala eta Euskalduna dituzte zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.