Gidaren muturrak

Osasun arloko langileek DSM gida erabiltzen dute buruko gaitzak diagnostikatzeko eta artatzeko, baina eskuliburu kritikatua ere bada. Farmazia industriarekiko interes gatazkak dituela azaleratu du ikerketa batek.

(ID_17066296707245) (/EZEZAGUNA)
BERRIAKO DISEINU TALDEA
amaia igartua aristondo
2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Erreferentziazkoa bezain polemikoa da, eta ezaguna, baita osasun profesionalengandik harago ere: buruko nahasmenduak zerrendatu eta xeheki deskribatzen ditu DSM Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders gidak (Buruko Nahasmenduen Diagnostikorako eta Estatistiketarako Eskuliburua), APA AEBetako Psikiatria Erakundeak taxutzen du, eta diagnostikorako heldulekuak ematen dizkie osagileei. Era berean, ordea, begitan hartua dute zenbaitek: esate baterako, APAk 1972. urtera arte jo zuelako nahasmendutzat homosexualitatea, eta berriki arte transexualitatea, 2013an argitaratu zuten DSM-5ean zerrendatik ezabatu zuen arte —genero disforia ipini zuten haren ordez—; era berean, gidaren genero eta etnia aurreiritziak nabarmendu izan dituzte, eta psikiatrizazioaren makulutzat daukate aktibistek.

Egotzi izan zaizkio, orobat, interes gatazkak, eta akusazioa berriki egiaztatu du AEBetako eta Erresuma Batuko ikerlari talde batek, British Medical Journal aldizkari zientifiko prestigiotsuan argitaratutako azterketa batean: gidaren azken berrikuspenean parte hartu zuten medikuak ikertu dituzte —DSM-5-TR 2022an publikatu zuten—, eta ikusi dute horietako askok dirua jaso dutela farmazia industriaren partetik; 13 milioi euro, guztira. Ikerlarien irudiko, galarazi egin beharko litzaieke gidaren inguruan erabakirik hartzea interes gatazkak dituzten profesionalei, batik bat gidak AEBetan duen esangurari erreparatuta: «Eskuliburua funtsezkoa da droga psikiatriko berriak onartzeko eta patentearen esklusibotasuna luzatzeko, eta industriaren esku hartzeak eragin sakona izan dezake osasun publikoan —adibidez, erabakitzerakoan zein medikamentu preskribatu eta barne hartuko dituen segurantzak—», argudiatu dute txostenean.

Bigarren Mundu Gerra izan zen gidaren ernamuina. Naiara Ozamiz Etxebarria EHUko ikerlariak bere tesian azaldu duenez (Nortasun nahastea duten pazienteen ebaluazio tresnen itzulpena eta aplikazioa, 2013), gatazkak iraun zuen urteetan (1939-1945), AEBetako psikiatra batzuek soldaduak artatu zituzten, eta, ondoren, tratamendu horietatik ikasitakoak aplikatzen hasi ziren hango klinika eta ospitale askotan. 1949an, ICD International Classification of Diseases (Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena) gidaren berrikuspena argitaratu zuten —seigarren edizioa—: OME Osasunaren Mundu Agentziaren irizpideen arabera dauden giza patologia guztiak biltzen ditu eskuliburu horrek, eta buruko gaixotasunen atala gehitu zuten berrikuspen hartan. 1952an, DSM-I ondu zuen APAk, gidaren aurreneko edizioa, ICDren aldaera gisa. «Eskuliburu hark erabilera klinikorako kategoria mentalak sortu zituen», Ozamizen arabera.

«DSM gida bat baino ez da, osasun arloko profesionalek erabiltzen duguna jakiteko zein diagnostiko eremutan mugitzen garen, eta modu batera edo bestera heldu ahal izateko patologiari»

MARIA LUSARRETABizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko idazkariordea

Gaur-gaurkoz, DSM gida oinarrizkoa da AEBetan. Baina zein da egoera hemen? Maria Lusarreta Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko idazkariordearen arabera, gida Europan ere erabiltzen den arren, erabiliagoa da ICD gida —gaur egun, 11. edizioa dago indarrean—. «Helburu desberdinak dituzte», esplikatu du Lusarretak. «Biak dira nazioarteko sailkapen sistemak, baina ICD orientagarriagoa da, nahasmenduaren erregistro eta ezaugarri batzuen analisia egiten du, eta DSM gidak izaera normatiboagoa du, eta zorrotzago deskribatzen ditu nahasmenduaren ezaugarriak eta diagnostiko irizpideak».

Hori horrela, British Medical Journal-en publikatutako ikerketak eraginik izango al du Euskal Herriko profesionalengan? Baldintzatuko al du eskuliburuaz egiten duten erabilera? Lusarretak ezetz uste du. «Azken batean, gida bat baino ez da, osasun arloko profesionalek erabiltzen duguna jakiteko zein diagnostiko eremutan mugitzen garen, eta modu batera edo bestera heldu ahal izateko patologiari». Nolanahi ere, esan du interes gatazkak orokorrak direla medikuntzan, «profesionalaren araberakoak», eta antzeman ohi dituela bere jardueran. «Segun zer garaitan, igartzen da zein farmazia enpresa ari den presio handiagoa eragiten: garai batzuetan, antsiolitiko jakin bat errezetatzen baita, beste garai batean beste bat, edo antidepresibo konkretu bat errezetatzen dute batez ere... Kuriosoa da».

Informazio xehea

Lusarretak bi gidak erabiltzen ditu, haren lankideek ere bai, eta uste du biak erabiltzea dela egokiena, bai ICD, bai DSM. «DSM gidak laguntzen dizu argitzen zer gerta dakiokeen pertsona bati, zehatzago diagnostikatzen, eta psikoterapia ezartzen». Azaldu duenez, pazienteak esaten duenaren arabera, sintoma batzuk identifikatzen dituzte, eta sailkatuz joaten dira, gidetan oinarrituta. «Baina, batzuetan, diagnostikoek abizenak ere badituzte». Hau da, paziente berak hainbat nahasmendurekin bat egiten duten sintomak eduki ditzake. «Diagnostiko nagusia nabarmentzen dugu, baina guztiak ipintzen ditugu. Agian, diagnostiko nagusia nahasmendu obsesibo-konpultsiboa da, eta sintometako bat, elikadura jarreraren nahasmendua. Eta trauma osteko estresak eragin dezake edo nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, edo nahasmendu disoziatiboa, gertatu denaren arabera».

«DSM gidaren edizio bakoitzean, gero eta nahasmendu gehiago daude, urteekin ugaritu egiten dira. Gero eta jarrera gehiago patologizatzen dituzte, eta gero eta medikazio gehiago dago; hazkundea esponentziala da»

LAILA Zoroa kolektiboko kidea

Alabaina, DSM gidak kale egiten du abizen horiek identifikatzerakoan, psikologoaren berbei erreparatuta. «Gaixotasun fisiko batekin alderatuta, buruko nahasmendua oso indibidualizatuta dago. Diagnostikoa DSM gidarekin osatzen badugu, agian pazienteak ez ditu gidak ezartzen dituen bost sintomak, soilik hiru. Eta, batzuetan, diagnostiko nagusitzat jo duguna ez da hala, nahastu egin gara, eta agian benetako diagnostikoa abizena da». Hori horrela, zorroztasuna orobat da indargune eta ahulgune, Lusarretaren berbei erreparatuta. «DSM hain espezifikoa denez, batzuetan ez gatoz bat, ez dituelako abizenak kontuan hartzen; ICDrekin, aldiz, errazagoa da».

Aktibismoaren jopuntuetako bat da, halaber, zorroztasuna, eta gida deitoratzeko arrazoietako bat; deskribapenak zenbat eta xeheago, nahasmenduak zenbat eta sailkatuago, orduan eta jarrera gehiagori adjudikatuko zaie diagnostiko bat. «DSM gidaren edizio bakoitzean gero eta nahasmendu gehiago daude, urteekin ugaritu egiten dira», nabarmendu du Zoroa kolektiboko kide Lailak —ezizena da—. «Gero eta jarrera gehiago patologizatzen dituzte, eta gero eta medikazio gehiago dago; hazkundea esponentziala da». DSM gidak bost edizio kaleratu ditu, baita edizioen berrikusketak ere, baina, oro har, nahasmenduen zerrendak puztera jo du: aurreneko eskuliburuan (DSM-I), 106 nahasmendu ezarri zituzten; DSM-5ean (2013), 216 ziren.

Produkziorako tresna

Nolanahi ere, DSM gida txatal bat baino ez da. Zoroa kolektiboko kide Heikok sistema osoari erreparatu dio. «Azkenean, zertarako behar ditugu psikiatria eta psikologia?», galdetu du, eta jarraian erantzun: haren eta Lailaren iritziz, bi diziplina horiek beharginak bezatzeko tresnak dira, ez besterik. Heiko: «Zuk lan egin behar duzu. Oso nekatuta bazaude, edo zure nagusiak aparteko lanorduak egiteko eskatzen badizu, hartu pilula bat, edo bestela joan terapiara. Zeren sindikatura, zertarako joan? Psikiatriak eta psikologiak despolitizatu egiten dute». Sistema kapitalistara estuki lotutako diziplinak dira, Heikoren irudiko, eta DSM harreman horren isla da. «Gu sistemara moldatzeko baino ez du balio».

«Zuk lan egin behar duzu. Oso nekatuta bazaude, edo zure nagusiak aparteko lanorduak egiteko eskatzen badizu, hartu pilula bat, edo bestela joan terapiara. Zeren sindikatura, zertarako joan? Psikiatriak eta psikologiak despolitizatu egiten dute»

HEIKO Zoroa kolektiboko kidea

Diagnostikoa baliatzen da horretarako, Lailaren arabera. «Arau sozial batetik urruntzen bazara, diagnostiko bat jasoko duzu». Alegia, «zigor» gisa funtzionatzen du, haren esanetan. «Eta arau sozialetatik urrun zaitezke produktiboa ez izateagatik, gorputza ez jartzeagatik kapitalaren menpe, edo gizonaren menpe... Amatasuna ere beste ardatz bat da: segun zer diagnostiko jasotzen duten, emakumeak batzuetan antzutu egiten dituzte, ez dute ama izateko aukerarik». Eta ondoeza arazo pribatu bilakatzea da beste giltzetako bat, nabarmendu duenez. «Erantzun indibiduala ematen zaio arazo sozial bati». Izan ere, DSM gidak izen bat edo batzuk ezartzen ditu sintoma batzuetan oinarrituta; alegia, biologikotzat jotzen diren manifestazio batzuetan oinarrituta. «Baina arrazoiak beti dira sozialak», azpimarratu du Heikok. «Garunean ez dago ezer, ez da ezer ere gertatzen; urteak eta urteak eman dituzte ikertzen, baina oraindik ez dute ezer ikusi».

Interes gatazkak azaleratu dira, ostera ere. «Pentsatu behar dugu zenbat diru dagoen horren denaren atzean», hausnartu du Heikok. Batetik, interes zuzenak daude, esplikatu duenez: «Farmazia enpresek eta profesionalek diru gehiago lor dezaten balio du, terapia eta zentro gehiago edukitzeko...». Bestetik, «etekin ez hain zuzenak» daude. «Emakume gehienek pilulak hartzen dituzte sistema mantendu ahal izateko: hau da, lan egiteko, eta gero euren etxeetan ere lan egiten jarraitzeko, debalde. Interes ekonomikoa dago hor».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.