David Bennetten odola txerri baten bihotzak punpatzen du. David Bennetten taupadak txerri baten bihotzarenak dira. Txerri bihotz bat transplantatu dioten lehen gizakia da. Azken aukera harentzat, eta bizirik jarraitzen du.
Marylandeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako (AEB) mediku talde batek egin zion transplantea 57 urteko gizon estatubatuarrari, urtarrilaren 7an, Baltimoren. Xenotransplante deitzen zaio espezieen arteko organoak, ehunak edo zelulak transplantatzeari (xenos-ek arrotz edo atzerritar esan nahi du grekoz).
Mugarria al da?
«Bai, jakina». Argi eta garbi erantzun du Rafael Mañez Mendiluzek. «Pentsatzekoa zen lortuko zela, urteak baikeneramatzan esperimentuetan oso emaitza onak lortzen primate ez-gizakietan, genetikoki eraldatutako txerrien organoekin». Bellvitgeko Ospitale Unibertsitarioko (Katalunia) Medikuntza Intentsiboko zerbitzu burua da. Xenotransplanteei buruzko ikerketak egin zituen hogei urtez, bai AEBetan, bai Galizian.
Bennettek txerri bihotzarekin jarraitzen du, eta egun bakoitzean informazio pila bat jasotzen dute, bai haren immunitate sistemaren erantzunaz, bai bihotzaren funtzionamenduaz. Funtsean, esperimentu bat da, oso baliagarria etorkizunean berriro egin ahal izateko. Mañezentzat «oso garrantzitsua» da Bennettek oraindik bizirik jarraitzea.
Normalean primateekin —primate ez-gizakiekin— egiten dituzte halako esperimentuak. Primateei transplantatzen dizkiete txerrien organoak. Primateak eta gizakiak antzekoak dira, baina ez berdinak. Aldea dago espezie batetik bestera. Immunitate sistema ezberdina da, eta primateei txerri organoen transplanteak egiten dizkietenean, jakina, organo horiek primateen immunitate sistemara egokitzen dituzte.
Salbuespena da?
Bai. Marylandeko Unibertsitateko taldeak baimena eskatu zion FDA AEBetako Botiken eta Elikagaien Administrazioari, txerrien bihotzekin gizakietan entsegu klinikoak egiteko. FDAk baimena ukatu zion. Erantzun zion gizakietan egin aurretik, txerrien hamar bihotz transplantatu behar zizkietela babuinoei.
Baina Marylandeko Unibertsitateko taldeak, babuinoetan entsegurik egin gabe, gizaki batean probatzeko FDAren baimena lortu zuen. Ohiz kanpoko baimena, «erabilera errukiorrerako». Zergatik? Aukera esperimentala izanda ere, David Bennetten kasua hil edo bizikoa zelako. Bihotzeko gaitz larri bat zuen, baina ezin zioten bihotz mekaniko bat jarri, arritmia bat zuelako. Eta ezin zuen giza bihotz bat jaso, aurretik ez zuelako bete medikuek agindutako tratamendua: ez zituen zaindu odol-presio handia eta beste osasun arazo batzuk.
Horregatik, ez zeukan giza bihotz bat jasotzeko aukerarik. «Giza organo bat oso gauza baliotsua da», esan dio Muhammad Mohiuddin-ek, transplantea egin duten Marylandeko Unibertsitateko ikerketa taldearen zuzendariak, Science aldizkariari. «Kezka nagusia zen bihotz bat ematea agian zainduko ez zuen norbaiti».
Bide hori zabaldu behar da?
Emaitza eta informazio aldetik azkarragoa eta eraginkorragoa litzateke esperimentuak gizakiekin egitea, baina arriskua handiagoa da eta muga etikoak daude. «Lau gaixorengandik [txerri organoak jasotako gizakiak] izugarri ikasiko genuke; 40 tximurengandik ez genuke hainbeste ikasiko», esan du David Cooper Massachusetts-eko (AEB) General Hospitaleko zirujauak, Nature aldizkarian. «Garaia da mugitzeko eta bihotz eta giltzurrun horiek gaixoetan nola funtzionatzen duten ikusteko».
Mañezek uste du garaia iritsi dela saiatzeko. Bennetten transplantearen arrakastak gizakietan txerri organoen entsegu klinikoak egiteko atea zabaldu dezake. Araututa, jakina. Ez da erraza. Nori egingo litzaioke? Zer baldintza bete beharko lituzke txerrien organo bat jasotzeko? FDAk atea zabaldu du. Behin zabalduta, zaila izango du antzeko larrialdi kasuetan baimenak ukatzea. Are zailago, Bennetten transplantearen arrakasta ikusita, orain artekoa arrakasta gisa hartuz gero behintzat.
Konponbidea da?
Ez dakite. Salbuespen egoera batean egindako transplantea da. Ez dakite txerri bihotzak zenbat denbora iraungo duen bizirik, Bennetten immunitate sistema bihotza errefusatzen hasiko den... Oraingoz, transplanteen errefus hiperakutua saihestu dute —berehala gertatu ohi da— eta erakutsi dute txerrien bihotz transplantea behin-behineko irtenbidea izan daitekeela zenbait kasutan.
«Organo faltaren konponbidetik gertuago gaude», Bartley Griffith transplantea egin duen zirujauaren iritziz. Mañez bat dator. Halako prozedurak zabaltzerako, denbora eta ikerketa asko beharko dira, babuinoetan batez ere, orain arte bezala. Era berean, gizakietan egitekotan, prozedurak arautu beharko dira.
Ez da ahaztu behar kostua, prezioa ere: babuinoetan egindako transplante bakoitzak 500.000 dolar inguruko kostua du (440.000 euro), Mohiuddinek zehaztu duenez. Garesti, beraz, oraingoz halako transplanteak eta entsegu klinikoak orokortzeko. Txerrien transplanteena ere negozioa baita, eta Revivicor, txerrien —txerri organoen— ekoizlea, enpresa bat.
Txerriaren bihotza gizakiaren berdina da?
Berdina ez, antzekoa bai. Transplantearen erronketako bat, errefusa saihesteaz gain, «txerriaren bihotzaren fisiologia giza gorputzera egokitzea da», Mañezen iritziz, «bihotzaren funtzioak denbora luzean iraun ahal izateko».
Zer egin dute errefusa saihesteko?
Txerriaren bihotza genetikoki eraldatu dute, gizakiaren immunitate sistemari ez erasotzeko. Beste era batera esanda, txerriaren bihotza gizatiartu dute. Hamar aldaketa genetiko egin dizkiote. Horretarako oso lagungarria izan da edizio genetikorako CRISPRCas9 teknikaren garapena.
Alde batetik, giza immunitate sistemaren erasoa eragiten duten hiru gene kendu dizkiote, besteak beste txerrietan azukrea sintetizatzen dutengeneak ezabatzeko (gal genea); bestetik, sei giza gene gehitu dizkiote, giza gorputzari organo arrotza onartzen laguntzeko; eta, azkenik, beste aldaketa genetiko bat egin dute, txerriaren bihotza giza gorputzean ez hazteko eta gizakien neurrikoa izaten jarraitzeko, hazkunde-hormonaren eraginik gabe. Oraingoz aldaketa genetiko horiek guztiek funtzionatu dute, baina ikertzeko asko dago giza gorputzaren errefusa saihesteko txerri organoen aldaketa genetikoei buruz.
Transplanteetan egin ohi den moduan —baita giza organoenetan ere—, Bennetten defentsak ahuldu egin dituzte, immunodeprimitu. Espezieen arteko transplantea izanda, immunodepresioa handiagoa izan da. Botika berri bat probatu dute horretarako.
Nola prestatu dute bihotza?
Txerriari bihotza kendu eta likido berezi batean gorde zuten. Bestela, babuinoetan ikusi dutenez, huts egiten baitu. Suediako Xvivo enpresak saltzen du likidoa. Ura, hormonak —adrenalina eta kortisola— eta kokaina ditu. Kokaina? Bai, kokaina. Horrek zaildu egiten du likidoa inportatzea. Baimen bereziak behar izaten dituzte.
Nork sortu du txerriaren bihotza?
AEBetako Revivicor enpresak (United Therapeutics) sortu du transplanterako txerri transgenikoa. Alabamako etxalde batean hazten ditu txerriak. Etxalde handiagoa eraikitzen ari dira Virginian, txerrien organo gehiago sortzeko.
Revivicor PPL Therapeutics enpresatik sortu zen. PPL Therapeutics ezaguna da, Dolly ardia sortu zuelako, klonatutako lehen ugaztuna, duela mende laurden bat.
Aurretik egin al da antzekorik?
Bai. Iazko irailean, esaterako, txerri baten giltzurruna jarri zioten garun heriotza zuen pertsona bati, hanka batean, esperimentu gisa. Giltzurruna berehala hasi zen lanean. Xenotransplanteak aspaldikoak dira: Cristiaan Barnard zirujauak 1967an lehen giza bihotz transplantea egin aurretik, 1964an txinpantze baten bihotza jarri zioten oso larri zegoen gizon bati, AEBetan. Ordu eta erdi egin zuen bizirik.
Mohiuddinek eta haren taldeak hainbat esperimentu egin dituzte babuinoetan: txerri bihotzak jarri zituzten hainbat babuinoren sabelaldean, eta bi urtez osasuntsu irautea lortu zuten; txerri bihotza transplantatutako babuino batek bederatzi hilabete egin zituen bizirik.
Ez al ziren konponbidea xenotransplanteak?
Komunikabideek zientziako eta medikuntzako zenbait lorpen hauspotu ohi dituzte, eta egungo arazoen etorkizuneko konponbidea direla esan. Halako zerbait gertatu da xenotransplanteekin. Bazirudien txerrien organoekin konponduko zela transplanteak egiteko organoen gabezia. Errealitatea, ordea, zailagoa eta korapilatsuagoa da. Hamarkadak behar izan dira txerri baten organo bat transplantatzeko pertsona batek bizirik iraun ahal izan dezan. «Xenotransplanteen garairik onenean gaude», Mañezen arabera.
Zientzia
Gizakiak, txerri organoak amets
David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu