Gertu egoteko antolatutako jaia

Armentia Ikastolako arduradunek izan dute aurtengo Araba Euskaraz antolatzeko ardura, eta jaialdiaren balorazio «positiboa» egin dute. Horrez gain, esan dute helburu nagusietako bat ere lortu dutela: hiritarrengandik gertu egotea. Etekinekin, beka sistema bat jarriko dute martxan.

Ekitaldi nagusia. Irekiera ofizialeko ekitaldian, haurrak ere protagonosta izan ziren. ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ez zen izan gure komunitateko jai bat, ez zen izan ikastolako jai bat. Ikusten zen bestelako gasteiztarrak ere hurbildu zirela. Alde horretatik, balorazio positiboa egiten dugu», esan du Agurne Barruso Gasteizko Armentia Ikastolako zuzendariak. Izan ere, Armentia Ikastolak izan du aurtengo Araba Euskaraz antolatzeko ardura; Gertu lelopean ospatu zen, igandean. Bigarrengoz antolatu dute Arabako ikastolen jaia; azkena duela hamahiru urte izan zen, 2006. urtean, Barruan daramagu lelopean. Orduz geroztik, lanean aritu dira ikastolako irakasleak, ikasleak, gurasoak eta komunitatea osatzen duten guztiak.

Milaka ikastolazale batu ziren Armentia inguruan ezarritako lau guneetan. Boluntarioak ere lanerako prest agertu ziren. Eguzkia lagun, bertaratutakoek izan zuten antolatutako ekintzez gozatzeko aukera. Aurtengo leloak dioen eran, antolatzaileek gertu egotea zuten helburu, «Gasteiztik eta gasteiztarrengandik hurbil». Lortutako etekinekin, berriz, beka sistema bat jartzeko asmoa dute «baliabide ekonomiko urriak» dituzten familientzat. Horrez gain, helburu dute ikastolako hezkuntza proiektua ere indartzea.

Goizeko hamarretan hasi zen jaia, irekiera ofizialaren ekitaldiarekin. Bertan izan ziren, besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkidea. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Xabier Arrieta Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakaria ere bertan egon ziren. Kidam magoa izan zuten ekitaldian bidelagun; hark egindako galderei erantzun zieten ordezkariek. Horrez gain, hezkuntzan dauden erronka nagusietako batzuk izan zituzten gogoan. Esate baterako, Uriartek «digitalizazioa» eta «gizartearen etengabeko eraldaketa» izan zituen aipagai.

Ekitaldi nagusia amaitu ostean hasi zen festa. «Ez genuen indarrik jarri zenbat jende zegoen jakiteko, baina badakigu jende asko ibili zela guneetan», esan du ikastolako zuzendariak. Haren esanetan, lehen orduetan jende gutxi ibili arren, eguerdirako bertaratu zen jendea, eta guneak bete egin ziren. Horrez gain, gaineratu du joan zirenak «modu orekatu» batean banatu zirela guneetan; izan ere, hori zen helburuetako bat. Hain zuzen ere, saiatu ziren gune bakoitzeko egitaraua hainbat adin tarteko herritarrentzat izatea.

Guztira, lau gune ezarri zituzten, eta horietako bakoitzean ekintza ugari antolatu zituzten. Ikastola, Prado, Mineral eta Armentia izan ziren gune nagusiak. Lau gune horietan banatutako ibilbidean musika emanaldiak, jolasak, tailerrak edota mundu osoko hainbat jaki dastatzeko aukera egon zen. Hala, programazioan atzerapenen bat edo beste egonda ere, egitarauaren %99 bete zela esan du. Gainera, zuzendariak nabarmendu du ez zela ezbeharrik gertatu jaialdiarekin lotutako gertakariei dagokienez.

Helburua lortzeko nahia

Bertaratu zirenez gain, egun osoan lanean aritu ziren boluntarioak ere gogoan izan ditu zuzendariak. Oraindik orain datu kuantitatiborik ez izan arren, adierazi du ikastolako guraso eta langileek «sekulako» lana egin zutela, baita Arabako beste ikastola batzuetatik etorritako kideek ere. Gogoan izan ditu Aguraingo Lautada eta Amurrioko Aresketa Ikastolak, esaterako. Gainera, azken horrek hartu du datorren urteko Araba Euskaraz antolatzeko lekukoa. «Boluntarioek egindako lana azpimarratzekoa da; jendeak oso jarrera ona izan du», gaineratu du Barrusok.

Horrez gain, bertaratu zirenei ere eskerrak eman dizkie. Guneak «uste baino garbiago» topatu dituzte; izan ere, atzo goizerako zuten antolatuta auzolana, ikasleekin batera, Armentia inguruak eta lau guneetan pilatutako zaborrak jasotzeko. Goizerako aurreikusita zituzten lanak, ordea, ez ziren horrenbestekoak izan. «Eskertzekoa da jendeak jarrera kontzientea eta aktiboa izatea naturarekin; errespetuz zaindu dute».

Araba Euskaraz jaiak Gertu zuen aurtengo lelo nagusia. Eta helburua ere, hitzak dioen eran, berbera zen: Gasteiztik eta gasteiztarrengandik gertu egotea, baita hiriko gizarte eragileekin elkarlanean aritzea ere. Antolatzaileek jakinarazi dute helburua lortu zutela. «Norbanako eta familiez gain, hainbat kolektibo ere hurbildu ziren», esan du ikastolako zuzendariak. Eta zehaztu du orain elkarlanean sakondu eta harremanak sendotzea dela eman beharreko hurrengo pausoetako bat.

Gerturatzeko helburu horrekin, urte osoan hainbat kolektiborekin harremanak izaten saiatu dira ikastolako kideak. «Jaialdiaren egitarauko ekitaldi batzuk elkarlanean antolatzen saiatu gara, antolatzaile eta kontsumitzaile banaketa egon ez dadin», azaldu du zuzendariak. Horretarako, zenbait ekintza antolatu dituzte, hainbat herrialdetako kideekin batera. Esate baterako, eguneko protagonistetako batzuk izan ziren munduko musikak eta jakiak: Bolivia, Kolonbia, Brasil eta Sahara izan ziren herrialdeetako batzuk. Barrusok esan duenez , «oso pozik» daude.

Bildutako dirua, berriz, beka sistema bat martxan jartzeko erabiliko dute. «Jaialdian lortutako dirua beka sistema bat abiatzeko erabiliko dugu; horrekin jarraitzea da asmoa, ikastolak dirua jarrita», azaldu du zuzendariak. Hau da, gerora ere jaialdiko dirurik edukiko ez balute ere, ikastolak berak dirua jarriko luke beka sistemarekin jarraitzeko. Azaldu du beka sistema hori «baliabide ekonomiko urriak» dituzten familientzat dela. Halere, adierazi du batik bat kanpotik etorritako familiek behar handiagoa izango dutela: «Hezkuntzan dagoen desoreka oso lotuta dago jatorriarekin, baina baita familien indize sozioekonomikoarekin ere». Beraz, ikastolako kideek azaldu dute egoera horri heltzeko asmoa dutela, «denentzat» izango den beka sistema aldarri dutela.

Horrez gain, badute hezkuntza proiektua indartzeko asmoa ere. Duela bi urte ekin zioten proiektu pedagogiko berri bati, eta hori finkatzeko lanean dabiltza ikastolako kideak. Horretarako, Barrusok esan du lortutako etekinetatik dirurik geldituko balitz, eta beka sistema oinarri nagusiena izanda, etekinak proiektua finkatzera bideratuko dituztela. Halere, gogoan izan du nolakoa den errealitatea: «Ikusi egin beharko da zeintzuk diren emaitzak; egia da, ordea, Araba Euskaraz, jai indartsua bada ere, txikia dela, eta etekinak ez direla horrenbestekoak». Emaitzak eskuratutakoan, ikusi egin beharko da zeintzuk diren eginbeharrak. Bien bitartean, lanean jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.