Herenegun hasi ziren Getariako (Gipuzkoa) Salbatore jaiak, eta etzi amaituko dira. Uztaileko azken-aurreko astean aurkeztu zuten egitaraua, eta festa egunei buruzko azalpena eman: aurrerantzean festak beti abuztuaren 5etik 9ra bitartean ospatuko dituzte, asteburua tokatu ala ez. Aurten, beraz, jaiegun guztiak aste barruan egokitu dira.
Aurtengo ere, ekitaldi sorta zabala antolatu du Getariako Udalak. Horren adibide izan dira astelehena eta asteartea. Astelehenean 11:00etan hasi zuten eguna, paella lehiaketarekin, eta, besteak beste, txupinazoaz, herri bazkariaz, Hamarru elektrotxarangaz eta Joselu Anaiak taldeaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Atzo, aldiz, goizago hasi zuten eguna; 07:00etan atera zuten gaupaseroek argazkia. Horrez gain, Pasai txaranga, Eskuz Binakako 26. Salbatore Pilota Txapelketako finalak, Goxo txaranga eta Ez da kasualitatea bertso saio musikatuak izan ziren, besteak beste.
Gaur, Salbatore bigarrena
Gaur 09:30ean emango diote hasiera egunari, Gazte Alaiak txistularien dianarekin; 11:00etan, X. Patata-tortilla Txapelketa egingo dute; 12:00etan hegaluzea, sagardoa eta garagardoa dastatzeko aukera izango dute, trikitilariekin eta Enbilen Pepitak pandero jotzaileen konpainiarekin; 13:00etan, Patata-tortilla txapelketako epaimahaia bilduko da, eta, horren ondoren, sariak banatuko dituzte; eguerdian, txikiteo animatua izango da, kalez kale; 17:00etan, nasapuntakoak egingo dituzte portuan; 19:00etan, buruhandiek eta UK03 txarangak alaituko dituzte kaleak; 19:30ean, Kuadrillen Arteko II. Sokatira Lehiaketa izango da; hori amaitzean, Davila 1.0 DJaren txanda izango da; 22:00etan emango zaie hasiera frontoiko kontzertuei: Onlifly, Liminal eta Delirium Tremens; eta, eguna borobiltzeko, zenbait DJrekin dantzatzeko aukera izango da: Xaukena Xauk, Davila 2.0 eta Kepix.
Bihar eta etzi izango dira festen azken bi egunak, eta, besteak beste, goitibehera jaitsiera (bihar, 16:00), herri afaria (bihar, 21:00), Kuadrillen Arteko 26. Marmitako Txapelketa (etzi, 10:00) eta Fan&Go taldea (etzi, 23:00) izango dira.
Beste gune bat
Atzo, gune bat estreinatu zuten getariarrek. Festetan lehen aldiz, Balentziaga museoko ataria erabili zuten, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua egiteko. Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Oihana Bartra aritu ziren kantuan, Amaia Agirrek gaiak jarrita. Musikari gisa, Libe Goenaga eta Aner Peritz aritu ziren. Horren ondoren, aukera izan zen Tapia eta Leturiaren taldearen kontzertuaz gozatzeko.
Bihar eta etzi, egitarau oparoa izateaz gain, Karpa Morea, hau da, indarkeria sexistaren aurkako informazio gunea jarriko dute Harritarten eta plazan, Emagin elkarteak kudeatuta.