Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak dira Virginia Lopez de Maturana (Gasteiz, 1981) eta Santiago de Pablo (Tabuenca, Espainia, 1959). Álava insólita. Símbolos, mitos y lugares de memoria (Ezohiko Araba. Sinboloak, mitoak eta memoriarako tokiak) da argitaratu berri duten azken liburua, EHU eta Sancho el Sabio fundazioaren elkarlanarekin.
Orain egun batzuk aurkeztu zenuten zuen azken lana. Arabako zer ikurri eman diozue garrantzia?
SANTIAGO DE PABLO: Irakurleak denetarik aurki dezake; ikurrak ageri dira, Arabako lurralde historikoko ezaugarriak. Pertsonaien, kaleen edota jaien jatorriak nagusi dira, baita ikuspegi politikoarekin lotutako gertakariak ere; esaterako, errepresioa edota 36ko gerra. Sorpresak ere badira; izan ere, gehienok ezagutzen ditugun gaiak izan arren, historia ezezaguna da.
VIRGINIA LOPEZ DE MATURANA: Gainera, ez da inork irakurtzen ez duen ohiko historia liburu bat. Irudiak biltzen ditu. Helburua da liburua edozeinengana heltzea.
Gertakariak Erdi Arotik aztertu dituzue.
S. P.: Badaude historiaurreko gertakariak; adibidez, Iruña-Veleiaren kasua. Historian sortzen diren sinboloak dira, eta jendeak horiei buruz hitz egiten jarraitzen du. Liburuan, gertakarietan oinarritutako historia kontatu beharrean, historia modu sinboliko batean azaltzen saiatu gara, gure garaira ekarrita.
Aurkitu al duzue espero ez zenuten gertakaririk?
V. L.: Gasteizko jaietako zapiaren jatorria, esaterako. Kezka sortu izan da; izan ere, laukiduna eta gorria egon izan dira. Hala ere, jakin dugu jatorrian ez zela bietako bat ere. Hasierako karteletan Zeledon zapirik gabe agertzen da. 1940 eta 50eko hamarkadetan, ordea, blusen kuadrillak zapi gorria janzten hasi ziren; laukiduna, berriz, 80ko hamarkadakoa da.
Ba al dago ezkutuan gorde duzuen daturik?
S. P.: Liburuan ez dugu ikertutakorik ezkutatu, baina badaude polemikoak izan daitezkeen datu batzuk. Sinboloak sortu egiten dira, frankismoaren garaian zein bestelako etapetan, baina ezin daitezke apurtu momentu horretan gertakari jakin batzuk pasatu zirelako.
V. L.: Historialariok ezin dugu daturik ezkutatu; alderantziz, zintzoak izan behar dugu. Artxiboetara joaten gara, iturrietara jotzen dugu, eta, amaieran, ikertutakoa azaltzen dugu. Hori da lan egiteko daukagun modua.
Beraz, irakurleak aukera izango du gertakariak bizitzeko eta pertsonaiekin solasean aritzeko.
S. P.: Bai, eta modu oso errazean. Liburuan agertzen diren ahotsetako batzuk hedatu, eta liburu osoak sortu daitezke. Herritar guztiek entzuten dituzten gaiak izan arren, errealitatean ez genuke jakingo horiei buruz ezer azaltzen. Sakamantekas pertsonaiaren historia adibideetako bat da; Gasteizkoa zen, eta zenbait lekutan ezkutatu eta umeak izutzen zituen. Horrez gain, egungo gertakariak bizitzeko ere aukera dago; besteak beste, pintxopoteoa. Gasteizen sortu zen, eta gainontzeko lurraldeetara hedatu.
Gertakariak ikertzeko, ikerketa iturriak ere ugari izango ziren. Nola antolatu duzue lan guztia?
S. P.: Lehenengo, zerrenda bat egin genuen, sinbolo bat edo beste aukeratzeko. Aurretiko ikerketetatik abiatuta, urtebete inguru aritu gara ikertzen eta idazten. Nahiz eta nostalgia apur bat egon, inguratzen gaituen historia aberatsa gure garaira ekartzen saiatu gara.
V. L.: Liburuari dagokionez, gaien arabera antolatu dugu, jendeak jaiak, pertsonaiak eta memoria tokiak bana ditzan.
Gustura gelditu al zarete liburuaren emaitzarekin?
S. P.: Bai. Gainera, liburua erakargarria da; azken finean, sarri ikerketan oinarritzen diren kasuak aztertzean, jendearengana iristea zailagoa dela onartzen dugu. Anekdotak eta datu kuriosoak aipatzen saiatu gara.
V. L.: Ikerketa, ordea, beharrezkoa da. Historialariok aurretik ikerketa lana egin behar dugu, eta, gero, zabaldu. Gizarte erantzukizuna dugu historialariok; ezin dugu historia ezkutatu.
Beraz, arabarra izatearen eta sentitzearen esentzia islatzen al da liburuan?
V. L.: Nik uste dut baietz. Ez soilik modu bakan batean; hau da, pertsona bat sentitu daiteke arabarra eta euskalduna, arabarra eta espainiarra, edota arabarra eta europarra. Sentitzeko modu ezberdinak dira; nahiz eta gure zeinuak izan, bestelako identitateekin banatzen dira.
S. L.: Zeharkako identitateekin egin dugu topo, sinbolo konpartituekin. Gainontzeko lurraldeetan zailagoa izan daiteke kontu hori.
ATZEKOZ AURRERA. Virginia Lopez de Maturana eta Santiago de Pablo. Historialariak
«Gizarte erantzukizuna dugu historialariok; ezin dugu historia ezkutatu»
Arabako gertakariak, sinboloak eta tokiak aztertu dituzte De Pablok eta Lopez de Maturanak argitaratu berri duten lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu