Asteburuko proposamenak

Getxo Live: etxeko musika

Herriko musikariei oholtza bat eskaintzeko eta babesa emateko asmoz, Getxo Live jaialdia antolatu dute asteburu honetarako. Guztira, bederatzi taldek hartuko dute parte; egun bakoitzeko hiruk.

Las Gildas taldea, artxiboko irudian. GETXO LIVE
Las Gildas taldea, artxiboko irudian. GETXO LIVE
Iratxe Muxika
2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Getxotarrek (Bizkaia) proposamen berri bat prestatu dute asteburu honetarako: Getxo Live. Hiru eguneko ospakizuna da, eta herriko bederatzi musika taldek hartuko dute parte lehendabiziko aldi honetan. Muxikebarri zentroan izanen da jaialdia, eta inguruko musikariek erakusleiho bat izan dezaten sortu dute asteburuko oholtza; musikari berriei aukera berriak eskaintzeko, bertzeak bertze. Musika estilo anitz adituko dira Getxoko erdigunean: popa, rocka, rapa, soula, funkya, ska... Hortaz, publikoa ere zabala izanen dela aurreikusi dute antolatzaileek. 

Musikarien kontzertuak hiru egunetan banatu dituzte, ortziral arratsean hasi eta igandera bitartean. Ortziralean, Vitersweet abeslari eta konpositoreak estreinatuko du oholtza, soul eta rhythm and blues musika estiloko abestiekin. Bertzeak bertze, Granate diskoko kantuak joko ditu. Jarraian, Txerri Ugerrak taldea arituko da rapean, hardcorearekin uztartuta. Azken ordura ailegatuta, Skimales taldeak hartuko du lekukoa, rock musikarekin eta umorezko kantu-hitzekin. 

Larunbatean bertze hiru talde igoko dira Muxikebarriko oholtzara; lehena, Las Gildas. Dibertsiorako ikuskizuna da, dantzatzekoa eta mugitzekoa izanen delako, batik bat. Haien gibeletik, Mississippi Queen & The Wet Dogs, musika beltzaren eta hark bideratutako errepertorioarekin. Alegia, gutxi gorabehera, lau estilotan arituko dira:  funkya, bluesa, rocka eta soula. Haien kantu klasikoak jotzen arituko dira, baina azken diskoaren aurkezpen txiki bat ere eginen dute: Phoenix. Eguna bukatzeko, Bizkaiko eszena musikalean erreferentziazko rock and roll taldeetako baten txanda izanen da: Los Brazos. Hirukoteak lau disko ditu argitaratuak, eta hainbat estilo nahastuta sortu dituzte abestiak: blues elektrikoa, southern-rock, boogie woogie, country rock eta rockabilly. 

Azken errematea igandeko hiru taldeek emanen dute, eta espresuki jarri dituzte igandean, «familia planean» aditzeko musika delako. Rock & Kids taldea hasiko da kantuan; gazteentzako bertsioak egiten ditu rockaren abesti klasikoetatik abiatuta. Jarraian, jaialdiaren azken-aurreko emanaldia eginen du German Jauregik. Musikari gazteak akustikoan kantatuko du, gitarra batekin. Hura bukatutakoan, ska eta jamaikar giroan itxiko da egitasmoa, Akatz taldeak hala girotuta. Dena dela, jazza, swinga eta musika latindarra ere joko dute. 

DJ Lady Grumpy

Asteburu osoko jaialdiak askotariko musika estiloz gozatzeko aukera eskainiko badu ere, hiru egun horietan izanen dute norbait finkoa oholtzan: DJ Lady Grumpy. Kontzertuak hasi aitzinetik, bukatu ondotik eta kontzertu artean arituko da jotzen. Lady Grumpyk garai eta artista mota anitzetako musika jarri ohi du emanaldietan, baina badu berezitasun bat: emakumeek sortutako eta abestutako musika jartzen duela soilik. Horrexegatik pentsatu dute, hain zuzen ere, Getxo Live egitasmora gonbidatzea.

Jaialdira joateko bi sarrera mota jarriko dituzte salgai: egunekoak eta asteburu osokoak. Eguneko abonua bost euroan izanen da, eta, asteburukoa, berriz, hamabi euroan; online bidez eros daitezke. Ortziraleko eta larunbateko kontzertuak 20:00etan hasiko dira; igandekoak, ordea, 18:00etan. Arrigunaga gelan izanen dira bederatzi kontzertuak. 

Getxo Live egitasmoa inguruko musikariei ahotsa emateko sortu zuten; joan den urtean, erraterako, antzeko egitarau bat egin zuten, eta herriko merkataritza eta ostalaritza lokaletan egin zituzten kontzertuak. Aurten, baina, jaialdia handitu nahi izan dute, forma aldetik behintzat. Getxo Kultura arduratu da egitasmoa sortzeaz, eta bertako kideek adierazi dute herriko musikari «babesa» emateko modu bat dela Getxo Live; musikariei oholtzak eskaintzearekin batera, bertako musika aditzeko aukera ematen duena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.