Plaza giro

Getxo, kulturen topagune

Kontzertu nagusiak eskaintzeaz gain, Nazioarteko Folk jaialdiak etorkinen eta bertokoen arteko harremanak sustatzeko tokia nahi du izan; horretarako hainbat gune daude.

Emakume bat, gune solidarioko saltoki bat ikuskatzen. IKER RINCON.
Getxo
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Getxoko nazioarteko Folk jaialdia, atzerritik etorritako musika taldeen kontzertuak entzuteko toki bat izateaz gain, jatorri askotako jendearen topagune bilakatu da azken urteotan.

Munduko kultura guztiek dute tokia jaialdian, «baita estaturik gabeko nazioenak ere», jakinarazi du Josu Erdozain Algortako Kosmopolis GKEko kideak. Ordainpeko kontzertu nagusiez gain, folk jaialdiak beste hainbat jarduera eskaintzen ditu: elkartasun gunea, munduko eskulangintzaren azoka eta munduko terraza, besteak beste. Azken horretan, nazioarteko jakiak dastatzeko aukera dago, doako kontzertuen musikaz alaiturik. Gune hori Getxoko Etorkinen Plataformak antolatu du, beste hainbat GKErekin batera, eta horren helburua «etorkinen eta bertokoen arteko topagune bat sortzea da, elkarren arteko aurreiritziak apurtzeko pauso bat emateko», azaldu du Erdozainek.

Munduko Terraza gunea Areeta auzoko Xake plazaren ondoko aparkalekuan kokatuta dago, eta bihar arte egongo da zabalik, 18:00etatik aurrera. Bertan Boliviako, Filipinetako, Argentinako eta Libanoko plater eta edari tipikoak dastatu daitezke, besteak beste. Tripa asetzeaz gain, tokira biltzen direnek doako musikaz gozatzeko aukera izango dute.

Ekimen arrakastatsua izaten ari dela aitortu du Erdozainek, «kultura aprobetxatuz, musika eta plater exotikoekin gozatzeko aukera eskaintzen baitu gune honek». Eta ingurua ikustea besterik ez dago, egunero, 18:30erako, gunea erdi beteta egoten baita.

Xake plazan bertan, beste bi gune aurkitu ditzake Areetara doanak: gune solidarioa eta munduko eskulangintzaren azoka. Lehenengoan hainbat elkartek, GKEk eta Bidezko Merkataritzak jarritako hainbat saltoki daude. Bigarrenean, berriz, beste erakustoki ugari aurkitu daitezke, mundu osotik ekarritako hainbat produktu saltzeko, India, Laos edota Thailandiatik ekarritakoak, esaterako. Saltoki horiek ere bihar arte egongo dira zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.

Asteburuan gune horietara jende gehiago bildu ohi dela onartu du Maria Uribe saltzaileetako batek. «Orain arte krisia nabaritu dugu, jendea ikustera hurbiltzen da, baina oso gutxik erosten dute», azaldu du. Hala ere, jaialdiaren azken bi egunetan jende andana espero dutela jakinarazi du, «beti horrela izaten da honelako jaialdietan». Jaialdia asteazkenean hasi bazen ere, egun horretan ez zen mugimendu handirik egon.

Larunbata hurbilduz eta eguraldia hobetuz joan den heinean,jendea, pixkanaka-pixkanaka, tokira bertaratzen hasi da. Arratsalde partean biltzen da jende gehien, ordainpeko zein doako kontzertuen zain, eta behin-behineko saltokietan zer edo zer interesgarririk topa dezaketen esperoan.

Uriberen txokoan, besteak beste, eskuz egindako zilarrezko bitxiak aurkitu daitezke. Zortzi urte daramatza Getxoko Nazioarteko Folk jaialdira joaten, eta urtetik urtera salmentak ondo joan direla jakinarazi du.

Banden desfileak

Kontzertuez eta erakustokiez gain, Getxoko Nazioarteko Folk jaialdian ohikoak bilakatu diren banden desfileak ere ikus daitezke. Aurten, Eskoziako, Galiziako, Senegalgo eta Euskal Herriko zazpi talde arituko dira Areetako kaleak euren doinuekin alaitzen.

Ostegunean hasi ziren kontzertu nagusiak, Mikel Urdangarin eta Cristina Patoren eskutik. Atzo Irlandatik etorritako Kilak eskaini zuen gaueko musika emanaldia. Gaur, berriz, Senegalgo doinuen ordua izango da, Cheikh Lo taldearekin; eta bihar, egun berezia eskainiko dute, Xabier Leteren omenezko kontzertuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.