Indarra dario Ebru Baybarari (Edirne, Turkia, 1976): indarra keinuetan, indarra jarreran eta indarra diskurtsoan. Turkieraz berresten ditu esaldiak, pausa emanez itzultzaileari berak indarrez esanak hark ere indarrez jaso ditzan. 2023ko Basque Culinary World Price saria jaso zuen herenegun. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek ematen duten saria da, eta «egitasmo eraldatzaileak» dituzten sukaldarien jarduna saritzea du helburu: berrikuntzaren eta teknologiaren alorrean, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian, eta garapen ekonomiko eta sozialean.
Munduan eragin handiena duten sukaldariek osatzen dute BCCren Nazioarteko Kontseilua, eta horiek aukeratzen dute urtero saritua. Zortzigarren irabazlea da aurtengoa. Besteak: Maria Fernanda di Giacobbe venezuelarra (2016), Leonor Espinosa kolonbiarra (2017), Jock Zonfrillo eskoziarra (2018), Anthony Myint estatubatuarra (2019), Jose Andres espainiarra (2020), Xanty Elias espainiarra (2021) eta Fatmata Binta sierraleonarra (2022).
Ebru Baybara Mardinen bizi da (Turkia), eta Mardinek bizi du. Han du abiapuntua haren proiektuak, eta han egindako lana da saritu dutena. «Siriako mugatik 30 bat kilometrora dago Mardin. Istanbuldik 1.500 kilometrora. Gizarte feudal batean, non gizonezkoak garrantzitsuagoak diren emakumezkoak baino», azaldu du Baybarak berak. Mugak banatutako kulturartekotasuna, muga batetik bestera igarotako errefuxiatuen integrazioa, eta bertako zein kanpoko emakumeen ahalduntzea dira Baybarak mugarik gabe josi dituenak. «Familiako hirugarren neska nintzen. Aitak erabaki zuen Istanbulera eramatea, hezkuntza hobea jasotzeko, arau sozial horietatik babesteko, eta, oinak lurrean izanda, gure bizitza prestatzeko. Eta hori ez da erraza gizonek dominatutako gizarte batean. Zailtasun handiak daude emakumezkoak bere ibilbidea egin dezan».
Turismo ikasketak egin zituen Marmarako unibertsitatean, eta Istanbulen hasi zen turismoan lanean. 1999koa da lehen mugarria: «Egondako aldaketa sozialengatik, eta beste lurrikara batengatik, turismoa krisian sartu zen. Ezkonduta nengoen ordurako, senarra ere turismoan aritzen zen, eta lanik gabe gelditu ginen».
Jaioterrira itzultzea erabaki zuen: «Mardin ez nuen ezagutzen. 25 urte ziren aitarekin Istanbulera bizitzera joan ginela. Itzuli egin nahi nuen. Aita haserretu egin zen hasieran, baina gero babestu eta lagundu egin ninduen neure pasioaren peskizan. Mardin ikusi eta ezagutu egin nahi nuen, besterik ez. Baina bertan bizitzen geratu nintzen, eta turismoan lan egiten hasi. Segurtasun arazoak zeuden, eta langabezia handia ere bai».
Jendea nekazaritzari eta abeltzaintzari esker bizi zen Mardinen, eta Siriako mugan zuten merkataritzari esker. «12.000 urteko historia dauka eskualde horrek. Kultura ezberdinetako jendea bizi da, eta garbi neukan turismoak han arrakasta izan zezakeela. Hotel bakarra eta jatetxe bakarra zeuden. Beste Mardin batekin amesten nuen, baina ezin nien amets horien berri eman familiakoei eta lagunei, ez baitzuten ulertzen zer egin nahi nuen».
Zenbait agentziarekin hasi zen hizketan. Hasiera zaila izan zela aitortu du: «Mardinen, emakumeak balio handia dauka, baina bizitza sozialean ez da existitzen. Oso zaila izan zen gizarte hartan ni onartzea». Eta orduan beste mugarri bat: 28 turista alemaniar. «Mardinera etorri ziren, eta hiriko jatetxe bakarrera eraman nituen. Ez zitzaien gustatu. Hurrengo egunean, otordua geneukan jatetxe berean, baina erabaki nuen nire etxera eramatea. Nire familiako emakumeek eta auzoek prestatu zieten bazkaria turista haiei. Gure familiak handiak dira, eta ez zuten aparteko zailtasunik izan. Zoriontsu zeuden: bai etxeko emakumeak, bai turistak. Egon zen halako gerturatze berezi bat, oso polita. Egun hartan garbi ikusi nuen: jatea partekatzea da».
Hitz egin zuen emakume haiekin, eta esan zien lanketa horrekin jarraitu behar zutela: berak turistak ekarriko zituela, eta haiek jaten eman. «Aldaketa gertatu zen: aldaketa soziala. Geroz eta gehiago hasi ziren sinesten nik proposatzen nuen horretan. 21 emakumezko elkartu ginen, eta jatetxe bat ireki genuen: Cercis Murat Mansion. Ni senarrarengandik bereizi nintzen. Ez zen batere erraza izan. Halako gizarte txiki batean, emakumezko batek aurrera egiteko zailtasun asko izaten ditu, eta esan dezaket zailtasun guztiak izan ditudala. Sekulakoak entzun behar izan ditut, baina entzungor egin diet».
Aurten, ia bi milioi turista
1999an, ez zegoen ia turismorik Mardin hirian eta izen bereko probintzian. 2023an, ia bi milioi turista izan dituzte. «Eta hori 21 emakume horien lorpena da, bertako jendearen lorpena, eta ez kanpotik lortutakoa. Hor agerian gelditzen da gastronomiak gizartea eraldatzeko daukan erabateko gaitasuna eta indarra».
Proiektu harekin hasi zela badira jada 23 urte. Bertakoaren eta bertakoen aldeko jarduna da Ebru Baybararena. Turkiako eta Siriako emakumeak ahaldundu ditu, kulturartekotasuna sustatu, joan den otsailean lurrikarak kalte eginikoei jaten eman —oraindik ere zeregin horretan ari dira—, hondakin biodegradagarriak nekazaritzako ongarriak ekoizteko baliatu, eta From Soil to Plate izeneko nekazaritza garapenerako kooperatiba sustatu, besteak beste. «Turkia nekazari herria izan zen, baina industriara jo du. Eta nekazaritzari buruzko gauza asko Siriako emakume errefuxiatuei esker ikasi ditugu orain, guk ahaztu ditugunak. Integrazioa bilatu behar dugu. Haiengandik ikasi dugu lurra nola garbitu, eta nola ekoitzi garia ur gutxiagorekin. Eremu horretan ur gutxi daukagu, eta produktu jasangarria izateko ezinbestekoa izan da hori».