Gertu dauden seinale

Sanferminetako entzierroko hesiak jarri dituzte Santo Domingo aldapan, eta hasi da nabaritzen giroa Iruñeko Alde Zaharrean; hilabete bat baino ez da falta festa lehertzeko.

Sanferminak bukatu bezain pronto kenduko dituzte entzierroko hesiak, uztailaren 14an. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Hasi da Iruñeko Alde Zaharra sanferminetako itxura hartzen. 34 egun falta dira, baina dagoeneko sumatzen da jaiak gertu daudela. Ate-joka daude sanferminak, eta atzo hasi ziren paratzen entzierroko ibilbidea ixten duten hesien lehen zatiak. Urtero bezala, Garesko Aldaz Anaiak zurgindegiko langileak ari dira horretan, eta dagoeneko Santo Domingo aldapako tartea egin dute. Uztailaren 5era arte arituko dira entzierroa prestatzen.

Urteroko kontua da zurgindegiko langileentzat entzierroko hesia jartzea. Denera, ibilbide osoan 900 zutoin eta 2.700 oholtza jarriko dituzte. Iñigo Aldaz da Garesko Aldaz Anaiak zurgindegiko langileetariko bat, eta hilabete osoa emanen du lanean. Zurgindegiak 23 urte daramatza sanferminetan zutoinak jartzen, eta urte horietan guztietan parte hartu du Aldazek: «Betikoa da; garai honetan beti egiten dugun lana. Ohituta gaude». Aitortu du ez dela lan zaila baina zur pieza bakoitzak bere lekua duela.

Haientzat eguneroko lana da, baina iruindar askorentzat eta turistentzat ere jaien «sinboloa» da. Festak gertu dauden seinale. Aukeratu dute iruindarrek jaiak iragarriko dituen kartela, jarri du Caritasek urtero jartzen duen tonbola, eta jantzi dira Alde Zaharreko dendetako erakusleihoak zuri eta gorriz. Lehenengo pausoak eman dituzte sanferminek.

Iruindarrak ikusle

«Eguraldiak laguntzea baino ez da falta sanferminak gertu sentitzeko», esan du Mariano Garciak. Egun hauetan, ikusle asko izaten dituzte zurgindegiko langileek. Garcia bezala paseatzen ari diren iruindarrak, esaterako. Harrituta gelditu da langileak ikustean. «Hain goiz jarriko dituzte? Zertarako?», galdetu du. Hala ere, sanferminzalea da, eta gogoko ditu festak: iruindar peto-petoa da. «Turismoa erakartzeko jarri dituzte hain goiz; bestela, ez dut ulertzen», esan du. Eta egia da, hainbat turista gerturatu dira argazkiak ateratzera. Ez dira egonen sanferminetan, baina, behintzat, oroitzapen bat eramanen dute etxera. Sanferminetako prestakuntza lanak ikusi dituzte.

Bitartean, zurgindegiko hiru langileak kamioitik oholtzak eta zutoinak ateratzen ari dira. Hori izanen da haien lana hilabete osoan, behin eta berriz errepikatuko dutena. Hala ere, hesi bakoitzaren zati finkoak bakarrik jarriko dituzte, hau da, festetako egunetan mugitzen ez direnak. Gainerakoak, hesiaren zati gehienak, egunero jarri eta kenduko dituzte. Lan handia izanen dute: «Goizero, entzierroa hasi baino lehenago jartzen ditugu, eta bukatu bezain pronto gordetzen ditugu; azkar egin behar dugun lana da».

Hiru langile aritzen dira egun hauetan entzierroa prestatzen, baina sanferminetan 70 lagun inguruk lan egiten dute. Urtero jartzen dituzte ohol eta zutoin berberak. «Oso kaltetuak egon arte erabiltzen ditugu; urtero aldatzen dugu baten bat, baina gainerakoak zaharrak dira». Sanferminak iragartzen dituzte entzierroko hesiek, baina baita jaiak bukatu direla ere. Izan ere, sanferminak bukatutakoan kenduko dituzte hesi guztiak, uztailaren 14an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.