Gertutasuna ardatz hartuta

Partida lehiatua jokatu dute Kostkas eta Set 11 Catalunya B taldeek Donosti Cup txapelketan. Emaitza alde batera utzita, talde giro bikaina erakutsi dute biek.

Partidako une lehiatuetako bat. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Arratsaldeko hirurak dira, eta bero itogarria egiten du Ordiziako futbol zelaian (Gipuzkoa). Donosti Cup txapelketaren 30 egoitzetako bat da, eta, astelehen arratsalderako, futbolari gaztez betetako autobusak heldu dira. Gurasoak ere agertu dira, eta, harmailetara heldu bezain laster, alde banatara begiratu dute. Ez dago taldeka bereizitako eserlekurik, baina jarraitzaileek segituan aukeratu dute eskaileren zein aldetan jesarri. Halere, bi alboetan izen bera oihukatzen dute. Batean «Aupa, Markel!» diote, eta bestean «Força, Markel!».

Izan ere, Kostkas talde donostiarraren eta Kataluniako Set 11 taldearen arteko partidan bi atezainek izen bera dute. Bata euskalduna da; bestea, berriz, katalana, Calellakoa. Baina haren ama eta familia donostiarrak dira. Ez da kasualitatea. Izan ere, aurtengo Donosti Cup azken urteetako familiarrena izaten ari da.

2019an inoizko partaidetzarik zabalena izan zuen futbol txapelketak. 30 bat herrialdetako 640 taldek parte hartu zuten orduan. Iaz, berriz, COVIDagatik bertan behera geratu zen, eta, aurten, 410 talde ari dira parte hartzen. Euskal Herrikoak dira gehienak, baina Espainia, Katalunia eta Japoniakoak ere badira, besteak beste.

Talde gutxiago eta gehienak gertuagokoak izanagatik ere, txapelketak berrikuntzak izan ditu. Lehen aldiz, Donosti Authentics Cup futbol inklusiboko txapelketa antolatu dute, eta, kategoriei dagokienez, unibertsitate taldeen bi maila estreinatu dituzte: gizonezkoena bata, eta emakumezkoena bestea.

Asteburuan beteranoen txanda izan zen, eta astelehenean ekin zioten gazteenek. Larunbatera arte 1.500 partida inguru jokatuko dituzte, eta guztiek larunbateko finaletara heltzea dute helburu. Set 11 Kataluniako taldeko Markel Villegasek asmo horrekin ekin dio lehiaketari: «Garrantzitsuena ondo pasatzea da. Baina irabazten badugu, hobe». Bide onetik abiatu dira, lehen partidan Kostkas taldea garaituta. Gipuzkoarrek, ordea, badakite zer den txapelketa irabaztea, sei aldiz altxa baitute Donosti Cup txapelketako garaikurra. Aurten «zaila» dutela jakinagatik ere, finalera heltzea gustatuko litzaioke Danel Cubero Kostkaseko jokalariari.

Asteleheneko goizeko hamarretan Nafarroa iparraldeko eta Gipuzkoako zelai ugaritan une berean egin zioten putz epaileek txilibituari. Ordiziako berdegunean, aldiz, ez zen txistu hotsik entzun ordu horretan. Añorga eta Urnietaren arteko partida bertan behera geratu baitzen.

Txapelketan emakumezko 80 talde ziren parte hartzekoak, baina, azken unean, Urnietak ezin izan zuen taldea sortzeko adina jokalari bildu. Cubero donostiarraren ustez, zenbait neskari «askotariko arrazoiengatik beldurra-edo ematen die» futbolean hasteak, baina hark animatu egin ditu, talde batean izen eman eta joka dezaten. Gizonezko 330 taldeen aurrean, emakumezkoen 80ak ez dira asko, baina «egoera hobera egiten ari da», Villegas jokalariaren ustez, nahiz eta «tarteka oraindik errespetu faltaren bat ikusten den».

Talde giroa eta errespetua

15 urteko mutilen kategorian, ez dute jokalari faltarik. Kostkas eta Set 11 Catalunya taldeen arteko partidan, zelaia eta aulkiak jokalariz beteta daude. Ez, ordea, harmailak. Horren falta sumatu du Cubero jokalari gazteak: «Lehiaketan parte hartu dudan beste urte batzuetan, ikusle gehiago egoten ziren».

Villegasek lehen aldia du txapelketan, eta «nolabait, amets bat» dela dio, Donostiako familiak askotan hitz egin baitzion txapelketaren inguruan. Taldeko giroarekin oso gustura dago, eta gainontzeko jokalariekin ere harreman ona eraikiko dutela uste du.

Guraso batzuen eta entrenatzaileen haserre orroak gorabehera, futbolari gazteek jarrera eredugarria erakutsi dute partidan. Elkar animatuz aritu dira, eta bukaeran liskarraldi bat izan arren, segituan konpondu dute. Danel Cuberok adierazi moduan, «haserrealdiak izaten ditugu, baina partida amaitu orduko guztia konpontzen dugu». Taldekideen arteko besarkadarekin hasi da neurketa, eta lehiakideek emandako bostekoarekin amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.