Diziplina ugari jorratzea maite du Maria Ptqk (Bilbo, 1973) arte komisarioak. Harena da Azkuna zentroan erakusgai dagoen Zientzia frikzioa, bizitza espezie lagunen artean bildumarako hautaketa lana. Bi emakume zientzialariren lana oinarri hartu du izadiaren eboluzioari bira bat emateko. Munduko hogei bat sortzaile, pentsalari eta zientzialariren lan artistikoen eta dibulgazio piezen bidez, Lurreko espezieen arteko erlazioa erakusten du.
Zein da erakusketaren helburua?
Antropozentrismotik, hau da, gizakia erdigune izatetik, biozentrismorako trantsizio mentala izatea. Gizakiak erdigune izateari utzi, eta biziaren zentraltasunera eraman behar dugu gure begirada, uler dezagun ezin dela ezein organismo bakarka ulertu eta beste guztiekin alderatu. Ekosistemen zati gara; gainera, batzuk besteetan integratuta daude. Espezieak ez daude superposizioan.
Lynn Margulis eta Donna Harawayren lan zientifikoan oinarritu zara erakusketa ontzeko. Zelako eragina izan dute zugan?
Margulis funtsezko mikrobiologoa da biologia garaikidea ulertzeko. Gaiaren Teoriaren egileetako bat da. Sinbiosia kontakizun ebolutiboaren erdian kokatu du. Berak dio eboluzioaren eta Lurreko bizitzaren historiaren motorra sinbiosia dela, hots, espezieen arteko trukea.
Eta Haraway?
Haraway, biologoa izateaz gainera, zientziaren filosofoa ere bada. Cyborg manifestuaren egilea izateagatik da ezaguna, eta oso goiz ondorioztatu zuelako espezieak kideak direla haien artean ere.
Interdependentziaren kontzeptuak, denak lotura izate horrek, ba al du erlaziorik egungo klimaren kezkarekin?
Bai, guztiz. Erakusketa ekologista da hau. Elkarren menpekoak garen ideia ekologiaren oinarria da.
Feminismoaren zenbait teoriatan errotzen ari da interdependentzia. Zer da, helburua ala bitartekoa?
Feminismoa lan tresna da. Ikerketarako lente gisako bat, munduari begiratzeko. Harawayk zientziaz pentsatzen duenean, mugimendu feministatik jaso ditugun tresna guztiak biltzen ditu lanerako.
Liburu bat idatzi zuen 1970eko hamarkadako primatologiaz. Andrazkoen lehen belaunaldi ikerlaria izan zen alor horretan, eta primatologia beti izan da familiari eta genero harremanei buruzko ideia errotu duen eremu indartsuetariko bat. Familia ustez normalena heterosexuala da egun ere, primateena hala zela justifikatuz. Tesi horrek zientzia museoetan segitzen du. Alfa arra eta eme zaintzailea bezala.
Emakume horiek, baina, ondorioztatu zuten primateen arteko harremanak konplexuagoak zirela. Eme asko liderrak zirenez, gatazka-bitartekari ere baziren. Zenbait arrek ere zaintza lanak egiten zituztela behatu zuten.
Zientzialari horiek emakumeak izateagatik konturatu ziren?
Ez, akademian aurrera egiteko aukerarik ez zutelako heldu ziren ondorio horietara. Izan ere, gizonek askoz denbora laburragoan egiten zuten behaketa lana. Andreak, ostera, primatezale amorratuak ziren, eta askotan tarte luzeak ematen zituzten haiekin bizitzen. Hargatik ikusten zituzten hobeto. Genero joerak ikusi zituzten primatologiaren ustezko objektibotasunean.
Maiz, behaketa arretatsuago horren atzean, emakumeen hezkuntza dago: arreta handiagoz begiratzeko sozializatzen gaituztelako.
Pop kulturak eta hedabideek zer eragin izan dute Darwinen teoriak bilakaera okerra izan dezan?
Darwinista dela aldarrikatzen duMarburyk. Neodarwinisten sintesien aurka egiten du sutsuki. Uste baitu horren atzean arraza hobetzeko politika eugenikoak daudela; txarto uztartuz Darwinen Hautespen Naturala, eta hari egindako interpretazioen zenbait ideia interesatu; norbanakoen arteko lehia, besteak beste. Marburyek dio Darwin bera ere identifikatzen hasi zela prozesu sinbiotikoa, eboluzioa teorizatzeko.
Egungo sistema sozioekonomiko eta politikoaren oinarria izan daiteke organismoen arteko lehia horren sineskeria?
Hortik dator Zientzia frikzioa egiteko ideia, egungo biologia kutsatutik. Giza espeziea modu bakan, aparteko eta gainekotik pentsatze hori kulturaren errua da. Oztopo da, oro har, Mendebaldeko kultura menderatzaile guztia. Zientziak elkarren menpekoak garela dio. Gero, politikek ukatu egiten dute, eta gure iruditerian hori islatzen da, gu salbatzaile gisa irudikatuz. Gezurra da: giza espeziea anekdota bat da eboluzio terminoetan.
Naturaren eskubideak zer dira?
Ditugun tresna juridikoak ez dira aski; bermeak behar dira. Gizaki ez direnen nortasun juridikoa erreminta bat izan liteke, balio bat ematen diogulako. Ekosistema bati aitortza hori eginez gero, legez arautua egonik, praktika okerrekin auzitara jo genezake.
ATZEKOZ AURRERA. Maria Ptqk. Arte komisarioa eta ikerlaria
«Gizakia anekdota bat da eboluzioan »
Darwin txarto interpretatua izan da: eboluzioa ezin da ulertu espezie orok Lur planetan duen elkarrekiko dependentziarik gabe. Lotura hori erakusten du Ptqk-k zuzendutako Zientzia frikzioa erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu