Miren Narbaiza. Musikaria

«Geure sinpletasunean noraino hel gaitezkeen ikusi nahi dugu»

Napoka Iria bikoteak bost urte daramatza kontzertuak ematen, eta gaur grabatuko du lehen diskoa, zuzenean. Aski dira bi gitarra eta ahots indartsu bat areto oso bat betetzeko. Isiltasuna eskatzen dute.

DAVID ZABALA LR.
Edu Lartzanguren.
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986) Napoka Iria taldearen erdia da. Ander Mujikarekin batera, bost urte daramatza «grunge akustiko» gisa definitu izan duten musika egiten agertokietan. Ahots indartsu eta gitarra soilekin, espazio oso bat betetzeko eta entzuleak soinu mendian gora eta behera eramateko gauza dira. Bost urteren buruan lehen diskoa grabatuko dute gaur, 19:00etan, Bergarako Zabalotegi aretoan (Gipuzkoa), zuzenean.

Bost urte behar izan dituzue lehen diskoa grabatzeko. Perfekziozalekeria edo alfertasuna?

Bi gara, eta bietako bat beti izan da kanpoan, ikasten-edo. Horrek atzeratu du dena. Halere, ez dugu inoiz galdu nahi izan proiektua. Kantuak egiten joan gara, baina presarik gabe. Azkenean, kantuak eduki bai, baina sekula ere ez denborarik estudioan grabatzen jartzeko.

Oraingoan ere, estudioa baztertu eta zuzenean grabatzea aukeratu duzue. Zergatik?

Estudioan maketak-eta grabatu ditugunean ere, aldi berean jo dugu dena; hau da, ez dugu alde batetik grabatu ahotsa eta gero gitarra. Hainbeste zuzeneko ematen ditugunez, pentsatu genuen: zergatik ez gonbidatu jendea grabaketa ikustera. Zabalotegi aretoak akustika ona duela ikusi genuen, eta soilik ehun eta gutxi pertsona sartzen direnez, giro gozoa izango zela pentsatu genuen.

Zertan bereiziko da kontzertu arrunt batetik?

Entzungailuak izango ditugu belarrietan, eta kantaren bat desastre ateratzen bada, berriz joko dugu. Zortzi kanta grabatu nahi ditugu, gureak berez luze samarrak direlako. Bertsio batzuk sartuko ditugu, baita kantu berriak ere. Zuzenekoa, beraz, baina ondo egina nahi dugu.

Hainbeste zuzeneko jo ondoren, ondo ikasita edukiko duzue entzuleen arreta zeuenganatzen eta estu lotzen.

Bi gara, eta ez dugu bateriarik, distortsiorik edo bestelako zaratarik. Horrek eskatzen du entzuleak isilik egotea. Eta gehienetan isilik egoten dira.

Kanta berriak egongo direla diozu. Inoiz jendaurrean jo gabekoak?

Grabatuko ditugun zortzitik bost berriak izango dira. Gure kanta batzuk kanpoan geratuko dira, noski. Aurreko astean bat sortu genuen, eta hori diskora doa.

Izan al duzue inoiz taldea zabaltzeko tentaziorik, perkusioa sartzeko, adibidez?

Ez dugu hori egiteko asmorik. Deigarria suertatzen zaio jendeari bi bakarrik ikustea, baina Napoka Napoka da. Geure sinpletasunean noraino hel gaitezkeen ikusi nahi dugu, ez dugu orkestra filarmonikorik behar. Geure buruaz baliatzen gara, eta ondo horrela. Hori bai, kolaborazioak-eta askotan.

«Grunge akustikoa» egiten duzuela dio batek baino gehiagok. Zer deritzozu horri?

Etiketetan galdu egiten naiz. Dark folk egiten dugula ere entzun dut. Jendeak Seattleko taldeen akustikoekin lotzen gaitu, eta guri ere gustatzen zaizkigu. Halere, gure estiloaz edo etiketaz ez daukat ideiarik ere.

Diskoaren ondoren, zer?

Sekulako gogoa dugu diskoa ateratzeko, batez ere jo eta aurrera egiteko. Ikusiko dugu norekin ateratzen dugun, ez dugu lotu oraindik. Martxora arte geldi egongo gara, diskoa atera arte, eta gero hasiko gara kontzertuak ematen. Bada garaia apur bat gelditzeko. Diskorik ez dugu egin orain arte, baina kontzertuak, laospera!, zenbat kontzertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.