Ia hutsik daude Azpeitiko (Gipuzkoa) kaleak. Batez ere, erosketak egitera atera den jendea dago: ogia eta egunkaria besapean, edo poltsa pisutsuak eskuetan dituztela. Ez da gutxiagorako, giroak ez baitu kalera irteteko gonbita egiten. Bat-batean, plazako tabernetako batetik, hamar bat lagun atera dira. Horietako batzuek trikitia eta panderoa dituzte esku artean, eta beste batek bozgorailu handi bat darama, gurpildun orga moduko batean, mikrofono bat zintzilik duela. Denak San Agustin kulturgunean sartu dira.
Izan ere, Bertso Eguna antolatu du Bertsozale elkarteak herrian, egun osoko egitarau zabalarekin. San Agustin kulturgunean hasi da goizeko saioa, tabernaz tabernako bertso saio irekiekin.
Hamar bat laguneko talde bat gustura dago eliza zenaren epelean. Trikitilariak jotzen hasi dira, giroa apur bat animatzen hasteko. Pixkanaka bada ere, jendea sartzen ari da. Sartzen den pertsona bakoitzeko «aspaldiko!» bat entzuten da, besarkada batez lagunduta; ia denek ezagutzen dute elkar.
Soinu proba labur batzuen ostean, lehen bertsolarien eskuetan erori da mikroa. Koldo Gezuraga, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao izan dira koplak kantatzen lehenak. Hasierako bertsoetan publikoa hotz zegoen, baina animatuz joan da pixkanaka giroa. «San Agustinen ea gauden agustin», aipatu du Gezuragak hasteko, eta joandakoak barrez leherrarazi ditu. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren osteko tristurari egin nahi izan dio erreferentzia Bilbaok: «Txapelketa Nagusiaren ostean hau da gure terapia». Hirukotearen koplak amaitutakoan, «goazen!» batek animatu du jendea trikiti eta panderoaren doinuen atzetik hurrengo geltokira. Behin tabernan sartuta, mikrofonoak ez du eskuz esku igarotzeko arazorik.
Lehen bertso eguna da Izar Zalarain billabonatarrarentzat. Egun osorako plana du bere kideekin batera. Tabernaz taberna ibili ostean bazkaltzera joango dela kontatu du, herriko elkarte batera. Guztira, bost elkartetan izan dira bazkariak, eta bazkalostean bertso saio desberdinak izan dituzte: libreko saioak, bertso saio musikatuak eta emandako gaiei erantzunez egindakoak.
«Donostian egin zen azken alditik ez naiz Bertso Egun batean egon», kontatu du Ane Beloki legazpiarrak. Izan ere, duela urte batzuk Donostian izaten zen urtero Bertso Eguna. Gerora, Bertsozale Elkarteak erabaki zuen urtero herri desberdin batean antolatzea.
Ekitaldi nagusia, gauean
«[Bertsozale] Elkarteak urtero aldatzen du egitaraua», aipatu du Belokik. Aurtengoaren kasuan, arratsaldean egiten zen ekitaldi nagusia alde batera utzi, eta, eguna borobiltzeko, gauean afari handi bat egon da plazako Elikagunean.
21:00etan hasi da afaria, eta ondoren izan da bertso saio nagusia. Bertso saio librean Maialen Lujanbio eta Eñaut Martikorena aritu dira. Gaiak jarrita, berriz, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles. Aissa Intxausti, Ander Fuentes, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi izan dira bertso jarriekin aritu direnak.
Nahiz eta eguraldiak gehiegi ez lagundu, bazkari eta afarietara joan diren bertsozaleek ez dute hutsik egin Bertso Egunean. «Afarirako hirurehun sarrerak segituan agortu ziren, eta bazkarietako sarrerekin ere gauza bera gertatu zen», aipatu du Belokik.
ATZEKOZ AURRERA
Giroa epeltzeko, bertsoak
Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu