Ariketa fisikorik ez egiteko arrazoi ohikoenetako bat denbora falta da. 2020ko itxialdian, baina, jende askok erabaki zuen zereginik gabeko denbora tarte horiek horretarako erabiltzea. Jakina da kirolak onura ugari dituela eta jende askoren egoera psikologikoa ere hobetu egiten duela. Ariketa mota asko dago intentsitateari eta bolumenari dagokionez gorputza trebatzeko, eta jarraibide gero eta gehiago dago sarean. Izurriak ekarri zuen oldea baretu da nolabait, baina plataforma ugari daude entrenamendu eskaintza oparoarekin.
Indarra lantzeko entrenamenduak eta funtzionalak loratu ziren gehienbat pandemia garaian, muskuluak lantzeko bereziki. Indar entrenamendua muskulu uzkurdura lortzeko erresistentzia erabiltzearekin lotuta dago; erresistentzia anaerobikoaz, indarra eta tamaina handitzeko. Funtzionala, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko, gorputza entrenatzeko ariketa multzo bat da.
Muskuluak behin eta berriz uzkurtzeak odolera doazen substantziak mugiarazten ditu; ondorioz, garunera ere joaten dira, ekintza neurotrofiko ugari modulatuz eta neuronen iraupena errazten duten proteinak sortuz.
1990eko hamarkadan, modan jarri ziren ariketak egiteko bideoak, eta jende askok erosi zituen, etxean egiteko. Gaur egun, askotariko plataformen eta euskarrien bidez, entrenatzaileen bideoak nonahi eta noiznahi ikus daitezke. Edozeinen esku daude bideo horietako asko, halako eduki gutxi baitago berez mugatuta. Eta horrek arrisku bat dakar: zenbait jende bultza dezake bere osasunarentzat oso egokiak ez diren zenbait ariketa egitera.
Iñigo Vicens (Ondarroa, Bizkaia, 1984) EITBko Adinberri saioa aurkezten aritu zen, Zuriñe Hidalgorekin batera, 2020ko apiriletik ekainera. Nabaritu du izurriaz geroztik badela etxean entrenatzen hasi den jendea, baina aurretik kirola egiten zuen jendeak nahiago izan du, haren ustez, lehen bezala kanpoan egin: «Etxea zapaldu nahi ez duen jendea orokorrean ohituta dago kanpoan kirola egiten. Beste batzuek, ostera, etxean bildutako materialarekin kirola egiteko ohitura eta kontzientzia hartu dute».
«Hirugarren adinera begira eta etxean mugimendua sustatzeko» helburuz sortu zuten Adinberri. Oraindik ere errepikapenak ematen ditu Euskal Telebistako lehen kateak, eta jendearen erantzunak ere jasotzen ditu horregatik. «Askotan, lagunek ikusten dutenean, argazkiak ere bidaltzen dizkidate. Baina, bai, jende askori ondo etorri zitzaion, eta eskertu ziguten apustua».
Gehiegi estutu gabe
«Etxean fuerte jar zaitezke». Vicensek aipatu du karga handirik erabili gabe ere«sasoiko» jar daitekeela ariketa funtzionalekinerrutina bati segituz gero: «Eguneko ohiko bizimodu baterako, etxean lauzpabost ariketa intentsitate handiz eginda, nahiko eta sobera». Horrek eragin zuzena ere baduela aipatu du: «Eguneroko jardueratik aparteko ariketak egiteak laguntzen dizu errutina hobetzen, egunean zehar egiten ez diren ariketek beste indar mota batzuk lantzen baitituzte. Bai garuna hobeto dagoelako, osasuntsu mantenduz, burua ezin baita gorputzetik banatu; eta baita zuzenean egunero egin behar diren lanekin ere: eskailerak igo, erosketak mugitu edo autora sartu edo irteteko laguntza ematen».
Halere, norbere kabuz egiteak arriskurik ere izan dezake. Haren ustez, eztabaida sortzen duen gaia da: «Modan jarri dira online diren entrenamenduak, eta arrakasta lortzeko modu gisa ikusten du zenbaitek. Hori hor egongo da beti. Baina denok dakigu noiz ari garen gure ahalmenetik gora. Arriskutsua ez da ariketa funtzionalak egitea, edo etxean entrenatzea. Gizakiak gara, eta gizakia mugimendua da. Nik uste dut gure ahalmenetik gora ibiltzea dela txarra. Eta, gero, ikusten baduzu online entrenamendu batean ariketak txarto egiten ari dela, ez jarraitu gehiago pertsona horri. Hor ez sartu, ez baituzu onura asko aterako hortik».
Zenbait entrenamendutan, esaterako, banatu egiten dira gorputzeko atalak. Hori egiten da «egur asko emateko», Vicensen esanetan: «Deskantsua emateko alde batzuei. Etxeko ariketetan, baina, denetarik egin daiteke ariketak aldatuta. Era askotara landu daiteke atal bakoitza. Intentsitatearen araberakoa da: intentsitate handiz aritu bazara, laga egingo dugu atal hori, deskantsu bat behar duelako gogoz erabili dugun masa muskular horrek».
Kirola egiteko gomendio bat dauka, behin eta berriz esateaz aspertzen ez dena: «Zer gustatzen zaizun, hura da entrenamendurik efektiboena. Gustukoari eutsi egiten diozulako. Hori da entrenamendurik onena. Nahi duzuna, ez dio ardura zein, baina gogoz kontrakorik ez. Milaka metodologia daude lantzeko, baina, egiten ez baduzu, ez da ona. Ez duzu jarraituko, eta helbururik ez duzu lortuko».
Ariketa fisikoa egitean, gorputzak endorfinak jariatzen ditu, zoriontasunaren hormonak deritzenak. Horiek ongizate sentsazio orokorra sortzen dute. Loaren kalitatea ere hobetu dezake, lasaiago lo egiten lagunduz. Jarduera fisikoak gorputzeko tenperatura, bihotz maiztasuna eta adrenalina areagotzen ditu, eta, ondorioz, atseden hartzeko ordua iristean, gorputzak erlaxatzeko ohitura hobea du.
Ahalegindu ondoren emaitzak ikusten hastean, gainera, ohiko ariketak egiten jarraitzeko motibazioa ere handitzen da. Jarduera fisikoa erregularki egitean, jendearen gogo aldartea ere hobetu egiten da. Ariketak egiteko errutina bat ezarri eta hari jarraitzeak eragin positiboa du norbere diziplinan. Horren bidez ere, autoestimua eta konfiantza nabarmen handituko daitezke. Haurretan, hezurren dentsitatea handitu eta hazten laguntzen du; helduetan, berriz, ariketa egiteko errutina batek atzeratu egiten du endekapena, eta osteoporosiaren prebentzioan lagun dezake. Ariketa fisikoak immunitate sistema indartzen du, erresistentzia gaitasuna handituz eta organismoarentzat defentsak sortuz.
Askotarikoak dira kirola egitearen onurak, baina baditu albo kalteak ere. Lesioak dira horren adibide. Alex Lezertuaren arabera, ohikoenak diren lesioak bizkarrekoak dira: «Ariketak txarto egiteagatik, orokorrean. Edo postura desegokia izateagatik hanketan eta gerrian batez ere. Horrek eragina dauka, zuzen-zuzenean, zerbikalekin eta lunbarrekin; kasu batzuetan dortsala ere mindu dezake, gainera».
Lezertua konturatu da gero eta jende gehiagok arreta jartzen diola osasuna zaintzeari: «Harritu egiten nau jendeak ez duela murrizketarik egin osasunari dagokionez. Krisi garaietan, horixe izan ohi da lehena murrizten, fisioterapia batez ere, eta pozten naiz gaur egungo egoeran ere osasun integral baten aldeko apustua egiten duelako jendeak». Lezertuaren esanetan, ohiturak aldatu dira, eta fisioterapia estigma galtzen ari da: «Fisioterapia zaharrena eskuekin eginiko terapian oinarritua zegoen, masaje eta halakoetan. Agian, ogibide berria delako; gradua ere nahiko berria da, baina oso azkar eboluzionatu du. Teknika eta planteamendu berriak daude egun, eta akaso jendeari kostatzen ari zaio horiek ulertu eta horietara ohitzea, hau da, erroturik dauden uste batzuk aldatzea, gorputzari dagokion tratamenduetan bereziki».
Google doktorearen aurka
Laugan zentroan egiten du lan Lezertuak, eta fisioterapia psikologiarekin eta nutrizioarekin uztartzen dute. «Ezaugarri komun bat dute hirurek: gorputzari talde izaera ematea; osotasun gisa tratatzea dute helburu. Nire ustez, ikuspegi egokiena hori da, gorputzaren osotasuna eta globaltasuna kontuan hartzea. Muskuluak, tendoiak eta lotailuak ditugu, baina erraiak ere baditugu, jaten dugunarekin elikatzen diren metabolismo zelulak, eta gero adimenak bi pilare horiei inpaktu handia eragiten die; azkenean, ez dago bat beste biak gabe».
Vicensek eta Lezertuak argi dute sare sozialei esker osasun zientziak eta haiek lantzeko komunikazioa asko zabaldu dela. Aipatu dute tresna ezin hobea dela kanpainak egiteko eta ariketak egitea sustatzeko. Gainera, biek nabarmendu dute pandemia garaian hasi ziren online entrenamenduek eragin handia izan dutela ordutegien malgutasunean, ikusgarritasunean, hedapenean eta emaitzetan.
Dena den, dena ez da positiboa. Google doktorearen efektuaren eraginaz ere mintzatu dira. Azken urteetan fake news-ak ugaritu egin dira, eta, aldi berean, asko zabaldu dira inolako formakuntzarik gabe eginiko entrenamendu saioak. «Tentuz ibiltzeko» aholkatu dute. Irudia eta osasuna garrantzitsuak diren garaiotan, uste dute horretan jarduten diren profesionalen erronka nagusiainformazio serioa eta egiaztatua eskaintzea dela. Jendea hezteko, kontzientzia sortzeko eta eduki faltsuak hedatzearen aurka borrokatzeko.
Gimnasio bat norberaren etxean
2020ko itxialdiak gizartean ohitura berri batzuk ekarri zituen. Zenbait aldaketa eragin zituen herritarren egunerokoan, eta kirol jardueran ere izan du eragina: eutsi egin zaio plataforma birtualen bidez ariketa fisikoa egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu