OsasunaMedikuntza

Giltzadurak sano eta minik gabe

Giltzaduretan oinazea sor dezaketen aldagaien zerrenda luzea da. Edonola ere, badira jarraitu beharreko gomendio orokor batzuk, giltzadurak ahalik eta modu onenean zaintzeko.

Gorputzeko atal ia guztietan gerta daiteke giltzaduren lesio bat. WORDPRESS.
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Asko dira giltzaduretako mina sorraraz dezaketen arrazoiak: artikulazioetako gaitz zahar nahiz berriak, artrosia esaterako, edo baita eguraldi aldaketa bezain hutsalak diruditen baldintzak ere. Baina edozein dela ere minaren kausa, badira beti jarraitu beharreko gomendio orokor batzuk.

Min hauek ohikoak dira adineko pertsonetan eta, emakumeen kasuan, gehitu egiten dira menopausiarekin. Arruntagoak dira lan sedentarioak dituzten pertsonetan ere, ez baitaude ariketa fisikoak egitera ohituta. Azkenik, giltzadura berarekin behin eta berriz mugimendu errepikatuak egitera behartzen duten jarduerek ere —kirolek, ordenagailu bidezko lanek eta abar— areagotu egiten dute min artikularra jasateko arriskua.

Giltzaduretan molestiak sumatu bezain laster, aurreneko erreakzioa erasandako zona inmobilizatzea da. Neurri hori baliagarria izan daiteke minaren une kritikoan, baina behin mina apur bat arindu ondoren, giltzadura berriro martxan jartzea komeni da, tonu muskularra berreskuratzeko. Hori egin ezean, giharra atrofiatzeko arriskua dago, mina eta mugitu ezina areagotuz.

Ibiltzea, kirolik onena

Egunean 30 minutuz gutxienez ibiltzeak konta ezin ahala mesede ekarriko dizkigu. Muskuluak indartuz, odol-zirkulazioa bizkortuz eta giltzaduren mugikortasuna hobetuz, molestiak kontrolatzen lagunduko digu. Baina ondo egiteko, beharrezkoa da ibiltzean erritmo konstanteari eustea —erritmo hori moderatua edo gogorra izan daiteke, bakoitzaren sasoi fisikoaren arabera— eta jarrera edo postura egokia hartzea —burua tente eta bizkarra zuzen—. Besoak pausoen erritmoan kulunkatu behar dira, arnasketa kontrolatuz —airea sudurretik hartu eta ahotik bota—eta oinak modu egokian mugituz: aurrena orpoak zapaldu behar du, eta oinaren gainerako zatiek ondoren. Ibiltzeko lur irregularrak saihestea komeni da, horrelakoetan giltzaduren gainkargak etorri baitaitezke.

Kirolik egokienak

Ibiltzeaz gain beste kirolen bat egin nahi izanez gero, tentuz aukeratzea gomendatuko nizuke, izan ere kirol guztiak ez dira egokiak giltzaduretako minez dagoen pertsonarentzat. Zenbait kasutan, medikuari galdetu beharko diozu, hemen esandakoekin ondo konpontzen ez bazara.

Baina, oro har, uretan egiten diren kirolak dira egokienak, hasi igeriketatik eta aquagym edo uretan egiten den gimnastikaraino. Uretan gorputzaren pisua arindu egiten denez, mugikortasuna hobetu eta lesioen arriskua gutxitzen da. Luzatze ariketak ere oso gomendagarriak dira.

Dietaren garrantzia

Zenbait ikerketaren arabera, elikadurak eragin handia dauka gure artikulazioen osasunean. Janari azidoetan aberatsegia den jan neurriak giltzaduretako inflamazioa eta mina areagotzen ditu —azido uriko altuegia dutenek ondo dakite horren berri—.

Kontuz haragi eta esnekiekin. Janari proteiko guztiek —haragiek, hestebeteek, mariskoek, arrainek, arrautzek eta azukreak bereziki— okerrarazi egiten dute giltzaduretako mina. Horrexegatik, horien kontsumoan gehiegikeriarik ez egitea gomendatzen da. Gatza, alkohola, kafea eta frijituak ere kaltegarriak dira.

Fruta eta berdura gehiago. Kontraesana irudi lezake, agian, baina fruta azidoak —zitriko guztiak, esaterako— mesedegarriak egingo zaizkizu min artikularrak baldin badauzkazu, elikagai horiek azidoak neutralizatzen dituzte eta. Berdurak —apioa, perrexila, errefauak, tomatea, letxuga, aza eta azenarioak— ere oso komenigarriak izango zaizkizu mina arintzeko.

E bitaminaren laguntza. Ezinbesteko mantenugaia da hezurrak osasuntsu mantentzeko, giltzaduren malgutasuna hobetzen laguntzen duelako. Eta nora joan bitamina horren bila? Labore integraletara, lekale, fruitu lehor eta hosto berdeko berduretara batez ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.