Gasteizen ikastolara hasi nintzenean, 6 urte nituen, 1933an». Izen horixe erabili izan zuen beti Andoni Perez Cuadradok (Gasteiz, 1926) haur denborako eskola hura izendatzeko, ikastola. Gaztelaniaz jaso zuten hezkuntza, hala etxean nola ikastolan, eta gaztelaniaz mintzo ziren haurrak. «Pilar Landaburu izan genuen irakasle, La señorita zen guretzat, eta señorita-ka zuzentzen gintzaizkion». Doi, ordukoxea, gerraurrekoa dugu Arabako lehen ikastola. Iragan apirilaren 9an zendu zen Perez Cuadrado, hamalau istorio eta historia golkoan. Lekuko eta jakile makurra izan zen, eta inoiz ez zion utzi, aditu nahi zionaren aurrean, bizian ikusitakoak ezin isilduan kontatzeari.
Espainiar Errepublika
1931, Espainia. Primo de Riveraren diktadura erori da. Bigarren Errepublikaren aroa. Niceto Alcala-Zamoraren gobernuak hamalau berritze abiarazi zituen, eta erreforma zinezkoak, oroz gain, nekazaritzan eta hezkuntzan. Irakaskuntzaz denaz bezainbatean, gizon-emakumeen ongi izatea eta zoriona zituen helburu Espainiako Bigarren Errepublikaren hezkuntzak. Elizaren eta gainerako egituretatik libre behar zuen gizakia, eta hinki-hankarik gabe lotu zitzaion, adibidez, Elizaren kontrako politikari: zibilizazioa, Elizak zabaltzen zituen ezjakintasun eta sineskerien aurka. Bata bestearen ondotik etorri ziren dekretuak: eskoletako ikasgeletan ageri ziren erlijio ikurrak kenarazi zituen espainiar gobernuak, gurtza askatasuna ezarri zuen, estatuaren akonfesionaltasuna aldarrikatu, hilerriak sekulartu, ezkontza zibila eta dibortzioa onartu eta, kate bereko katebegi, Jesusen Lagundia deseginarazi zuen.
1932ko urtarrilaren 23an eman zuen gobernuak araua. «Dekretu hau argitaratzen denetik hamar eguneko epean, Jesusen Lagundiko erlijioso eta nobizioek utzi egingo diote espainiar nazioaren lurraldearen barruko bizitza komunari. Epea burutzen deneko, gobernadore zibilek xedapen hau beteta dagoela jakinaraziko diote gobernuari. Desegindako Lagundiko kideei dagokienez, berriz, aurrerantzean ezin izango dute ageriko edo ezkutuko bizitza komunik egin, ez bildu, ez elkartu, Lagundiaren lehenengo izaerari jarraipena emateko». Dekretuak araudi, Elizak ordu arteko pisuari eutsi zion, hein batean, bederen, Euskal Herrian, eta EAJk, esaterako, Errepublikaren hezkuntza espainol eta laikoaren kontra, Euzko Gaztetxu Batza sortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hezkuntza euskaltzalea eta erlijiosoa hobetsi zuen delako batzaren bitartez.
Zapatari kaleko ikastola
Roman Berriozabalek Aberri Eguna (Gasteiz, 1934) liburuan idatzia duenez, Errepublikaren aldarrikapena baino lehen ere Euskal Eskola bat izan zen Gasteizen. Ikastola izenez ezagutzen zuten. Posta kaleko 48. zenbakiko lehen estaian zuen egoitza, eta, arratsaldero, hantxe ziren hamarren bat ikasle.
1932an, Plaza Berriko batzokira eraman zuten ikastola, eta, 1934an, Lopez de Uraldetarren Zapatari kaleko 75. zenbakira tokiz aldatu zuten. Euzko Gaztetxu Etxea izena eman zioten. Hango ikasle izan zen Andoni Perez Cuadrado zendu berria, eta ikaskide izan zituenen izenak emateko gai zen. Haatik, ez laurogeita gehiago urtean gogoan atxiki zituelako, idatzizko dokumentuaren jabe zelako besterik. Beharrik, 1936an Gasteizko Jesusen Bihotzaren parrokian lehen jaunartzea egin zuten neska-mutikoen oroigarria gorde izan zuen beti, tartean baitzuen Andoni Perez Cuadradok bere anaia Josetxo, bi urte gazteagoa. «Josetxok ikastolako lagunekin egin ahal izan zuen lehen jaunartzea, multzoa osatzeko behar beste zirelako. Nik, aldiz, bi urte lehenago egin nuen jaunartze hura, artean jaunartzea egiteko adinean ginen ikastolako neska-mutikoak, ez ginelako behar beste. Oroigarri hari esker, ikastolako ikasleen zerrenda bat dugu». Eta han dira Abaskal'tar Bernarta, Angulo Salbatierra'tar Eutimi, Angulo Maté'tar Pilipe, Aranjuelo'tar Danele, Arrausi'tar Arazeli, Arrausi'tar Gillelma, Etxebarria'tar Pantzeska, Egino'tar Joseba Koldobika, Galin'tar Jagoba, Lopez'tar Alatzne, Narro Arriola'tar Agurtzane, Otxoa'tar Juli, Perea'tar Pantzeske, Perez Cuadrado'tar Joseba eta Saez Plaza'tar Ane Mirene. Garai hartan sabindarrek ohi zutenez, kakoxdun ageri dira r nahiz l-ak.
Perez Cuadrado baino zaharrago da Peli Fernandez de Romarategi (Gasteiz, 1922), gerraurreko ikastola hartako ikasleetan bizirik irauten duen azkena. Gogoan du Zapatari kaleko ikastola. Lekukotasun bizia du: «Goiz eta arratsalde joaten ginen ikastolara. Lopez de Uraldetarrak jende aberatsa ziren, eta haiek utzi zioten etxe hura ikastolari. Pilar Landaburu izan zen gure andereñoa, oso jatorra, maitagarria. Xabier Landaburu Madrilgo diputatuaren arreba zen. Biak ezagutu nituen. Pilar Landaburuk ez zekien euskaraz, baina liburutto batetik zer edo zer erakusten zigun. Ez dakit liburu hura Xabiertxo ez ote zen». Ixaka Lopez Mendizabalek 1925ean argitaratua Xabiertxo, 1931ko Martin Txilibitu ere izan zitekeen. «Esaldi batzuk, kanta batzuk... horixe zen euskaraz irakatsi ziguna».
Euzko Gaztetxu Batza
Egun osoko eskola eta gero, gaztetxoetara jo ohi zuten ikastolako ikasleek eta harako zaletasuna zutenek. Orain baino lehen, Roman Berriozabalek idatziari jarraikiz beti, ikastolako irakaskuntza bultzatzen eta indartzen zuen Euzko Gaztetxu Batzak eskolaz kanpoko jardueren bitartez. Kantak, antzerkia, dantzak, jolasak, zinema, euskara eskolak, katekesia, jaiotza bizidunak... zernahitarako egokiera zuten neska-mutikoek gaztetxoetan. «Eta jaiotza biziduna eta Gernikara txangoa egin genuela zierto da, argazkiak baititut!», Andoni Perez Cuadrado altxor-kutxak.
Lopez de Uralde familia dirudunak utzitako etxean ikastola, eta, familia hartako alaba Isabel Lopez de Uralde, berriz, batza haren eragile nagusia. Ez luzaro, dena den, 1935ean Berrizko Mesedeetako Misiolari joan baitzen, eta haren lankide Maritxu Alava Sautu —gerraondoko Alava sareko buru Luisen arreba—, eta beste jarraiki baitzitzaizkion lanari. Egiaz eta begiaz, haiexeri zor diegu Arabako lehen ikastola hartako ikasle belaunaldi hura.
Perez Cuadradoren eta Fernandez de Romarategiren bideek bat egin zuten gerra ondoan. Hasteko, erresistentziari lotu zitzaizkion biak, nahiz Fernandez de Romarategi, lau urte zaharrago izaki, lehenago lotu ildo hari, 1946ko ekainaren 19an, Gasteizen gauzatu zuten ekintza bat kausa.
Pax Romana erakundea biltzar handi bat egitekoa zen Salamancan (Espainia), eta, hari lotutako ekitaldien artean, omenaldia eratu zuten arabar hiriburuan Frantzisko de Vitoria pentsalari eta Salamancako unibertsitateko katedradunaren heriotzaren laugarren mendeurrenaren karietara. Aditu, aritu eta maila handieneko pertsona eta pertsonalitateak ziren Gasteiza etortzekoak. Fernandez de Romarategik orduantxe izan zuen Francoren kontrako borroka bataioa. «Andoni Urrestarazu, Iñaki Olano, Martin Kortazar, Blas Quintana, Manuel Garcia de Andoin, Eugenio Saenz Lanas, ni neu... Jende asko ginen, eta ikurrinaz eta panfletoz bete genuen Senda pasealekua, Frantzisko de Vitoriaren monumenturainoko bide oso-osoa». Ondoko egunotan harrapatu zituzten, ordea, eta sartu zituzten giltzaperan. «Eta hantxe ikasi nuen euskaraz, Bakea kaleko kartzelan, inoizko irakaslerik onenarekin: Umandi-rekin [Andoni Urrestarazu]». Urte eta erdiko ikastaroa egiteko aldia izan zuen Peli Fernandez de Romarategik zuloan, Urrestarazurekin eta beste hainbat gasteiztarrekin batera. Perez Cuadrado gaztetxo zen, artean. «Edo haiek ni baino zaharragoak! Ez zidaten hots egin, eta ez nuen sabotaia hartan parte hartu». Ez ordukoan, baina bai, hala ere, ondotik etorri ziren hainbat ekintzatan, hamalau aldiz ere atxilotu baitzuten Perez Cuadrado.
1946ko atxiloaldiari jarraiki zitzaion karena luzearen barruan, handik zazpi urtera jaso baitzuten kondena, ikastolako bi lagunen bideek bat egin zuten berriro. Ordurako iragana zen 1951ko greba orokorra, baina ez, haatik, ondoko errepresioa. 1956koa dateke hitzordua: Peli eta Andoni, Andoni eta Peli, ziega berean Bakea kaleko zuloan. Eta behin eta berriz eta askotan Andoni Perez Cuadradok kontatu ohi zuena: «Ni ziegan, eta Peli ekarri zuten, Poliziaren itaunketa eta gero, hebain-hebain, sekulako lixiba jasota. Esku-bilurrak jantzita zituela sartu zuten ziegara. Biok bakarrik geundela, zer moduz zegoen galdetu nion, min handia ote zuen, eta Pelik 'Ez da ezer, ez da ezer', ahotsa hari, ahul eta mehe. Ez zait hil artean ahaztuko». Eta, zinez eta minez, esana bete zuen Perez Cuadradok.
Hura itzalaz bestaldera berrikitan joana, Fernandez de Romarategi dugu orain bizirik irauten duen azkena. «Baina ez dakit noiz arte. 98 urte dauzkat! Kar, kar...». Barre ttikia beti bere duela Peli.
Egiaz eta begiaz
Gerraurreko ikastola Gasteizen, ikasle ohi bizien doinuan
Hil berri da Gasteizen, 93 urte zituela, Andoni Perez Cuadrado, gerraurrean hiriburuko ikastolako ikasle izana. Hura hilik, Peli Fernandez de Romarategi da orduko euskal eskolaren azken jakilea. Bien oroitzapenen txirikordan, beren andereñoaren irudia: Pilar Landaburu Fernandez de Betoño. Historia bizi ezabatu bat eta, ez gutxitan, ezabarazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu