ATZEKOZ AURRERA. Maia Iribarne Olhagarai eta Paxkal Irigoien. 'Bañolet' telesailaren egileak

«Gizarte koreografiak karikaturizatu nahi ditugu»

Durangoko Azokako sormen beka irabazi berri dute Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' telesaila kari, euskaldunak kolono eginez.

Maia Iribarne Olhagarai eta Paxkal Irigoien, Bañolet telesailaren prototipoak grabatzen ari, iragan udan. BAÑOLET.
Ainize Madariaga
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ifrentzua irudikatu du Maia Iribarne Olhagarai (Lasa, Nafarroa Beherea, 1995)- Paxkal Irigoien (Ainhize Monjolose, Nafarroa Beherea, 1988) bikote sortzaileak: euskaldunak eta auzo-populu zanpatu zenbait Frantziaren kolonizatzaile bihurtzea. Ariketa hori telesail labur batean aplikatuko dute, Durangoko Azokako hirugarren sormen bekari esker: Bañolet 2021eko azokako mozkina izanen da.

Bañolet, letra larriz, goresmenak.

MAIA IRIBARNE OLHAGARAI: Biziki kontent naiz; ezustekoa izan da. Banuen uste gurea artetik pasatuko zela.

PAXKAL IRIGOIEN: Urrun ikusten nuen beka. Biziki kontent naiz, sustut proiektuari konfiantza emateagatik. Orain, presioa eta betebeharra ematen digu: gauza ona da hori.

Bañolet fikziozko herriaren bisita eginen duzue?

M.I.: Testuinguru berezian da Bañolet herria: herri berri post koloniala baita. Duela hogei urte bretainiarrak, korsikarrak, okzitaniarrak eta euskaldunak Frantziaren kontra altxatu, eta kolonizatu egin zuten. Gizarte berri hori berriz plantan ezartzen ari dira orain.

Nondik tiratu duzue hari hori?

P.I.: Egunerokoan ikusten genuen kontatu nahi genuena. Nazionalismoari buruzko gogoetatik abiatu gara, frantses nazionalismoa biziki azkarra baita. Anitz jenderekin topo egin dut, eta berezia da esplikatzea euskalduna izatea zer den; justifikatu behar duzu. Galdera ez da zerendako naizen euskalduna, baizik eta zerendako justifikatu behar dudan hala naizela.

Eta nolakoa da gizarte berri hori?

M.I.O.: Gaur egun da kokatzen, baina 2000. urtean da gertatu birkonkista hori. Freskoa da oraino. Herri horretako gizartea duela gutikoa da, beraz. Kode, lege eta erlijio berri horiek ez dira oraino barneratuak. Horrek alde absurdo eta poetiko bat sortuko du, betiere haurren begiradatik.

Konfederazio berri hori zer lengoaiatan da mintzo?

M.I.O.: Oraino lantzen ari gara, baina irudikatzen dugu populuen arteko nahasketa bat zeinetan komunitate bakoitzak bere hizkuntza baitu, baina denek pixka bat denena baitakite. Ontsa bizi dira elkarrekin. Frantses hiztunak ez dira gehiengoan.

Telesaila nola mintzo da?

M.I.O.: Euskaraz, nahiz nahiko genukeen bretoieraz pixka bat entzun.

P.I.: Euskaraz gertatuko da dena, hortik heldu baita gure gaia ere: hizkuntza horien lekua.

Zer zenukete xedea?

P.I.: Egoera banalizatuak agerian uztea. Egunerokoan baitira koreografia anitz, eta horretatik abiatu gara. Eguneroko harremanak aipatu nahi ditugu, haurrek ikusita.

Iragan udan grabatu dituzuen prototipo horiek zer dira xuxen?

M.I.O.: Prototipo horien xedea zen entsegu batzuen egitea guhaurendako. Jakiteko zer irudi mota sortu, zer eszenak funtzionatzen duen, zer metodo hautatu... Funtsean, aterako ez diren zirriborro batzuk dira. Biziki praktikoa izan da esplikatzeko gure proiektua zertan datzan: kolorea, estiloa...

Bi musikari, irudiak harrapatua.

M.I.O.: Musikaren presentzia handia nahi dugu; bereziki filmean parte hartuko duen zuzeneko musikarena: batukadak, haurren koralak-eta. Aurkezpena zuzeneko musikarekin egin nahiko genuke. Funtsean, gizarte koreografiak karikaturizatu nahi ditugu, zeintzuen eszenak musikaren bidez lotu nahiko baikenituzke, erritmoaren emateko. Hori bai, argi dugu ez dela komedia musikala izanen.

P.I.: Ari gara tiki-taka; egia erran, errazki ateratzen zaigun zerbait da musika. Leku handia du filmean: orain arte egina dugun hogei minutuko zatiak zortzi minutuko soinua du. Eszenen arabera ari gara musikaren sortzen, giroen arabera.

Zer tresnek dute lan eginen?

P.I.: Aktore batek eman lezake aire bat goxoki, integratuak baitira. Haien kantarazten saiatzen gara. Ahotsaren bidezko musika da asko. Melodia baldin bada ere, ez du musikak ekintza aitzinarazten, gibeleko paisaian integratzen entseatzen baikara, elkarrizketa honetan irrati bat piztua egon balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.