GipuzkoAPPs sarietako bigarrena eman diote BERRIAren aplikazioari

Dinycon Sistemasen 'Atpoints'-ek jaso du lehen saria. Hirugarrena Gaztearentzat izan da

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Pello Urzelai BERRIAko IKT arduraduna eta Garikoiz Agote Gipuzkoako Berrikuntzako zuzendaria GipuzkoAPPs sarien banaketan, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Telefonoetarako eta tabletetarako aplikazio berri bat jarri zuen irakurleen eskura BERRIAk irailean, eta bi hilabeteko epean 3.125 instalazio izan ditu. 4.500 erabiltzaile inguru lortu ditu, eta gehiago etorriko diren itxaropena dute egunkariaren sustatzaileek. Doan deskarga daiteke Android eta iOS sistemetan. Gailu eramangarrietako erabiltzaileen harrera ona izan da lehen asteetan. Eta erakunde publikoetatik aurreneko aitorpena jaso zuen atzo, Donostian: Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen GipuzkoAPPs 2016 lehiaketan bigarren saria jaso zuen BERRIAren aplikazioak. Laugarren urtea da diputazioak Gipuzkoako enpresen eta profesionalen aplikazioak saritzen dituena.

«Sariak balio dezala aplikazioak bizi jarrai dezan», adierazi zuen Pello Urzelaik, BERRIAko IKT arduradunak. 6.000 euroko diru saria hartu du Euskal Editorea enpresak. Bost finalisten aurkezpenean, Urzelaik nabarmendu zuen sakelako telefonoetatik iristen den trafikoa asko handitu dela azkeneko urteetan. Horregatik erabaki zuen BERRIAk aplikazio oso, moderno eta bizia kaleratzea. «Euskaldunei erreferentziazko informazio aplikazio bat eskaini nahi diegu». Bi menu ditu aplikazioak: bata informazioarena eta bestea komunitatearena. Izan ere, BERRIAlagunentzat aukera bereziak eskaintzen ditu aplikazioak. «Goxokiak», Urzelairen hitzetan. BERRIAlagunek menu nagusia edita dezakete, ukitu bakar batekin edozein artikulu gorde dezakete —geroago irakurri edo artxibatzeko— eta sail bateko artikulu guztiak batera deskarga ditzakete telefonoan —konexiorik gabe edozein unetan irakurtzeko—. Aplikazioak, gainera, eduki multimediak erabiltzaileen eskura jartzen ditu, eta alertak ere bidaltzen ditu albiste garrantzitsuekin.

Euskarazko kazetak badu beste aplikazio bat gailu eramangarrientzat: Berria Astekaria. Asteko artikulu hautatuak eskaintzen dizkio irakurleari.

Bi aipamen berezi

GipuzkoAPPs lehiaketako lehensaria —10.000 euro— Dinycon Sistemas enpresak sortutako Atpoins aplikazioari eman zioten. «Hurbileko marketinera bideratutako proiektu bat da», esan zuen Dyniconeko Roberto Garciak. Erabiltzailearen interesen araberako, denden eta bestelako guneen lokalizazioa errazten duen tresna bat da. Androiderako dago eskuragarri, eta Gabonetarako iOS sisteman jarriko dute.

Hirugarren saria Akting ingeniaritza enpresak diseinatutako Gaztea —EITBren irratia— aplikazioarentzat izan zen. Aipamen bereziak jaso zituzten, bestalde, OlaberriApp aplikazioak eta Tokikomenak.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi zuen «berebiziko garrantzia» duela enpresen eraldaketa bultzatzeak: «Testuinguru horretan, ezinbestekoa da teknologia berriak bultzatzea maila guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.